Pokémon Presents aurkezpenak sakelako munstroen hainbat bideojoko bildu ditu, batez ere mugikorretako tituluetan ardaztuz.

Zero area izango da Pokémon Scarleten eta Violeten eduki gehigarrien protagonista. The Pokémon Company-koek atzoko Presents aurkezpenean jakitera eman dutenez, bi espantsio kaleratuko dituzte Switch-eko jokoentzat: The Teal Mask eta The Indigo Disk.

Espantsiook Zero Areako Altxor Ezkutua izeneko DLC-ko atalak izango dira. Lehena, The Teal Mask, 2023ko udazkenean kaleratuko dute. Bertan Noroteo eskualdera joko dugu: ikastetxeko txangoa izango denez, girotzea aldatu egingo da, oraingoan udako jaialdi japoniarrak gogora ekarrita.

Pizti guztiz berriak ere ikusiko ditugu, nola ez: Fezandipiti, Okidogi, Munkidori eta Ogerpon legendarioa aurkeztu dituzte.

Bigarren espantsioa, berriz, 2023ko neguan kaleratuko dute Game Freak-ekoek. The Indigo Diski buruz ezer gutxi dakigu, baina bere legendarioa ezagutu dugu: Terapagos dortoka bitxia izango da.

Bestelako legendarioak ere gehitu dituzte dagoeneko bideojokoetara, gainera: aspaldi iragarritako Walking Wake eta Iron Leaves paradoxa munstroak iritsi dira. Hori bai, diseinu aldetik aldaketa nabarmenak jasan dituzte antzina ikusi genituen marrazkietatik: dinosauro estiloko Suicune eta Virizion robotikoa dira.

Bukatzeko, Scarleten eta Violeten ageri ez ziren 230 Pokémon bueltan ekarriko dituzte espantsiookin: Ninetales, Yanma edo Dewgong daude horien artean.

 

Sleep eta animazio telesaila

Presents ekimenak ezusteko gehiago batu zituen. Nabarmenena, ziurrenik, Pokémon Sleepen itzulera izan da: 2019an iragarritako aplikazioa udan estreinatuko dute azkenik. Ez da bideojokoa izango, loaldiak monitorizatzeko tresna baizik.

Horrez gain, sakelako munstroen unibertsoan girotutako telesail berria iragarri zuten arduradunek. Netflix argitaletxearekin batera dabiltza stop motion teknika bidez egindako Pokémon Concierge prestatzen. Hotel bateko arduraduna eta bertara doazen pokémonak izango dira protagonistak.

Iragarpenekin amaitzeko, gailu mugikorretan joka daitezkeen hainbat Pokémon joko egon ziren Presentsean. Pokémon GO, Unite, Cafe Remix eta Master EX tituluentzako eguneraketak ezagutarazi zituzten.

Pokémon Presents aurkezpena osorik ikusi nahi baduzu, jarrian duzu bideoa: