Marina Amores kazetariak koordinatutako liburu honetan bideo-jokoen munduko hainbat emakumeren esperientzia eta hausnarketak aurkezten dira.

¡Protesto! liburuak bere azpitituluan oso argi uzten du zein den landuko duen gaia: Videojuegos desde una perspectiva de género. Eta hori da hain zuzen eskaintzen duena, emakumeek bere ikerketa eta esperientzian oinarrituz bideo-jokoen munduari buruzko gogoeta sakon bat egiten dute genero ikuspuntutik. Berez, gai honi buruz Estatu espainiarrean argitaratu den lehenengo liburua da.

Marina Amores kazetaria 一Blissy ezizenaz ezaguna一 da obra hau koordinatu duena. Amores ezaguna da bideo-jokoen inguruan jorratu dituen eduki anitzengatik. Bere lanak gehienetan genero ikuspuntutik landutako idatzi, ikus-entzunezko eta aurkezpenak dira. Gazteleraz hausnarketa hauek egiten dituen erreferenteetako bat da eta horrek berarekin ados ez dauden troll eta kritikatzaileak piztea eragin du aspalditik, askotan jazarpen salaketak egin dituelarik. Baina Blissyren jazarpena kazetari gisa ez da kasu bakarra, liburuan ikusiko dugun bezala, bideo-jokoen munduko arlo guztietan berdintasun eza nabarmena da.

 

(Des)berdintasunaren alde anitzak

Liburuak hamabi kapitulu dauzka eta lehena Marina Amoresek sinatzen du sarrera moduan. Bertan geroago sakonago landuko diren gaiak aipatzen ditu. Hasiera honen helburua liburua eta bertan landuko diren edukien garrantzia azpimarratzea da.

Hortik aurrera hamaika kapitulu aurkezten dira, bakoitza autore bakarrekoa. Hainbat atalburuk gai berbera ikuspuntu ugaritik lantzen dute. Adibide nabarmenena bideo-jokoetako emakumezko pertsonaien inguruko kapituluak dira, zeinetan hauen diseinu eta estetika, kontatzen den istoriaren egitura narratiboan daukaten funtzioa eta urteetan zehar izan duten garapena aztertzen da. Horretaz gain Bioware estudioaren analisi zehatza ere lantzen da.

Bestelako gai asko ere lantzen dira: emakumeak orohar bideo-jokoen historian, emakumearen lekua programaziogintzan, bideo-jokoen kazetaritza, marketing eta publizitatea, hizkuntza eta bideo-joko itzulpengintzaren garrantzia ikusgaitasuna landu aldera eta emakume bideo-jokalari profesionalak e-kiroletan.

Eduki guzti hauek diziplina askotako profesionalek sinatzen dituzte eta autore guztiek esperientzia daukate bideo-jokoen munduan. Kazetarien artean Marta Trivi, Laura Gómez eta Paz Boris ditugu. Bideo-jokoen garapenari lotuta María Perez (diseinatzaile eta kritikaria), África Curiel (gidoilaria), Andrea Sacchi (garatzailea), Isabel Cano (bideo-joko garapen irakaslea), Diana P. Gómez (ekoizle eta kultur eragilea) eta  Irene Alvarado (programatzaile eta diseinatzailea) daude. Hizkuntzalaritzaren arlotik  Judit Tur itzultzaileak parte hartzen du eta e-kirolen ordezkari gisa Street Fighter bideo-jokalari profesionala den Nerea «Nercromina» Díaz.

 

Arazo berdina, testuinguru desberdina

Jadanik betaurreko moreak jantzita ditugunontzat liburu honetan deskribatzen diren egoera batzuk ezagunak ditugu. Hau horrela da emakumeok gure egunerokotasunean bizi ditugun egoerak direlako baina bideo-jokoen testuinguruan kokatuta. Eta, bideo-jokoen munduaren barruan, alderdi oso ezberdinetan ere egoera eta jarrera komunak agertuko dira. Horrek argi uzten du balore sistema berdinarekin ebaluatuko direla kazetariak, garatzaileak, e-kirol jokalariak edota fikziozko pertsonaiak ere.

Esaterako, iruzurtiaren sindromea etengabe aipatzen da. Garatzailea bazara gizonak baino garatzaile hobeagoa zarela erakutsi behar duzu. Jokalari profesionala bazara ezin zara erdipurdizko jokalari bat izan, gizonak baino hobeagoa izan behar zara eta beraien errespetua taldean irabazi. Etengabeko perfekzioa bilatu beharrak, bai gure lanean, bai gure irudi pertsonalean, antsietatea sentitzera bideratzen gaitu. Zer esanik ez pertsonaia publikoen kasuan, Interneteko trollen jazarpena jasotzeko aukera dagoelako, besterik gabe berdintasun eza aipatzeagatik. Ezaguna da Geguri Hego Koreako Overwatch bideo-jokalari profesionalari gertatutakoa; iruzurretan ari zela leporatu zitzaion eta bere jokatzeko gaitasunak benetakoak zirela erakutsi behar izan zuen. Antza denez, emakumeok ezin dugu hain ondo jokatu.

Edukien artean behin eta berriro errepikatzen diren adibideak aurkituko ditugu eta kasu batzuetan momentu historiko, gizarte eta politikari lotuta egongo dira. Kazetaritzari dagokionez Gamergatea da zalantzarik gabe esanguratsuena eta geroztik bideo-jokoen munduan berdintasunaren aldeko aldarrikapenak bideraktu dira. Azpimarragarria da ere hortik abiatuta bideo-jokoen munduko Metoo mugimenduari buruzko gogoeta, Hollywoodi etengabeko aipamenak aurkituko ditugularik.

Gizartea ulertzeari begira, oso interesgarria da publizitateari buruzko kapitulua. Honetan azaltzen denez, lehendabiziko bideo-jokoak familien merkatuari zuzenduta zeuden eta pixkanaka merkatu-nitxo zehatz batera bideratu ziren, gizonezko gazteei hain zuzen ere. Geroztik teknologia eta bideo-jokoen kontsumoa gizonezkoen gauza zela zabaldu zuen, zuzenean eraginez emakumeen aisialdi kontsumoan, hala nola ikasketa teknologikoetatik aldentzea ekarriz.

Garrantzitsua da azpimarratzea gai hau lantzerakoan negatibismoan erortzea oso erraza dela. Bideo-jokoen munduan ーeta gizartean oroharー berdintasun ezak atsekabea eragin dezake eta horrek testuaren tonuan eragin dezake irakurlea gogaituz. Alabaina, nahiz eta ¡Protesto! liburuan askotan egoera oso ezkorrak azaldu, autoreetako askok irtenbideak eta lan estrategiak proposatzen dituzte. Adibide garbiena hizkuntzari buruzko tartea da, Judit Turrek gazteleraz bideo-jokoak sortu edo itzultzerakoan hizkuntza inklusiboa erabiltzeko gakoak ematen dituelako.

Puntu honetara iritsita, onartu behar da liburuak LGTB+ idazleak aurkezten dituela eta gai hau bere edukietan lantzen duela gizon-emakume binarisma gaindituz. Edonola ere, epilogoan arrazaren inguruko gogoeta egiten du, hori lantzear geratu den kontzeptu bat dela onartuz.

 

Mundu zabalari zuzendua

Esan bezala liburuak bideo-jokoen munduko arlo desberdinak lantzen ditu genero ikuspuntutik. Aitortu behar da  ikerketa akademikoan jarduten dugunok testuek zerbait faltan dutela somatu dezakegula. Izan ere, ikerlariak ohituta gaude arrazoiketa guztiak beste ikerketa eta datuetan oinarrituak aurkitzera. Hainbat kasutan autoreek iturri bibliografikoak, estatistikak eta bestelako informazioak gehitzen dituzte. Alabaina, irakurle ez-akademiko bati zuzendutako liburu bat den heinean, informazioen iturriak etengabe erreferentziatzea ez da beharrezkoa.

Are eta gehiago, askotan autoreek beraien esperientzia pertsonalean oinarritzen dute testua, ia autobiografia bihurtuta, Nerea «Nercromina» Díaz Street Fighter bideo-jokalari profesionalak idatzitako pasartean gertatzen den bezala. Subjektibotasuna arazo bat izan beharrean norberaren errealitatearen isla bezala agertzen da. Hori, genero teorietan txertatu ondoren gizarte errealitate bat irudikatzen ari dela ikusten dugu, diskurtsoa indartuz.

Nerfeadas: irakurri ez nahi dutenentzat

Esan daiteke liburu honek ikus-entzunezko jarraipena izan zuela YouTubeko Nerfeadas dokumental seriean. Nerfeadas Marina Amoresek ere burututako proiektua da, 11 atalez osatutako dokumentala delarik. 2020ko martxoan estreinatu zen eta kapituluak banaka igo zituzten YouTubera, jadanik guztiak eskuragarri daudelarik. Batezbesteko 30 minutuko iraupena dute kapituluek, guztira 6 orduko edukiak eskainiz.

Honetan, liburuan bezala, bideo-jokoen munduan dagoen berdintasun eza azpimarratzen da atal bakoitzean gai bat landuz. Gaiak oso orotarikoak dira: bideo-jokoen historia, garapena, e-kirolak, kontsumo ohiturak, kazetaritza… Aipatu behar da liburuko atalak idatzi dituzten autoretako batzuk dokumentalean elkarrizketatu gisa parte hartzen dutela. Horien artean, Marta Trivi kazetaria dokumentalean gidoilari bezala aritu da.

 

Beharrezko liburua

Laburbilduz, nahiz eta liburua orain dela urte eta erdi argitaratua izan informazio oso gaurkotua eskeintzen du. Liburuaren alde positiboena ikuspuntu eta autore aniztasuna da, errealitate bat alderdi ugaritik aurkezten duelako genero ikuspegia oinarri hartuta. Arazo berdina da, baina arlo desberdinetan. Eskertzekoa da gainera, Anait Videojuegos argitaletxeak egindako apostua, emakumeei idazteko aukera emanez emakumeei buruzko gaietaz hitz egiteko, are eta gehiago, hain maskulinizatuta dagoen bideo-jokoen munduan

  • Izenburua: ¡Protesto! Videojuegos desde una perspectiva de género
  • Autorea: VVAA (Marina Amores kordinatzailea)
  • Argitaletxea: Anait Games
  • Argitaratze urtea: 2018