Aperture Desk Job umorez betetako abentura motza da. Steam Deck-erako prestatuta dago, baina edozein PC erabilita joka daiteke: agintea behar da, hori bai.

Puzzleak gainditzeko portalekin pentsatzera eraman gintuen sagaren hirugarren atalarekin amesten jarraitzen dute bideojokozale askok. Valve-k ez du oraindik Portal 3 iragarri, baina horren ordez Steam Deckaren argitalpena ospatzeko Aperture Science laborategietan girotzen den doako obra kaleratu du: Aperture Desk Job.

Walking Simulator jokoetan behin eta berriz ikusitakoa berriz imajinatu eta oraingoan “gauzen atzean geldi egoteko mundua” eratu dute Steameko arduradunek. Argi dago Portal sagaren umorea bueltan dela, ezta?

Laborategietan sartu berri den langilearen rola hartuko duzu hemen: “zure bihotza itxaropenez eta zure hankak ametsez beteta daude, eskailera korporatiboan gora egiteko prest. Halere, bizitzak beste plan batzuk ditu zuretzat, eta aulkiak daude guztietan”. Beraz, puzzle adimentsuak alboratu eta lan "sinpleagoak" egitera bultzatuko gaitu abenturak... ezusteko pare batekin, nola ez.

Bideojoko motza dela aurreratzen dute arduradunek: labur bezala izendatzen dute. Aipatu bezala, Deckaren etorrerarako prestatzeko sortutako lana da; hori horrela, eskuko PCaren “kontroletatik eta ezaugarrietatik gidatzen” du Aperture Desk Jobek.

Dena den, edozein PC erabilita goza daitekeen jokoa dela nabarmendu beharra dago. Agintea edukitzea ezinbestekoa da, baina: ezin daiteke teklatuarekin eta saguarekin hasi.

Aperture Desk Job dagoeneko estreinatu da Steam plataforman, eta doan joka daiteke. Steam Deckaren xehetasun guztiak laburbiltzen dituen artikulua argitaratu genuen atzo Game Erauntsian: hemen irakur dezakezu.