Switch-eko erabiltzaileekin plataforma arteko jokoa, taldeak sortzeko aukera, jarduera bereziak eta askoz gehiago dakartza eguneraketa berriarekin.

Pokemon Unite uztailean Nintendo Switch kontsola hibridoan estreinatu ondoren, taldekako online partidak hasteko Android eta iOS gailuen txanda iritsi da gaur. The Pokemon Company-k, Tencent Games-ek eta TiMi Studios-ek elkarlanean sortutako MOBA generoko obra hau dagoeneko gozatu daiteke gailu mugikorretan.

Horrekin batera era guztietako berritasunak eta hobekuntzak dakartzan eguneraketa jaso du Unitek. Hasteko, ezaugarririk esanguratsuena plataforma arteko jokoa da: hiru bertsioetako jokalariek elkarrekin joka dezakete inolako mugarik gabe. Erabiltzaile bera erabilita plataforma desberdinetan jokatu eta egindako aurrerapenak gailu guztietan edukitzeko aukera ere eskaintzen du jokoak.

Jarduera bereziak ere gehitu dituzte, super objektu berezien hobekuntzak eskuratzeko balioko dutenak. Estrategia desberdinak ahalbidetuko dituzten objektu berriak daude gainera. Unite Squad deitutako taldeak sortzeko aukera dakar eguneraketak, baita ikusleentzako funtzio berriak ere.

Bukatzeko, bigarren battle pass denboraldia abiarazi dute, hainbat elementu kosmetiko berrirekin: Gengar astronauta bezala jantzi daiteke, dozenaka aukeren artean.

Pokemon Uniten bost jokalarirekin osatutako bi taldek elkarren aurka lehiatzen dute: pokemonak ehizatu eta aurkarien kontrolguneak suntsitzea da helburu nagusia, taldekideekin estrategiarik aproposenak eratuta.

Etorkizunean are Pokemon gehiago gaineratzen eta partidak orekatzen jarraituko dutela adierazi dute arduradunek, bai pokemonak zein kokalekuak hobetuta. Irailaren hasieran Blastoise jaso zuen MOBA jokoak, besteak beste.

Pokemon Unite doan jokatu daiteke Switch, Android eta iOS plataformetan.