Arro apartsua bioma gaineratuko da lehen espantsioarekin: Ditto protagonistak urpean igeri egiteko mugimendua ikasi ahalko du.
Koei Tecmo eta Game Freak japoniarrek Pokémon Pokopia arrakastatsua hedatzeko lanak aditzera eman dituzte. 2.0 gaurkotzea zein hiru ataleko espantsio sorta prestatzen dabiltza sormen eta biziraupen abenturarentzat.
Abuztuan iritsiko dira doako adabakia nahiz ordainpeko lehen espantsioa. Bioma berria ikusiko dugu espantsioan: arro apartsua (bubbly basin). Urazpiko kokalekua esploratzeko, Ditto protagonistak urperatzea mugimendua ikasi beharko du —doako eguneratzerarekin gehituko dutena—, Nintendo Direct zuzenekoan jakinarazi dutenez.
Bigarren espantsio handia 2026 bukaeran helduko dela diote The Pokémon Company enpresatik; hirugarrena, bukatzeko, 2027an estreinatuko da, herri berria inplementatuta. Laster eskainiko omen dituzte xehetasun guztiak, eta hiru espantsioak batera erosteko paketea iragarri dute.
Nintendo-ren azken finantza txostenean ezagutu genuen Pokopiak lau milioi salmenten langa gainditu duela —lehen lau egunetan 2,2 milioi ale saldu ziren—; hori, martxoko datuei begira soilik. Balorazio ikaragarriekin, jokoaren muga bakarra Switch 2ko esklusiboa izatea da: egun, salmentak are esanguratsuagoak izatea aurreikusten da.
Pokémon Pokopia Switch 2an joka daiteke.
Lander Unzueta
Iruzkinak