Pokémon Presents aurkezpenean iragarri du The Pokémon Company-k, beste hainbat berritasunekin batera.

Pokémon Legends: Z-A da sakelako munstroen unibertsoko hurrengo bideojoko handia. The Pokémon Companyk eta Game Freak estudioak jokoa iragarri, eta 2025ean merkaturatuko dutela jakinarazi dute.

Iragarpena atzo arratsaldeko Pokémon Presents ekimenean egin zuten. Bideo bakarra jaso du Legends: Z-Ak, eta, xehetasun askorik eman gabe, Lumiose City-ra itzuliko garela ezagutzera eman du. Izenak zein hiriak adierazten dutenez, 2013an Nintendo 3DS eramangarrian estreinatutako Pokémon X eta Y abenturen jarraipena izango da, hein batean behintzat.

Izan ere, Legends azpitituluak 2022 hasieran kaleratutako Legends: Arceus tituluaren mekanikak berreskuratuko dituela pentsarazten digu; hortaz, mundu irekia nagusituko dela uste dezakegu. Lumioseren planoekin hasten da trailerra, baina azkar batean girotze futuristagoa hartzen du: hori dela-eta, Arceusek baino girotze modernoagoa izango duela aditzera eman dute.

Z-An bete beharko dugun helburu nagusia, printzipioz, gizakien eta pokémonen arteko elkarbizitza sustatzeko bideak bilatzea izango da. Hori horrela, borrokak bigarren mailara igaroko dira ziurrenik, harrapatze mekanikak nagusituz.

Switch kontsolaren logoa azaltzen da trailerraren hasieran, beraz gaur egungo hibridorako kaleratuko dute. Hori bai: zurrumurru eta filtrazio guztiek 2025eko martxoan Switcharen oinordekoa jasoko dugula diote. Ikustekoa izango da, beraz, hartuko duten bidea.

 

Pokémonen karta jokoa, mugikorretara

Presents aurkezpenak bestelako iragarpenak ekarri zituen. Esanguratsuena Pokémonen karta jokoaren itzulera da: Pokémon Trading Card Game Pocket izenarekin, aurten estreinatuko da Android nahiz iOS gailu mugikorretan. Dohainik eskuratu ahalko dugula nabarmendu dute arduradunek.

Dagoeneko Pokémon TCG Live izeneko karta jokoa dago mugikorretan, baina Pocket eraberrituak diseinu eta ideia propioak aurkeztuko ditu.

Creatures eta DeNA Co., Ltd estudioak arduratuko dira garatzeaz; aldez aurretik, Pokémon Masters, Super Mario Run, Fire Emblem Heroes edo Animal Crossing Pocket Camp prestatu dituzte mugikorretarako.

Bukatzeko, aurkezpenean Pokémon Scarlet zein Violet, Pokémon GO, Pokémon Masters EX, Pokémon Sleep eta Pokémon Unite jokoek jasoko dituzten eguneraketak eta berritasunak aipatu zituzten.

Aurkezpen osoa hemen ikus dezakezue: