Valvek garatutako tresnak The Witcher 3, Grand Theft Auto V edota Sekiro bezalako obrak Linuxen oinarritutako sistema eragileetan jokatzea bideragarri egiten du.

ProtonDB webguneak iragarri duenez, Windowserako garatutako 6.500 bideojoko baino gehiago Linuxen jokatzeko prest egin ditu Valvek sortutako Proton tresnak.

2018. urtean Valvek Steam Play zerbitzuaren bertsio berria iragarri zuen. Zerbitzuak bideojoko zehatz batzuk behin erosita Windows, Mac eta Linuxen jokatzea ahalbidetzen dio jokalariari. Zerbitzu hori erakargarriagoa egin nahian, Windowserako sortutako jokoak modu erraz batean Linuxen erabilgarriak izateko ideia abiarazi zuten: Proton proiektua.

Proton Wine tresnan oinarrituta dago. Proiektuarekin Linuxen oinarritutako sistema eragileak erabiltzen dituzten jokalariek modu erabilerraz batean Steamen erosita dituzten jokoetara jokatu ahal izatea bilatzen du Valvek, Windowsera mugatu gabe.

12.800 obra frogatuta

Inolako aldaketarik egin gabe Steamen jokatu botoia zanpatuta arazorik gabe funtzionatzen duten jokoei Platinum maila ematen die Proton DBko erabiltzaileek. 12.800 bideojoko frogatu dituzte orain arte Protonekin; proiektua jaio eta bi urte ondoren, Platinum kategoria duten 6.500 bideojoko izatera heldu dira. Horien artean Skyrim, The Witcher 3, Metal Gear Solid V edo Sekiro daude.

Asko kategoria horretara iritsi ez diren arren arazo gutxi batzuekin jokatu daitezke, orain gutxira arte Linuxen jokatzea guztiz ezinezkoa zen bitartean. Protonen gabezi handienen artean Easy Anti-Cheat sistema erabiltzen duten jokoekin duen bateragarritasun eza dago. Sistema hori sare bidezko jokoa duten hainbat jokok erabiltzen dute.

Valve urte luzez agertu da Linuxen alde. Horren adibide argia dira orain urte batzuk sortutako Steam Machine PC eta kontsolen arteko hibridoa eta bere sistema eragilea, Linuxen oinarritutako SteamOS.

Hibridoaren proiektua bertan behera geratu zen arren SteamOSekin lanean jarraitzen dute. Protonek gero eta bultzada handiagoa hartzen ari delarik ikusteko dago Valvek berriz antzeko proiektu batean murgiltzeko asmoa duen.