Brilliant Diamond eta Shining Pearl lehenago jasoko dituzte Pokemonen zaleek: azaroaren 19an merkaturatuko dituzte remakeak.

Ustekabean eta handikeria gutxirekin zehaztu ditu The Pokemon Companyk bere hurrengo lanen argitaratze datak. Urtarrilaren 28an estreinatuko da pasa den martxoko Pokemon Presents aurkezpenean iragarri zuten Pokemon Legends Arceus.

Switcherako mundu irekiko RPG honen xehetasun berririk eman gabe geratu dira arduradunak zein Nintendokoak. Gogoratzeko, Sinnoh eskualden girotuko da abentura, baina denboran atzera eginda: aro feudal japoniarrean ariko dira zaleak Legends Arceusen.

Helburu nagusia, ohi bezala, sakelako pizti hauek harrapatu eta ikertzea izango da. Hala ere, girotutako aroari dagokionez hori egiteko bideak aldatu egingo dira. Jostagarritasun mekanika nagusiek ere aldakuntza sakonak jasoko dituzte: entrenatzaileek borroketan parte hartzen jarraituko duten arren, hauek saga nagusian ikusitakoengandik oso desberdinak izango dira.

Sareetan irakurri denagatik, zaleak harrituta geratu dira atal berri hau datorren urte hasieran argitaratuko dela jakiterakoan. Izan ere, orain gutxi ikusitako trailerrak atal tekniko mugatua erakusten zuen. Ikusteko dago beraz The Pokemon Companykoek erakutsitako irudi horiek antzinako bertsio batekoak ziren eta jokoak aurrerapen erraldoia jasan duen, edota teknikoki baldarra izango den abentura izango den.

Pokemon Legends Arceus saltokietara iritsi aurretik, baina, Pokemonen beste abenturak jasoko dituzte jarraitzaileek. Kasu honetan dagoeneko ezagunak diren bi jokoren remakeak dira: Pokemon Brilliant Diamond eta Pokemon Shining Pearl Nintendoren kontsola hibridora iritsiko dira azaroaren 19an.

Beste jokoarekin gertatu bezala, trailer edo irudi berririk erakutsi gabe egin dute iragarpena. Chibi estiloa edukiko dute hiru dimentsioetara igaroko diren Nintendo DSko jokoen remakeek. Kasu honetan Game Freak ez da izango jokoaren garatzailea: ILCA estudioa ari da bideo-jokoak prestatzen.