Hamalau minutuko iraupenarekin, sakelako munstroen frankiziako berritasunak eskainiko dituzte frankiziaren 26. urteurrena ospatzeko.

Pokémon sagaren eduki mordoa jaso dugu azken hilabeteotan: orain gutxi kaleratu dira Legends: Arceus, Shining Pearl zein Brilliant Diamond eta New Pokémon Snap jokoak Nintendo Switch kontsolan. Dena den, japoniarrak are gauza gehiago prestatzen ari direla dirudi; horiek aurkezteko Pokémon Presents berezia iragarri dute igande honetarako.

Otsailaren 28an 15:00etan hasiko dute zuzenekoa. Ez dute zehaztu bertan aurkeztuko dituzten jokoak, baina ekimenak hamalau minutu iraungo dituela baieztatu dute The Pokémon Companykoek. Halako jarduera igande batean egitea arraroa izan daitekeen arren, urteurren berezi bat ospatzeko dela gogoratu beharra dago: Pokémon Red eta Green japoniarrak 1996ko otsailaren 27an estreinatu ziren.

Orain gutxi horrenbeste bideojoko handi ikusita, ziurrenik ez dugu saga nagusiko atal berririk ikusiko bertan; horren ordez, agian arestian aipatutako tituluentzako eduki gehigarriak erakutsiko dituzte. Ez hori bakarrik, gailu mugikorretarako jokoen berritasunak ere aipa ditzakete: Pokémon GO edo Pokémon Unite lanek indartsu jarraitzen dute gaur egun.

Zuzenekoa Pokémonen Youtubeko kanal ofizialetik jarraitu ahalko da igandean 15:00etatik aurrera.