Pokemon GO: berritzailea da baina ez espero zen beste

Urtzi Odriozola | 2016/07/08 13:00 Berriak



Duela bi egun jakin genuen Pokemon GO mugikorretarako joko berria eskura zitekeela jadanik. Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo ez dago oraindik eskuragarri Google Play aplikazioen merkatuan, baina sarean denetik aurki daitekeenez, jokoaren BETA bertsioa aparte jeitsi daitekeen guneak aurkitu ditugu. Guk nola ez, instalatu eta probatu egin dugu eta hemen uzten dizuet jokoak sortu digun iritzia.

Mugikorren teknologia aprobetxatu du Nintendok

Gaur egungo mugikor adimentsuen teknologia aprobetxatu du Nintendok betiko Pokemon jokoa hartu eta joko dinamika berriak asmatzeko. Horretarako, GPSa, giroskopioa, datu mugikorrak, errealitate areagotua... erabili ditu. Jokoa gure mundu errealean oinarritzen da eta gure pertsonaia zure kokaleku errealean agertzen da beti pantailan. Berehala konturatuko zara, jokoaren pantaila zu zauden lekuaren mapa bat dela! Beheko irudian ikusten da.

Betiko Pokemon jokoa lez, hemen ere Pokemonak harrapatu eta entrenatu beharko ditugu, baina, horretarako fisikoki mugitu behar izango dugularik. Berrikuntza da mugimenduan oinarrituta egotea, baina neketsua ere gertatzen da azkenerako. Adibidez, jokoan aurrera egiteko gimnasioetara joan behar zara, gimnasio hauek fisikoki maparen puntu batzuetan daude, hortaz bertara joateko fisikoki gerturatzea beste aukerarik ez dago. Demagun zure herriko plazan dagoela gimasio hori eta zure etxea berriz herriaren sarreran... ba jokoan aurrera egiteko bertara joan beharko genuke. Eta ez behin bakarrik!

Kuriosoa egiten da, mapa errealaren gainean jokatzea. Kontua da, gehienok nahiko bizitza monotonoa daukagula, eta toki berdinetan ibiltzen garela gehienetan. Hortaz, eta aurrekoarekin lotuta, jokoaren mapa esploratzea "oso konplikatua" izan daiteke (fisikoki bidaiatzea beste aukerarik ez daukazulako eta denbora eta errekurtso aldetik nahikoa eskeini behar zaiolako).


Sustatu.eus | Pokemon GO: Jokoaren dinamika © cc-by-sa: urtzai

Goian ikus dezakezue nola osteratxo bat emanez mapan pokemonak agertuko zaizkizun. Inguruan ezkutatuta zein pokemon dituzun ere esaten dizu zure Pokedexak. Pokemona harrapatzeko beraz, bera dagoen lekuraino gerturatu beharko zara. Berau harrapatzeko, betiko pokeballak erabili beharko dituzu (hatzarekin arrastan mugitu eta botaz), baina kontuz! Pokemonek jaurtiketak sahiestu ditzakete eta zure Pokeballak ez dira betirako. Gastatzen dituzunean Pokestop (Pokeparada espainolez) batera oinez joan (zure herriko leku enblematikoren batean aurki ditzakezu) eta bertan eskuratu beharko dituzu. Artikulu honetako beheragoko irudian aurki dezakegu adibidez Ondarroan eskola publikoko muraletan dagoen Pokestop bat.

Agian horregatik eta lehen aipatu dugunaren harira, etxean zaudenean eta mugitzeko aukerarik ez daukazunean minijokoren batzuk edo bestelako aukeraren batzuk izan beharko lituzke jokoan jolaste jarraitu ahal izateko.

Errealitate areagotua

Jokoaren beste indargune bat dela esan dezakegu, baina hobetzeko asko dauka oraindik. Izan ere, Nintendok aurkeztu zuen trailerreko jokatzeko moduarekin ez dauka zer ikusirik. Pokemonak zure kameraren irudiaren gainean agertzen dira eta askotan irudi algoritmoak ez du asmatzen lurra non dagoen edota kamerako bestelako objektuak zer diren. Hau da, pokemona ez da zure kamerako inguruarekin nahasten, pegatina bat izango balitz bezala itsasten du atzeko irudiarekin.

Zu izan behar zara beraz, jokoari "erralismoa" ematekotan mugikorra mugituz pokemona bere tokian jarri behar duena. Eta beste desabantaila bat aipatzekotan, mugikor askotan sortzen duen errendimendu arazoa da. Jokoa asko geldotzen du eta askotan ezinezkoa egiten du jokoa normal jolastea. Aukeretan hala ere hau desaktibatzeko aukera jarri dute.

Beheko irudian dituzue hainbat adibide errealitate areagotuarekin eta gabe.


Sustatu.eus | Pokemon GO: Errealitate areagotua © cc-by-sa: urtzai

Beste erabiltzaileekin elkareragitea

Jokoaren trailerra ikusi ostean, denok genuen buruan lagun artean Pokemonak harrapatu eta gure artean borrokan egiteko aukera emango zigula jokoak. Zirrara handia zen! Baina badirudi ez dagoela beste erabiltzaileekin elkar eragiteko modurik: Pokemonak trukatu, borroka egin, txateatu (ligatzeko aukerarik ez...). Eta alde horretatik desengainua handia izan da. Akats handia da, izan ere, lokalizazioari ikusten dizkiogun arazoak neurri handi batean arinduko lituzke inguruan dauzkazun beste jokalariekin jokatzeko aukera izango bazenu. Suposatzen da hau nolabait etorriko dela, izan ere beste jokoen bertsioetan beti egon izan den gauza bat da eta horrelako joko masiboetako ezaugarri bat ere bai


Sustatu.eus | Pokemon GO: Erabiltzailea, Pokemonak eta Pokedexa © cc-by-sa: urtzai

Jokoa beraz indibiduala da zatirik handienean. Ez espero alboan daukazun laguna zure mugikorreko pantailaren mapan ikustea eta berarekin borrokatu ahal izatea... Pokemonak indartu eta eboluzionatzeko behin eta berriz harrapatu beharko dituzu. Jokoak horren truke "karamelu" batzuk ematen dizkizu eta horrekin pokemonak indartu edota eboluzionatzeko aukera ematen du.

Ez du beraz orain arte ikusitako Pokemonen antza handirik.

"Pay to win"

Baina nola liteke jokoak Pokemon sagak horren bereizgarri duen ezaugarria ez izatea? Erantzuna argia da: "Pay to win". Jokoa Google Playen doainik deskargatu daiteke baina, Nintendok dirua nonbaitetik atera behar du eta horretarako mikro ordainketak jartzea erabaki du.

Badaki erabiltzaile asko alferrak izango direla, ez dutela agortutako Pokeballen bila hara eta hona oinez ibili nahiko. Denbora eta esfortzua eskatzen baitu eta askok jokalariaren eta pokemonen mailak azkar azkar igotzea nahi izango dute. Ba, ordaindu beste aukerarik ez dute izango. Pokecoinak (Pokemoneda espainolez) erosteko aukera izango dugu eta diru birtual hau erabiliz dendan aurki ahal izango ditugu erosi nahi ditugun produktuak.


Sustatu.eus | Pokemon GO: Pokestops eta paytowin © cc-by-sa: urtzai

Aplikazioaren hainbat arazo

Sarreran aipatu dugun bezala, jokoa BETA bertsioan eskuratu dugunez, amerikarrak jolasean hasten direnean (gure 21:00-21:30ak inguruan) jokoa atzi ezina suertatzen da. Zerbitzariak askotan erortzen dirala konturatu gara eta hobe izaten dela partida hurrengo egunerako uztea. Espero dezagun, Europan ahalbidetzen dutenean errendimendu hobea izango duela jokoak. Gogoratu, jokoa ez dagoela EHn eskuragarri bide ofizialetatik eta aplikazioa instalatzerako orduan, "Iturburu ezezagunak" instalatzeko aukera markatu beharko duzula lehenengo. Ikusi beheko irudia.


Sustatu.eus | Pokemon GO: Instalazio eta konexio arazoak © cc-by-sa: urtzai

Bestalde, mugikorraren hainbat teknologia batera erabiltzen dituenez, bateria izugarri kontsumitzen du eta mugikorraren datuak ere erabiltzen dituela kontutan izan beharko dugu kalean wifi punturen bat harrapatzen ez dugun bitartean. Zenbat datu kontsumitzen dituen? Auskalo, baina gutxi ez direlakoan gaude.

Googleren Ingress?

Joko honek gainera, Googleren Ingress gogoratzen digu. Desberdintasun batzuk baditu ordea: Ingressen kasuan zure herrian zeuden beste jokalariekin interaktuatzen zenuen.

Oso futurista zen eta metafora asko zeuden (energia guneak eta horrelako gauzak) eta Pokemon baino konplikatuago dela iruditzen zaigu.  Hori bai, Pokemon GOn bezala, toki jakin batetara joan behar zinen helburu bat lortzera. Edo jokalari batek nonbaiten zerbait uzten zuen eta zuk han jaso behar zenuen.

Noski, haurrak, etxekolanak edota bestelako konpromisoak dituztenentzat egiteko joko zaila da, baina bere kabuz dabiltzan umeentzat oso ona izan daiteke, aktibitate fisikoa eta herria esploratzera bultzatzen dituelako.

Ingress egin zuten garatzaile berdinek egin dute Pokemon Go ere eta badirudi Ingresseko elementu asko aprobetxatu dituztela. Adibidez, Ingresseko 'indar gune' horiek 'geltokiak' (Pokestops) dira Pokemonen. Ondarroan 'Txoixo sculpture' izenekoa adibidez zuzenean dator Ingress jokoaren erregistro honetatik.

Laburpen modura...

Jokoak berrikuntza asko eta oso interesgarriak ditu, baina uste dugu hobetzeko ikaragarri duela oraindik ere. Jokatzeko modua aldatuko du eta hasieran Nintendok bete betean asmatu zuela uste bagenuen ere, denbora batean jolasten ibili ostean ez dugu horren argi ikusten. Bai errendimendu aldetik baita interakzio aldetik ere asko falta zaio, batez ere zure lagunekin batera jolastu ahal izateko.

Azkenik esan, geldirik gauden momentuetarako ere jokoak zerbait eskeini beharko lukeela uste dugula. Minijokoak, txaten bat, Pokemonak trukatzeko edota ondoko lagunekin borroka egiteko aukerak izan daitezke momentu horietan jendeak jokoan jarraitzeko gakoetako batzuk.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak (4)

Skillath July 10, 2016, 9:43 p.m.

Nik espero nuena jaso dut, baino egia da trailerrean erakutsi zigutena askoz ere desberdinagoa zela. Nik, berriak eta berriak irakurri ditut jokoa atera baino lehen, horregatik banekien zer zen etorriko zena. Halere, hobeto egin zitekeen pertsonen artean batailak jarriz (in real time, ez orain dagoen moduan). Baino bueno, gaur irakurri dut etorkizunean (aurten) Pokémon-ak aldatu egin ahal izango ditugula jokalarien artean, hortaz batek daki ea etorkizunean batailatu ahal izango garen. Espero dut baietz. :)

PD: Oso artikulu ona, zorionak!

Urtzi Odriozola July 11, 2016, 2:19 p.m.

Mila esker!! Nik egia esan ez nuen trailerrekoa espero, horren inozoa ere ez naiz, baina jokalarien arteko borroka eta pokemon trukea denbora errealean bai.

Hala ere, badirudi Nintendo (oraingoz behintzat) asmatzen ari dela, bere akzioak %25 igo baitira kolpetik eta munduko zenbait hiriburu handitan honelako eszena xelebreak osatu dira:

https://twitter.com/jamescroft/status/752014907999002624

Denborak esango du joko modu "berri" baten aurrean gauden ala ez. Nik funtzionalitate berrien artean pokemon trukaketa eta borrokak sartuko dituztenaren esperantza behintzat oraindik ez dut galdu!

Haritz Odriozola July 14, 2016, 12:09 a.m.

Ez nago ados jolasa Pay to Win bat denaren baieztapenarekin. Hasteko dendan diru errealarekin erosi daitekezkeen objetu guztiak (Izan ditzazkezun pokemon eta objetu kantitatearen handitzea ezik, baina ez dira inolaz beharrezkoak) oso erraz lortzen dira Pokestop-etan.

Gainera ez da beharrezkoa Pokestop batetik bestera ibiltzea, izan ere 5 minututik behin reseteatu egiten baitira, beraz batean egotea nahikoa da.

Guzti horretaz gain, jolasean aurrera egiteko beharrezkoen diren gauzak (Pozio eta pokeball ezberdinak, berpiztekoa eta Berry-ak) soilik pokestop-etan edo mailaz igoz lortzen dira, beraz jolasean jardutea gehiago baloratzen da gure patriketatik jarri ditzazkegun txanponak baino.

Nik esango nukeen jokoa Walk to win bat dela, izan ere zenbat eta gehiago ibili, pokemon gehiago izango ditugu, arrautza gehiago hautsiko dira pokemon bat emanez, pokestop gehiago bisitatuko ditugu eta esperientzia irabazteko garrantzitsuena den gimnasioko borrokak egingo baititugu.

Andoni Velasco Aug. 8, 2016, 9:29 a.m.

Entzun dutenagatik borrokak eta pokemon trukaketak sartuko dituzte

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

170
Kide

0
Jolasten

15
Online

Azken erantzunak

Lander Unzueta Oct. 3, 2019, 11:53 a.m.

Aupa, eskerrik asko testua argitaratzearren! Azkenaldian denbora faltagatik analisiak idazteari utzi izan diot, baina ea pixkanaka-pixkanaka berriz e…
Metroidvania guztien erregea - Hollow Knight

Urdinberde Feb. 10, 2019, 7:47 p.m.

eta astirik baduzue hyrule warriors, tingles rupee land, tingles baloon trip of love, links crossbow training eta navi trckers. Eta batenbat ahaztu…
Zeldaren kondaira euskaratu dugu

Urdinberde Feb. 10, 2019, 7:41 p.m.

oso ona, orain itzuli zelda 2: links advesnture, zelda a link to the past, zelda link awekenin, zelda orocle ages eta season, zelda: ocarina of time,…
Zeldaren kondaira euskaratu dugu