Azaroaren 18an jasoko du Nintendo Switch kontsolak sakeleko munstroen abentura. Gailu hibridoaren bertsio bereziarekin estreinatuko da.

Nintendokoek Pokémon Scarlet eta Violet desiratuen abenturen berri emateko bideo berria argitaratu du. Sakeleko munstroen bederatzigarren belaunaldiko izakiak, Iberiar Penintsulan oinarritutako Paldea eskualdea, garaitu beharreko arerioak, ezagutzeke izango ditugun lagunak eta gehiago ezagutzera eman dituzte.

Hasiera batetik argi utzi zuten ikastetxe batetik hasiko genituela gure abenturak. Ikastetxeko ekimenik handiena erakutsi digute trailerrean: Altxorraren bilaketa. Egia esan, pokémonak ehizatzeko aitzakia baino ez dela dirudi, baina Paldean aurkituko ditugun erronkak ikusi ditugu honi esker.

Hasteko, Scarleteko eta Violeteko gaizkileak izango direnak aurkeztu dituzte: Izar Taldea. Ikasle motorzaleen estetikarekin, behin eta berriz ariko gara hauen kontra, baita beren Mela buruzagiaren aurka ere. Bigarrenez, Arven deitutako ikasle sukaldariarekin biziko ditugun abenturak daude: berarekin batera pokémon erraldoiak bizi diren guneetara joango garela dirudi. Horrela, osagai berezien bila hasiko gara.

Azkenik, nola ez, gimnasioetako buruak aurkeztu dituzte. Geeta arduradun nagusia edo Brassius landare motako piztien liderra ikus daitezke bideoan.

Pokémonen aldetik, izaki gutxi baina oso interesgarriak ezagutu ditugu. Kwalf izeneko karramarroa da arruntena: arroka motako erraldoia izango da. Berarekin batera ikusi ditugu Arnarouge eta Ceruledge interesgarriak. Lehena su/psikiko motetako zalduna izango da; bigarrena, su/mamu motetakoa. Mega Man frankiziako protagonistak gogora ekartzen dituzte, eta zaleek ez dute itxaron hauen arteko alderaketak egiteko.

Aurrekoan, gainera, Grafaiai izeneko lemur itxurako piztia erakutsi zuten garatzaileek. Euskaldunontzat berezia izango den piztia dirudi: zuhaitzak margotzeko joera dauka, Kortebizuko Omako baso ezagunean aurki daitezkeen zuhaitzak gogora ekarriz —gogoratu Paldea Iberiar Penintsulan girotuta dagoela!—.

Bideoarekin batera, Nintendo Switch kontsola hibridoaren modelo berezia aurkeztu du Nintendok. Scarlet eta Violet OLED bertsioak jokoaren hainbat apaindura izango ditu: azaroaren 4an merkaturatuko dute.

Pixkat gehiago itxaron beharko dugu bideojokoa eskuratzeko, ordea: Pokémon Scarlet eta Violet azaroaren 18an estreinatuko dira esklusiboki Switchean.