PC, Switch 2, Switch eta PS5 bertsioak kaleratuko ditu Level-5 estudioak. Steam Bison hiriko misterioak argitzeari ekingo diogu.

Level-5 talde japoniarrak Professor Layton and the New World of Steam abenduaren 10ean argitaratuko du. Puzzle saga beteranoaren atal berriak ohiko buru hausgarriak eta erronkak eskainiko ditu, oraingoan plataforma gehiagotara iritsita.

Izan ere, gailu eramangarriak alboratu, eta PC, Switch 2, Switch zein PlayStation 5 gailuetara helduko dira Layton eta Luke protagonistak. Gidoiak 2008an 3DS eramangarrian estreinatutako Professor Layton and the Unwound Future ostean kokatuko gaitu, AEBetako Steam Bison hirira bidaiatzeko.

Noski, bertan jazotako gertaera bitxiek erakarriko dute bikote protagonista. Pertsonaia sorta berezia ezagutuko dute hirian, eta, aldi berean, istorioan aurrera egiteko puzzleak gainditzen aritu beharko dira. Oraingo honetan QuizKnock enpresak prestatutako buru hausgarriak izango dira ikusiko ditugunak, aurreko jokoetako Akira Tago puzzle sortzaileari agur esanik. Aholku sistemarekin erronkarik zailenak argitzeko laguntza izango dugu, baina bestelako ezaugarriak ere ikusiko ditugu prozesua errazteko.

2023an iragarri zuten abenduan iritsiko den jokoa; garapen prozesu luzea izan bada ere, sagak orain arte jasotako titulurik handiena izatea aurreikusten da. Professor Layton and the New World of Steam PC, Switch 2, Switch eta PS5 plataformetan jokatu ahalko da abenduaren 10etik aurrera.