Pokémon nobleak aurkeztu dituzte mundu irekiko abenturarako, eta tresna eraberrituak remakeentzako. Switch-ean estreinatuko dira guztiak datozen hilabeteetan.

Gutxi falta da Pokémon frankiziako bideo-joko berriak estreinatzeko. Azken hilabeteotan entrenatzaileek hauetan ikusiko dutena aurkezteko bideoak zabaldu dituzte The Pokémon Company-koek, baina oraindik iragarri gabeko xehetasunak eta ezaugarriak dituztela dirudi. Horren erakusgarri dira gaur erakutsitako berritasunez betetako Pokémon Legends Arceusen zein eta Pokémon Brilliant Diamonden eta Shining Pearlen trailerrak.

Erdi Aro japoniarrean girotuta, Sinnoh eskualdea bisitatuko dute berriz jokalariek Arceusen. Bideo berriko erabateko protagonistak Pokémon nobleak izan dira: hauek etsai nagusien funtzioa beteko duten pizti bereziak izango direla dirudi. Hori horrela, Kleavor deitutako intsektu eta harri motatako pokémona ezagutzera eman dute; Scyther ezagunaren Sinnohko eboluzioa izango da.

Horrez gain lurretik, uretatik eta zerutik bidaiatzeko moduak ere erakutsi dituzte, pokémon desberdinen gainean. Hauetara igonda ere piztiak harrapatzen jarraitu ahalko dute entrenaitzaileek, pokeball ezagunak jaurti baititzakete. Pertsonaia berriak eta protagonisten itxura aldatzeko aukerak ere bildu dituzte bideoan.

Laugarren pokémon belaunaldiko remakeei dagokienez, gauza berri gutxi izan dituzte erakusteko garatzaileek. Erloju zaharberritua eskuratuko dute jokalariek Brilliant Diamonden eta Shining Pearlen: Nintendo DS kontsolan beheko pantailara lotuta zegoen tresna hau, eta orain funtzio berriak erabiltzeko balioko du.

Harrapatutako pokémonak askatu eta beraiekin jolasteko Amity Square erakutsi dute baita, hainbat pertsonaia zaharren itxura berriak aurkezteaz gain.

Pokémon Brilliant Diamond eta Shining Pearl argitaratuko dituzte lehenik Pokemon Companykoek: azaroaren 19an helduko dira Nintendo Switch kontsola hibridora. Plataforma berberan, baina 2022ko urtarrilaren 28an, estreinatuko da Pokémon Legends Arceus.