Hiru kategoriatan banatuko du zerbitzu eraberritua. PlayStation kontsola guztietako 800 bideojoko inguru eskainiko dira.
PlayStationekoek harpidetza zerbitzu digital zaharberritua aurkeztu dute. Orain arteko PlayStation Plus eta PlayStation Now batuta Xbox-en Game Pass antzeko zerbitzua eratuko dute. PS Plus izena mantenduta aukera eta ezaugarri gehiago eskainiko dituzte japoniarrek.
Hori horrela, aspalditik ezagutzen genuen Spartacus proiektua da aurkeztutakoa. Bloomberg agerkariak joan den astean aurreratu zuen PlayStationek orain iragarriko zuela, eta hala izan da. Hiru kategoriatan banatuko dute PlayStation Plus berria, bakoitza bere onurekin eta ezaugarriekin. Hauek dira:
PlayStation Plus Essential
- PlayStation Plusen egungo harpidedunek abantaila berberak jasoko dituzte: hilero bi bideojoko lortzeko aukera, beherapen esklusiboak, hodeian partidak gordetzeko aukera eta sarean multijokalari bidez jokatzea.
- Prezioa: 8,99 euro hilero / 24,99 euro hiruhilabetero / 59,99 euro urtero.
PlayStation Plus Extra
- Essential harpidetzan aipatutako abantaila guztiak.
- PlayStation 5-eko zein PlayStation 4-ko bideojokoez osatutako 400 tituluren bilduma. PlayStation Studios-eko taldeek nahiz beste enpresek eta estudioek sortutako obrak bilduko dituzte. Hauek deskargatuta soilik jokatu ahalko dira; ez da streaming bidezko jokorik egongo.
- Prezioa: 13,99 euro hilero / 39,99 euro hiruhilabetero / 99,99 euro urtero.
PlayStation Plus Premium
- Essential eta Extra harpidetzetako abantaila guztiak.
- PlayStation, PlayStation 2, PSP eta PlayStation 3 kontsoletako 340 bideojokoz osatutako bilduma. PS3-ko tituluen kasuan, hauek streaming bidez gozatu ahalko dira soilik; beste kontsoletako obretara deskargatuta edo hodei bidez jokatzeko aukera egongo da.
- Bideojoko zehatzen aldi baterako probak.
- Prezioa: 16,99 euro hilero / 49,99 euro hiruhilabetero / 119,99 euro urtero.
Extra eta Premium harpidetzetako tituluen bilduman egongo diren jokoetako batzuk aipatu dituzte: Death Stranding, God of War, Marvel’s Spider-Man, Marvel’s Spider-Man: Miles Morales, Mortal Kombat 11 eta Returnal dira, besteak beste, PlayStation Pluseko harpidedunek eskuratuko dituzten lanak. Hodei bidez jokatu ahal diren jokoetara PS5, PS4 eta PC bidez egin ahalko da, orain arte PS Now bidez egin izan den bezalaxe.
Jim Ryan PlayStationeko arduradun nagusiak Gamesindustry-ri eskainitako elkarrizketan aipatzen duenez, PlayStation Studiosekoen titulu berriak ez dituzte lehen egunetik eskaini nahi zerbitzu eraberrituan. "gure estudioekin inbertsioak arrakasta dakarren ziklo aproposean gaudela nabari dugu. Horrek inbertsio are handiagoak dakartza, eta are arrakasta handiagoak. Ziklo hori gustatzen zaigu, baita gure jokalariei ere", dio Ryanek. Ez du uste joko horiek harpidetza bidez eskaintzea bideragarria denik, eta "garatzen dituzten tituluen kalitatean eragina izango lukeela" azpimarratzen du.
Sony-koek ez dute zerbitzuaren eraberritzea burutuko duten data zehatza; hala ere, ekainean egitea aurreikusten dute. PlayStation Now-en egungo harpidedunak Premium harpidetza erabiltzera igaroko dira.
Iruzkinak