Please, Wake Up beldurrezko jokoan amesgaiztotik ihes egiten saiatu beharko dira jokalariak

Lander Unzueta | 2020/11/17 11:00 Berriak



Yawn Gameseko garatzaileak beldurrezko obra narratiboa sortzeko lanean ari dira. Beta bertsioan argitaratu dute, eta doan jokatu daiteke oraingoz.

80ko hamarkadako girotzea, kaleko elezaharrak eta sorginak Granadako hirian batuko dituen Please, Wake Up beldurrezko jokoa garatzen ari dira Yawn Gameseko kideak.

Garatzaileak Andaluziako ESADA ikastetxeko bideojokoen diseinurako master amaierako lan bezala hasi ziren obra prestatzen. Alejandro Cuencak, Paula Painceirasek eta Asier Fernandez arrigorriagatarrak eratutako taldeak beldurrezko obra desberdina sortzeko asmoa dauka.

Fernandezen esanetan Please, Wake Upen azaldutako istorioa “modu desberdin batean” kontatzeko asmoa dute. “Beldurrezko bideojokoen esparruan dagoen arren, Please, Wake Upen atal nagusietako bat atal narratiboa da”.

Jokalariek bete beharreko helburu nagusia “Albayzingo sorgina” ezizenagaz ezagutzen den Barbara Jimenezengandik ihes egitea izango da. Sorginari hainbat krimen egozten zaizkio; horien arteann umeen bahiketa eta erailketa. Azken 45 urteak Granadako ospitale psikiatrikoan eman ondoren, sorginak bertatik ihes egitea lortu du. Poliziaren arabera pertsona babesgabea da: 80 urte dauzka, eta gaztetan izandako istripu baten ondorioz hankak galdu zituen.

Beldurra sortzeko lan eginez

Talde txikia izanik, Yawn Gameseko kide bakoitzak era guztietako esparruetan lan egin dutela zehaztu du Fernandezek: “ni neu kontzeptualizazio eta gidoi lanetan aritu naiz batez ere, baina baita jokoan agertzen diren mekaniken diseinuak prestatzen eta soinua edota musika sortzen ere. Soinu banda Please, Wake Upentzat bereziki sortu dut”.

Bideojokoa oraindik garapen prozesuan aurkitzen bada ere, Itch.io bidez doako beta bertsioa argitaratu dute dagoeneko. “Atal zehatz batzuk txukuntzea falta zaigu oraindik, eta horregatik beta bertsioa zabaltzeko erabakia hartu dugu”, dio Fernandezek.

Mekanika batzuk zuzendu, tutorial txikiak gehitu eta interfazearentzako ezaugarri berriak sortu nahi dituzte, baita maila jakin batzuetan bideojokoak duen errendimendua hobetu ere. “Jokalariek emandako erantzuna jaso eta mundu guztiak esperientzia hau %100era gozatu ahal izateko dena prest uzteko ahalegin guztiak egingo ditugu”.

Azken bertsioa “2021eko bigarren lauhilabeterako prest” egotea aurreikusten dute. Hori kaleratzerakoan Please, Wake Up ordainpekoa izango dela azaldu dute, baina prezio murriztua edukitzea nahi dute, “mundu guztiarentzat eskuragarria izateko”. Plataformei dagokienez, momentuz PCrako soilik kaleratzeko asmoa dute Yawn Gamesekoek, baina ez dituzte beste plataformak guztiz baztertu.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

185
Kide

2
Jolasten

16
Online

Azken erantzunak

Jon7 EUSKALDUNA Nov. 9, 2020, 8:55 p.m.

jo ba doakoa da azkenean, epic ean behintzat. Oso txukuna nere ustez, modu desberdinak dauzka baina betiko erlojuaren aurkakoan, zure probintziako ra…
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…