Postmouse Critters Collective-k sortutako bideojokoa da eta 2023ko urtarrilaren 30ean kaleratu zen. Sortzaileak Danimarkako ikasle talde bateko kideak dira, eta bideojokoa zein soinu banda erabat debalde eskaintzen dute Steam bidez. Hirugarren pertsonan aurkeztutako abentura dugu, plataforma arteko jauzien bidez zein buruhausteak konponduz jokalariaren abilezia eskatuko duena.
Baso Horitik postari lanetan
Post mouse izeneko saguak bere basoko posta bulegoan egiten du lan. Orokorrean egoitza nagusian egoten da, bidalketak gehienetan txori mezulariek egiten baitituzte. Baina abentura hasiko dugun egunean zerbait gertatuko da, eta ez da lana egiteko prestatutako hegaztirik egongo. Egoera ikusita, bulegoko nagusia den igelak zera proposatuko dio Postmouseri: zenbait bidalketa berak egin ditzala. Sagu lotsatia hasieran zalantzati egongo da, baina adorea bildu ondoren baietz esango du. Posta bulegoko jabeak ataza errazenetik hastea gomendatuko dio eta sagu gazteak bere esanei jaramon egingo die.
Egingo dugun ibilbidean zehar paisaia naturala ezagutuko dugu, animaliek bizitoki bezala duten Baso Horia izango da abiapuntua eginbehar nagusi guztien hasieran. Ingurura begiratuz, XIX. mendearen erdialdean abandonatutako etxe handi bat, eraikuntza garabi zahar bat eta bestelako kokaguneak ikus daitezke. Egun batean zehar hiru gutun eman beharko dizkie hartzaile ezberdinei eta horretarako kasu batzuetan baso txikiaz haratago joan beharko da protagonista.
Abentura hasi eta gutxira pertsonaia batek munduan zehar barreiatuta dauden zigilu batzuk bilatzeko gonbidapena egingo digu. Hauetako batzuk jokoaren alde irekian daude eta beste batzuk kapitulu jakinei dagozkien toki berezietan. Hauek biltzea hautazkoa da, eta ez dute jokoaren mekaniketan eraginik.
Postmouseren abileziak nahiko oinarrizkoak dira: ibiltzeaz gain, nahiko azkar egin dezake korrika, salto egiteko zein goroldioz estalitako azaleretan eskalatzeko gai da. Beharrezkoa denean beste pertsonaiekin komunikatzen da, eta zenbait puzzleri erantzuna emateko objektu batzuk jaso eta beste leku batzuetan uzteko gaitasuna erakusten du. Beste abilezia bat Postmouseren zentzumen berezia aktibatzea da, hau aplikatuz erabilgarriak zaizkigun objektuak nabarmenduko zaizkigu eta nora joan ez dakigunean jarraibide bat emango digu. Azken hau garrantzitsua bilakatu daiteke, jokuko mapa bakarra posta bulegoan baitago, ohol batean marraztuta, eta gainera ez baitago oso zehazki egina.
Indarguneak zein ahulguneak dituen abentura txikia
Esan bezala, jokoak girotze erakargarria eskaintzen du bere eskalan neurtuta, inguruko natura, pertsonaiak eta objektuak kalitate duinekoak dira. Horrez gain, soinu bandak ere maila ona aurkezten du eta modu naturalean lotzen da ikusten ditugun ingurumariekin.
Zoritxarrez, beste atal batzuetan jokoak gabeziak erakusten ditu: Kamerak batzuetan arazoak ematen ditu, kontrolak nahiko irristakorrak dira eta saihesgarriak ziruditen zenbait heriotz sortarazi ditzakete. Sagua uretan sartu zein altuera “handietatik” amilduz gero hil egiten denez frustrazioren bat ekar dezake honek, edo plataforma sortaren bat behar baino gehiagotan errepikatu beharra ere. Zenbait jokalarik zigilu batzuk “batzeko” arazoak dituztela salatu dute, kontestu jakin horretan botoiak funtzionatzen ez omen duelako.
Beste batzuetan inguruko objektuekin kolisio arazoak ere gerta daitezke, nahi ez dugun objekturen baten barru sartu daiteke pertsonaia nagusia. Bukatzeko, ibilbidearen toki jakin batean eszena berezi bat hasten da eta jokalari askok “Quick Time Event” bezala ulertu izan duten arren, pertsonaia maneiatzen eta mugitzen jarraitu behar dugu. Ez hori bakarrik, tamalez, eszena berezi honek bideojoko osoko “bug” edo akats gehien dituena da, ondorioz, jokoaren errore txikietara moldatu beharko da jokalaria.
Oro har eta guztia kontuan hartuta, produktu interesgarria da Postmouse. Debalde eskainitako lana dugu eta gutxi gorabehera ordubete irauten duela ikusita, aukera bat ematea merezi duela babes daiteke, jokalariaren gustukoa den ala ez argitzeko. Gazteekin jolas daitekeen artelana da, jokoan dagoen indarkeria saiakera bakarrari amaiera on bat ematen zaiolako.
Istorio sinple baina interesgarriak, alde estetikoaren itxurak eta ondo aukeratutako soinuak bere alde egiten dute. Hala ere, mekanika aldean akats nahikotxo aurkezten ditu, batez ere plataformetan oinarritzen den joko batentzat arazotsuak izan daitezkeenak. Horregatik, denbora eta gogoa izatekotan, aukera bat eman dakiokeen bideojokoa dugu.
Iruzkinak