Indie eta VR jokoen bilduma eskainiko du Sonyk udaberrirako. PlayStation Studiosen joko ezagunenetako bat oparituko dute apirilean.

Play at Home ekimenarekin pandemia egoeran jokalariak etxean geratzea da PlayStationek bilatzen duen helburua. Hori lortzeko Sonyren kontsolarako hainbat bideo-joko oparitzen dituzte egitasmoaren baitan: martxo hasieran berrabiarazi zuten ekimena apirilaren 1era arte doan eskuratu daitekeen 2016ko Ratchet & Clankekin. Bihartik aurrera beste hamar bideo-joko banatuko dituzte Play at Homen xedea lortzen jarraitzeko asmoz.

Oraingo honetan indie garatzaileen eta errealitate birtualeko jokoetan ardaztu dira. Genero guztietako lanak bildu dituzte jokalariek Play Store bidez eskuratzeko. Hemen doa jokoen zerrenda:

  • Abzu
  • Rez Infinite
  • The Witness
  • Moss
  • Astro Bot: Rescue Mission
  • Paper Beast
  • Thumper
  • Enter the Gungeon
  • Subnautica

Ikus daitekeenez, benetan joko esanguratsuak batu dituzte. Abzu, The Witness, Enter the Gungeon edota Subnautica bezalako lanek kritika zein jokalarien artean arrakasta nabarmena lortu dute, beraz oraindik hauetara jokatzeko aukera izan ez dutenek galdu ezin dituzten lanei buruz hitz egiten ari gara.

Hamar bideo-joko hauek bihar 04:00etatik aurrera hasita apirilaren 23ko 05:00ak arte doan gehitu ahalko dira PlayStationeko jokoen liburutegira.

Dena den, aipatutakoak ez dira Play at Homekin oparituko dituzten bideo-joko bakarrak izango. Apirilaren 20tik maiatzaren 15era arte Guerrila Gamesek garatutako Horizon Zero Dawn: Complete Edition bikaina banatuko dute dohainik.

Are doako joko gehiago ikusiko dituzte jokalariek: Jim Ryan PlayStationeko buruak adierazi zuenez ekainera arte luzatuko dute egitasmoa, beraz are ezusteko gehiago egongo dira.