2024rako prest edukitzeko asmoa iragarri dute. Ez dute gailuaren bideojoko esklusiboak iritsiko diren zehaztu.

PlayStation VR2 errealitate birtualeko gailua PCra iritsiko da. Horrela iragarri du Sony-k PlayStation Blogean argitaratutako albistean: “PS VR2ko jokalariek PCko bideojokoak erabiltzeko gaitasunak probatzen gabiltza”.

Euskarria aurten prest izango dutela aurreratu du Gillen McAllister SIEko edukien komunikazio arduradunak. Hala ere, zaleei eguneraketen zain egoteko eskatu die.

Betaurrekoak zein aginteak ofizialki erabiltzeko aukera egongo dela ezagututa, PS VR2ren errealitate birtualeko titulu esklusiboak PCra iritsiko ote diren galdetzen dute askok orain. Izan ere, Horizon Call of the Mountain edo Resident Evil 4 Remake zein Village PlayStation 5 kontsolan soilik joka daitezke errealitate birtualean.

PS VR2aren lehen urteurrena ospatzeko egin dute iragarpena; izan ere, 2023ko otsailaren 22an merkaturatu zituen PlayStationek 40 titulurekin batera.

Urtebetean hainbat joko gehiago estreinatu dituztela nabarmendu dute arduradunek, baina are gehiago iritsiko direla diote: Zombie Army VR, Little Cities: Bigger!, Wanderer: The Fragments of Fate, The Wizards – Dark Times: Brotherhood eta beste hainbat datoz errealitate birtualera.

Urtarril bukaerako State of Play aurkezpenean, berriz, Metro Awakening eta Legendary Tales aurkeztu zituzten.