“Baliabideak orekatzeko” helburuarekin hartu dute erabakia. Erosten jarraitu ez, baina eskuratutakoak jaisteko trabarik ez dute jarriko.

TheGamer webguneak hasitako hainbat zurrumurruren ostean, Sonyk baieztatu egin du azkenean: PS3ko, PSPko eta PS Vitako saltoki digitalak itxi egingo dituzte.

Enpresa japoniarrak azpimarratu duenez, hauek ixteko erabakia “baliabideak orekatzeko” asmoarekin hartu dute: baliabide horiek PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletako PS Storeetara zuzendu nahi dituzte modu horretara. PS3ko eta PSPko saltokien kasuan uztailaren 2an emango da itxiera; PS Vita berriagoaren Storeko guneak, berriz, abuztuaren 27an itxiko ditu bere ateak.

Erabakia ez da harritzekoa: PlayStation 5aren merkaturatzearekin PS Storea eraberritu zuten japoniarrek. Bertan kontsola zaharretarako edukietarako sarbidea ez zegoen ikusgai, beste bide batzuetatik sartzea posiblea zen arren.

PlayStation webgunean itxiera honek ekarriko dituen ondorioak zehazteko atal berezia sortu du Sonyk. Erabiltzaileek dagoeneko erosi dituzten bideo-joko digitalak zein horien eduki gehigarriak jaitsi eta instalatzen jarraitu ahalko dutela adierazi dute arduradunek Storeko deskargen ataletik.

Gauza bera gertatzen da PlayStation Plus harpidetza zerbitzuaren baitan emandako jokoekin: harpidetza mantenduz gero horiek jaitsi ahalko dituzte erabiltzaileek.

Zorroan gordetako diruari dagokionez hori erabiltzen jarraitu daiteke, baina ezin izango da diru gehiago gehitu zorro digitalera; bertako dirua PS5eko eta PS4ko produktuak erosteko erabili ahalko da soilik.