15 minutu inguruko bideoa prestatu dute The Pokémon Company-ko arduradunek. Azaroaren 18an estreinatuko dira Switch-ean.

Nintendo Switch kontsolako hurrengo izarra jasotzeko gutxi falta da: Pokémon Scarlet eta Violet laster iritsiko dira, eta The Pokémon Companykoek prestatu dituzten berritasun guztiak aurkeztu berri dituzte. Terastal fenomenoa, borroka bereziak, TM mugimenduak eta askoz gehiago erakutsi dituzte azken bideoan.

Ia ordu laurdeneko iraupenarekin, sakelako munstroen frankiziaren hurrengo atalak edukiko dituen mekaniketan sakondu dugu. Berritasunik nagusiena aipatutako Terastal fenomenoa da: honi esker piztiak terastalizatu egingo dira, hauen mota eraldatzeko aukera eskainita. Hau da, Quaxly bezalako ur motako pokémon batek mota hegalariko izakien berezitasunak har ditzake terastalizazioari esker.

Ulertzekoa den modura, borroken oinarriak erabat aldatuko ditu: ahulguneak indarguneetan bilakatuko dira, baina etsaiek ere gauza bera egin dezakete. Edozein pokémonek aldatu ahalko du 18 mota desberdinen artean.

Let’s Go deitutako mekanika ezagutzen genuen, baina orain zabalago azaltzeko aprobetxatu dute arduradunek. Agindu honekin gure taldeko pokémonak libreki ibiliko dira mapatik beste aurkari batzuen kontra borrokatzen. Modu horretara, beren kabuz mailaz igoko dira.

Ezaugarri honekin borroka bereziak ere biziko ditugu: Team Star taldeko gaizkileen baseak inbaditzerakoan, hauen taldeak horrela garaituko ditugu. Dozenaka arerio ikusiko dituzte gure taldeko lehen hiru pokémonek. Battle royale estiloko borrokak ikusiko ditugula esan daiteke, modu batean behintzat.

TM mugimenduetan aldaketak datoz, gainera. Scarleten eta Violeten erabilera bakarrekoak izango dira; hala eta guztiz ere, gehiago sortzeko aukera izango dugu. Horretarako, osagai bereziak erabiliko ditugu.

Pokémon erraldoien aurkako dueluak, lagunekin piztiak trukatzeko aukerak edo piknikak azaldu dira bideoan. Lehen biak aldez aurretik ezagutzen genituen; pikniketan, berriz, gure bazkariak kozinatu eta aldi baterako ezaugarri bereziak desblokeatuko ditugu.

Gimnasioetan hauetako liderrak garaitzea izango da helburu nagusia, beti bezala. Dena den, aurretik proba bereziak gainditu beharko dira: adibidez, Sunflorak bilatzeari ekingo diogu landare motako gimnasioan.

Nola ez, izaki berriak ezagutzeko txokoa ere egon da trailerrean: Girafarig klasikoaren eboluzioa ikusi dugu, Farigiraf. 

Bukatzeko, taldekako online borroketan sakondu nahi izan dute japoniarrek. Terastalizatutako pokémon boteretsuen aurka ariko gara lagunekin batera. Hauek harrapatu ahalko ditugunez, ordainsari bikainak lortuko ditugu garaipenarekin batera. Hori bai, epe baten aurretik bukatu beharko ditugu dueluak.

Pokémon Scarlet eta Violet azaroaren 18an gozatu ahalko ditugu. Nintendo Switch kontsolan estreinatuko dira esklusiboki.