Orain 10 urte martxan jarritako Pokemon TCG Online-n eraberritzea izango da karta joko hau. Eskuratutako kartak batetik bestera eraman daitezkeela baieztatu dute.

Askorentzat ezezaguna izango da Pokemon frankiziaren karten mundua, baina mundu mailan Magic: The Gathering edo Yu-Gi-Oh! bezalako karta jokoen parean aurkitzen da sakelako munstroen Pokemon Trading Card Game. Modu digitalean gozatzeko aukera ere dago, eta orain berrikuntzak ekarriko dituen doako Pokemon TCG Live bideo-jokoa iragarri dute The Pokemon Company-koek.

Ohi bezala karta piloa eratu beharko da, ondoren hauekin beste jokalari batzuen aurka aritzeko. Karta jokoaren beteranoei zein hasiberriei zuzendutako lana izatea nahi dute arduradunek, eta hortaz bata zein bestea erakartzeko ezaugarriak eta mekanikak prestatuko dituzte Pokemon TCG Live honetan.

Kartak bideo-jokoan bertan eskuratzeaz gain, karta fisikoen barra kodeak eskaneatuta bertsio digitalean lortzeko aukera egongo dela baieztatu da. Aurreko jokora aritu izan direnek beraien bilduma TGC Livera eraman ahalko dute, baina hainbat muga egongo direla adierazi dute garatzaileek.

Hasteko, Pokemon berrienen kartak joko batetik bestera eraman daitezke, baina Pokemon Black eta White, X eta Y edota Sun eta Moon bideo-jokoetakoak erabili gabe geratu beharko dira horien eguneraketak Livera iritsi arte. Ez hori bakarrik, errepikatutako kartak izanez gero lau kopia baino ezingo dira eraman obra berrira, kopia bakarra ACE SPEC eta Prism Star motatako karten kasuan. Oinarrizko energien karten aldetik 59 kopia egin ditzakete jokalariek.

Aipatutakoak baino kopia gehiago izanez gero bideo-jokoaren moneta digitalarekin ordainduko zaie jokalariei, karta berriak erosteko aukera emateko.

Izan ere aurreko Pokemon Trading Card Game Online ordezkatzera dator Live. 2011. urtean abian jarritako bideo-jokoa desagertu egingo da beraz, eta horrenbeste urtez jokatzen ibili diren erabiltzaileei karta berberekin jarraitu ahal izatea ahalbidetu nahi izan diete garatzaileek.

Argitaratze datarik zehaztu gabe iragarri dute Pokemon Trading Card Game Live. Windows zein Mac sistema eragileetarako kaleratzeaz gain, Android eta iOS gailu mugikorretan ere jokatu ahalko da bertsio berri honetara, guztiz doan.