Aldez aurretik Switch kontsoletarako bertsioak iragarri zituen. Aurten plazaratuko du Level-5 japoniarrak.

Level-5 Vision 2026 aurkezpenak enpresa japoniarraren bideojokoen hainbat iragarpen utzi ditu. Esanguratsuena, Professor Layton and the New World of Steam puzzle abenturarena da: PC eta PlayStation 5 plataformetan ere kaleratuko da.

Izan ere, 2023. urtean iragarri zuenean Switch originalerako bertsioa baino ez zuen aurkeztu estudio ezagunak —noski, orain Switch 2an ere funtzionatuko duela baieztatu da—. Hori horrela, Layton Nintendoren gailuetatik kanpo ikusten dugun lehen aldia izango da. Aurkezpenean Laytonen bideo berria ere aurkeztu dute egileek.

Nintendo DS kontsoletan abiatutako abentura xarmagarriak hurrengo mailara eramango ditu New World of Steamek. Europan 2010ean kaleratutako Professor Layton and the Unwound Future-n ostean kokatuko dela diote.

Steampunk girotzedun hirian misterioak argitzen eta puzzleak gainditzen ibiliko dira, ohi bezala, Layton zein Luke gaztea. Berritasunen artean, bikoizketa lan handia nabarmentzen dute japoniarrek; soinu banda ere entzutekoa izango dela dirudi, Joe Hisaishi musikagilearen —Studio Ghibli-ren film ezagunen musikagilea— eskutik etorriko baita.

Eguna ez dugu zehazki ezagutzen, baina aurten kaleratuko dutela berretsi dute Level-5ekoek. Professor Layton and the New World of Steam Switch 2, Switch, PlayStation 5 eta PC gailuetan merkaturatuko da.

 

Decapolice, Inazuma Eleven, Yokai Watch, eta gehiago

Level-5 Vision 2026 emanaldian aditzera emandako beste bi bideojoko izan dira Decapolice eta Inazuma Eleven RE.

2023an ezagututako beste obretako bat da Decapolice, eta, gaur egun, Level-5en titulurik handienetakoa izatearen itxura duena. Desagertuta ibili bada ere, garapenarekin aurrera dabiltzala adierazi dute; halere, plataformetan aldaketak iragarri dituzte.

Switch 2, PS5 eta PC plataformetan ikusiko dugu Decapolice: aspaldi iragarritako Switch eta PS4 bertsioa alboratu dituzte, beraz. Dena ondo badoa, 2026an estreinatuko da JRPG elementuak ikerketekin uztartzen dituen abentura itxurosoa.

Inazuma Eleven RE, bestalde, lehen futbol JRPGaren berregitea izango da. Remake-a ere aurten estreinatuko omen da. Plataformetan aldaketak datoz, berriro: Switch 2, Switch, PS5 eta PC gailuetan estreinatuko da, PS4 bertsioari agur esanik. Iaz kaleratutako Inazuma Eleven: Victory Road-en arrakasta ikusita, berregitea bukatzeko gogotsu ibiliko direla pentsatu beharra dago.

Hauekin batera, Holy Horror Mansion —Yokai Watch berria, alegia— eta Snack World: Reloaded berregitea ere erakutsi dituzte: ez daukate kaleratze datarik.