Senua’s Saga: Hellblade II garatzeaz gain beldurrezko bideo-joko esperimental batean ari dira lanean.

Unreal Engine 5 motor grafikoaren aukera guztiak aprobetxatzeko asmoa du Ninja Theoryk bere azken proiektuarekin. Garatzaileek aurkeztutako bideo batean beraien hurrengo lanaren atal grafikoa erakutsi eta hori lortzeko bidearen gakoak aipatu dituzte.

Pasa den urtean aurkeztutako Project: Mara deitutako abentura “proiektu esperimental” bezala definitzen dute Hellblade: Senua’s Sacrificen arduradunek. Beldur psikologikoarekin harreman zuzena duten narratiba berriak frogatu nahi dituzte proiektu honekin.

Marako protagonista apartamentu handi batean giltzaperatuta egongo da; abentura osoa bertan igaroko du. Hori dela eta, ingurugiroak berebiziko garrantzia hartuko du jokoan. Kokalekuaren xehetasun guztiak sortu eta horiek behar bezala zaintzeko prozesuari buruz aritu dira aipatutako bideoan.

Motor grafikoarekin “errealitatea zehaztazun obsesiboarekin” irudikatzea bilatzen dutela adierazi du talde britainiarreko Tameem Antoniades zuzendariak. Bideoan ikus daitekeenez apartamentuaren xehetasun maila zoratzekoa da: etxebizitza osatzen eta apaintzen duten elementuez gain hauts partikulak, ileak edota ur tantak izugarrizko kalitate mailarekin sortu dituzte. Azken elementu horiek prozeduralki gaineratzeko sistemak prestatu dituzte. LiDAR eskanerrekin objektuen arteko distantzia zehaztazun osoz kalkulatzeko aukera eduki dute gainera.

Ninja Theory barruan artea sortzeko moduarekin “aldaketa bat” gertatzen ari dela azaldu du Antoniadesek. “Artistak ez dute objektu bat sortzeko lan egiten, objektu hori eta horren bariazio mugagabeak sortzeko sistemak lantzeko baino”.

Project: Marak ez dauka argitaratze datarik. Ez da garatzailea une honetan prestatzen ari den lan bakarra: Senua’s Saga: Hellblade II akzio psikologikozko jokoa ere garatzen ari dira Microsoftek estudioa xurgatu zuenetik.