Gehienezko maila 50era handitu dute dagoeneko estreinatutako eduki berriez gain.

2016an Nianticek Pokemon GO estreinatu zuenetik errealitate areagotuko jokoa haziz joan da. Hala ere, lau urte hauetan ez dute gehienezko maila eta horietaz igotzeko aldaketarik prestatu. Dagoeneko estreinatutako Go Beyond eguneratzea hori aldatzera etorri da.

“Pokemon GOn mailaz igotzeko modua orekatu egingo dugu”, adierazi dute garatzaileek jokoaren blogean argitaratutako artikuluan: “Mailaz igotzea inoiz baino dibertigarriagoa izan dadin askotariko ezaugarri eta sistemak aldatuko ditugu”.

Hori horrela, 40. mailara iristeko bidean jokalariek XP puntu gehiago jasoko dituzte jarduera desberdinak egiterakoan. Pokemonak harrapatu, eboluzionatu, Pokedexean sarrera berriak erregistratu edota arrautzak eklosionatzerakoan jasotako puntuak bikoiztu egingo dira. Kasu berezi batzuetan jokalariek are XP gehiago eskuratuko dituztela adierazi dute arduradunek, zeintzuk izango diren zehaztu gabe.

Urtea bukatu baino lehen 40. mailara iristea lortzen duten jokalariek Legacy 40 Trainer titulua eskuratuko dute, hainbat eduki berezirekin batera. Dagoeneko maila horretara heldu direnek zuzenean jasoko dituzte aipatutakoak.

Behin maila horretara helduta abenturak jarraitu egingo du. Eguneraketarekin lortu daitekeen azken maila 50. izango da. Hala ere, azken hamar maila horiek gainditzeko erronka bereziak bete beharko dira XP puntuak biltzeaz gain: egun bakar batean Pokemon kopuru zehatz bat harrapatzea, Team GO Rocketeko arerioei irabaztea eta beste hainbat erronka gainditu beharko dituzte jokalariek.

Urtaroak, Kalos eskualdeko pokemonak eta gehiago

Entrenatzaileen mailatan aldaketak egitearekin batera era guztietako eduki berriak ere gehitu dituzte Go Beyondekin. Hasteko, urtaroak nabarmendu dituzte Nianticekoek: hiruhilabetero urtaro berria helduko da jokora, askotariko aldaketak eraginda. Jokalariak bizi diren hemisferioak ere eragina izango du horretan. Pokemon desberdinak ikusi eta jaio ahalko dira, eta horrez gain prestatuko dituzten ekimen bereziak urtaroaren araberakoak izango dira.

Urtaroek GO Battle League txapelketetan ere aldaketak ekarriko dituzte. Hamar maila egon beharrean 24tan banatuko dira jokalariak; maila berriek egituraketa desberdina edukiko dutela jakinarazi dute arduradunek, eta jasotako sariak urtaroaren araberakoak izango dira. Lehen urtaroa abenduaren etorrerarekin hasi da.

Bukatzeko, Pokemon berriak azaldu dira GOn. Orain arte Kanto, Johto, Hoenn, Sinnoh, Teselia eta Galar eskualdeetako pokemonak ikusi eta harrapatu ahal ziren, baina eguneraketarekin Kalos eskualdeko piztiak gehituko dituzte bideojokora. Iristen lehenak Chespin, Fennekin, Froakie eta horien eboluzioak izan dira.