Sakelako munstroen MOBA jokoa irailean iritsiko da Androidera eta iOSera. Plataforma arteko jokoa prestatuko dute arduradunek.

Pokemonen “lehen taldeko borroka estrategikoak” laster hasiko dira Nintendoren kontsola hibridoan. The Pokemon Companyk ezagutzera eman duenez, Pokemon Unite uztailean kaleratuko dute, oraindik zehaztu gabe egun batean.

Iragarpena sakelako munstroen MOBA jokoaren trailer berriarekin batera egin dute. League of Legends, DOTA 2 eta beste askoren pausoak jarraituko dituzte Nintendokoek joko honekin: bi talde bata bestearen basea suntsitu nahian ibiliko da pokemon desberdinen ahalmenak erabilita. Horretarako ahalik eta puntu gehien eskuratu beharko dituzte pokemon basatiak harrapatuta eta aurkarien kontrolguneak suntsituta.

Talde bakoitza bost jokalariz osatuta egongo da. Pikachu, Charizard, Snorlax, Greninja, Lucario Machamp, Slowbro eta beste 12 piztien artean aukeratu ahalko da. Bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu: erasotzeko aproposagoak izango direnak daude, baina baita bizkorrak edota defendatzeko orduan abantaila handiagoak dituztenak ere. Hauei buruzko informazioa jokoaren webgunean aurkitu daiteke.

TiMi Studios da Pokemon Unite prestatzeko ardura hartu duen garatzailea. Izan ere, MOBA hau sortzeko Tencent Gamesekin elkarlanean ari dira The Pokemon Companykoak.

Switcherako ez ezik, gailu mugikorretarako ere garatuko dute Unite: Androiden zein iOSen jokatu ahalko da irailetik aurrera. Plataforma arteko jokoa baieztatu dute, beraz Switcheko zein sistema eragile hauek erabiltzen dituzten gailuetako erabiltzaileek batera jokatu ahalko dute.

Jokoaren aurrerapenarekin ere gauza bera gertatuko da: plataforma batean egindako aurrerapenak besteetara igaroko dira erabiltzaile berbera erabiliz gero.