Daitort, ez naiz gailu mugikorretarako bideojokoen oso zalea. Agintearekin edo teklatuarekin jokatu nahi duen horietakoa izan gabe, mugikorrean bateria agortzeko orduoi begira egon ohi naiz. Hori dela eta, jokorik handienak edo itxurosoenak alboratzen ditut. Zorionez, atal grafiko ikusgarririk zein eskatzailerik eskatzen ez duten tituluen zerrenda luzea daukagu Android-en zein iOS-en: horren erakusgarri bikaina da Ojiro Fumoto japoniarrak orain gutxi kaleratutako Poinpy.

Garatzailearen izena ezagutzen ez baduzue ere, ziurrenik bere aurreko lanetako bat ikusiko zenuten: bera da Downwell interesgarriaren sortzailea. Poinpyrekin aurrekoan hasitako mekanikak eta ideiak berreskuratzen ditu, baina bira bat emanda. Oraingoan, behera joan beharrean gora joatea izango da gure helburua, baina bidean hainbat erronka eta betebehar gaindituta.

 

Frutak eta zukuak

Premisa sinplea zein alaia —eta, agian, beldurgarritxoa— da: Poinpy izakiaren rola hartuta bere atzetik doan munstro bat elikatzeko frutak bildu beharko ditugu, ondoren zukua prestatzeko. Munstroak txanda bakoitzean nahi duen zukua sortzeko beharrezko elikagaiak zerrendatuko dizkigu: hasieran, sagar edo okaran bakarra hartzea bakarra izango da, baina zailtasunak gora egin ahala, zenbait platano, limoi edo mahats bildu beharko ditugu. Batzuetan, kontuz ibili beharko gara. Agian, munstroak marrubirik ez duela nahi esango digu; nahi gabe horietako bat hartuz gero, zukua zerotik prestatzen hasi beharko gara.

Gakoa hurrengoa da: lurra ukitzerakoan prestatuko dugu zukua. Hori dela eta, eskatutako frutak bildu gabe ditugula lurreratzen bagara, guztiak galduko ditugu. Hortan datza jokagarritasuna: ukipen kontrolen bidez Poinpy katapultatu egingo dugu mailetatik gora, bidean elikagaiak biltzen ditugun bitartean.

Lehen partidak ez dira oso luzeak izango: fruta gutxi batzuk biltzeko jauzi bakarra erabili ahalko dugu. Partida bukatzerakoan, baina, puntuak lortu eta mailaz igotzeko aukera egongo da: maila bakoitzarekin jauzi gehiago —hamar salto egin ahalko ditugu jarraian— edo medailak erabiltzeko hutsuneak desblokeatuko ditugu. Alde batetik, lurra ukitu gabe jauzi gehiago egiteak airean denbora gehiago egotea ahalbidetuko digu. Bestetik, medailekin —hauek mailetan lortutako haziak erabilita desblokeatuko ditugu— abilezia bereziak eskuratuko ditugu; adibidez, hormaren kontra jotzerakoan inguruko frutak automatikoki biltzea.

 

Aniztasuna nagusi

Mekanika nagusiak aurkeztuta, baina, partidei gatza eta piperra emateko beste hainbat elementurekin topo egingo dugu. Kokalekuetan etsaiak ikusiko ditugu, hasteko: hauen azpitik edo alboetatik joz gero, bihotz bat kenduko digute. Gainera salto eginda, ordea, akatu egingo ditugu, eta Poinpyk airean jarraituko du, jauzi estra bat irabazita. Arerio mota desberdinek patroi eta eraso propioak dituztenez, hauek ezagutzea eta azkar erreakzionatzea ezinbestekoa izango da modu egokian akatzeko.

Etsaiez gain, oztopo eta elementu anitzak ere aurkituko ditugu. Adibidez, landare igokarien kontra talka eginda, horietatik gora igoko gara. Burbuiletan sartuta, berriz, pixkatean atseden hartzeko denbora lortuko dugu, hurrengo saltoa prestatzea erraztuz.

Maila desberdinek arerio eta erronka propioak aurkeztuko dituzte. Kokalekuak banaka desblokeatzen joango gara, baina behin lortuta, ausazkoak izango dira: adibidez, partida batean hirugarren mailatik has gaitezke, eta hori gainditzerakoan lehenengora igaro. Hortaz, jokaldi bakoitza desberdina izango da, eta era guztietako desafioei aurre egiteko prest egon beharko gara.

 

Erabakiak, erabakiak…

Deskribatutako mekanika eta elementu guztiak modu bikainean uztartzen dira Poinpyn. Jokatzen ikasten gabiltzala airean hainbat minutu irauteko bideak aurkituko ditugu: etsaien gainean errebotatzea, hormak modu aproposean erabiltzea edo oztopoez baliatzea dira gakoak. Etengabe ariko gara erabakiak hartzen. Zein da fruta gehien biltzeko biderik aproposena? Nora egingo dut salto etsai horrekin talkarik ez egiteko, baina gora jarraitzeko? Agian ez nuke hazi hori hartu beharko eta zentzudunagoa da aurrera egitea? Medailekin ere gauza berbera gertatzen da: zein da niretzako konbinaziorik erabilgarriena? Ikaragarria da zein azkar lortuko dugun elementu hauek guztiak kudeatzea eta modu bizkorrean erantzutea.

Joko mota nagusiaz gain, puzzleentzako lekua ere badago jokoan. Maila laburrak proposatzen dituzte, baina irtenbide bakarrarekin: agertzen diren fruta guztiak biltzeko mugimendu zehatzak erabili beharko ditugu, salto bakarra erabilita eta medailarik gabe.

Ez da titulu luzea, baina hainbat orduz gozatzeko lan aproposa da. Estetika koloretsua duen arren, Poinpy abentura zaila dela nabarmendu beharra dago. Itxura batean, ahal bezainbeste irautea da helburua, eta horren arabera puntuazio hobea edo eskasagoa lortuko dugu.

Hala ere, bideojokoak bukaera bat dauka, eta horra iristeko maisuak izan beharko gara zukua egiteko artean. Irakurritakoak erakarri bazaitu, dena den, ez izan beldurrik eta anima zaitez jokatzera: jokalari trebea izan ala ez, obra borobila eratu du Fumotok.

Azken finean garrantzitsuena ondo pasatzea izaten da, eta arlo horretan bete-betean asmatzen du Poinpyk. Gatibatu egiten duen lana da: aipatu dudan modura, ez naiz mugikorrean bideojokoetan orduak ematen dituen pertsona, baina Fumotok harrapatu egin nau. “Azken partida, eta ohera”… bai zera! Bukaeraraino heldu nahiko dugu munstroarengandik ihes egiten.

Aurtengo ezusteetako bat da, zalantzarik gabe, Poinpy. Bere txikitasunean erabaki ausartak eta aproposak hartzea lortzen du, publiko desberdinentzako lan bikaina izatera iritsita. Denbora pasa sinplea bilatu nahi baduzu, nahiz orduak sartzeko arkade dibertigarria eta bizia, zure jokoa da: sinpletasunean datza bere arrakasta.