Zaleengandik jasotako “errekazioengatik” bideo-jokoa hobetzeko asmoa erakutsi dute arduradunek.
Argitaratze datarik gabe gelditu da Prince of Persia: The Sands of Time akziozko jokoaren remakea. Hasiera batean urtarrilaren 21ean kaleratuko zuela iragarri zuen Ubisoftek, baina pandemiak eragindako ondorioengatik martxoaren 18ra atzeratu zuten; orain, zehaztugabeko data batera geroratzeko erabakia hartu dute arduradunek.
Sare sozialetan zabaldutako mezuan azaldu dutenez, irailean jokoa iragartzerakoan zaleen aldetik jasotako “erreakzioengatik” hartu dute erabakia. “Zuon zaletasunak eta babesak bultzatzen dituzte gure garatzaile taldeak ahalik eta jokorik onena egiteko”. Garapen prozesuaren epea luzatzeak “jatorrizko jokoarenganako fidela den remake berritzailea sortzea ahalbidetuko duela” adierazi dute.
Izan ere, remakea iragartzerakoan zaleek obra berriaren atal grafikoa gogor kritikatu zuten, zaharkituta zegoela aldarrikatuta.
Prince of Persia: The Sands of Time 170 bat langilez osatutako Pune eta Mumbaiko Ubisoften taldeak garatzen ari dira.
Iruzkinak