Ryu eta Chun-Li Crimson Hawk Rangerrean eta Blue Phoenix Rangerrean bihurtuko dira maiatzaren 25ean nWay garatzailearen borroka jokoan.

Power Rangers telesail famatuaren azken bideo-jokoak are eduki gehiago jasotzen jarraitzen du. Orain arte frankiziako saio desberdinetako ranger edo bilauak borrokalari bezala gehitzen ibili dira nWay estudiokoak: hiru denboralditan banatuta hainbat pertsonaia jaso ditu borroka jokoak.

Halere, oraingoan gonbidatu bereziak aurkeztu dituzte Power Rangers: Battle for the Griderako. Capcomen Street Fighter sagako bi borrokalari ezagun gaineratuko dira pertsonaien zerrendara.

Ezusteko handirik gabe, horiek Ryu eta Chun-Li izango direla baieztatu dute trailer zirraragarri baten bidez: Street Fighterreko pertsonaiak Crimson Hawk Rangerrean eta Blue Phoenix Rangerrean bilakatuko dira, hurrenez hurren.

Bideoan Ryuren mugimenduak ikus daitezke: bere jatorrizko jokoetako ahalmenak izango ditu Battle of Griden, Marvel vs Capcom bezalako lanetan ikusitako bizkortasunarekin.

Ez da zaleek bi hauek Power Rangerren jantzietan ikusten dituzten lehen aldia: mugikorretarako Power Rangers Legacy Wars bideo-jokoan agertu ziren aurretik, aktore errealekin egindako trailer eta guzti edukita (Jason Frank aktorearen agerraldiarekin).

PC, PS4, Xbox One, Switch eta Stadiako bideo-jokoak maiatzaren 25ean jasoko ditu Street Fighterreko borrokalariak; batera edo banaka salduko dituzte. Horiekin batera hainbat jantzi berezi gehituko dituzte garatzaileek.