Krafton korearraren battle royale ezagunak genero beste hainbat hartutako bidea jarraitu du. Brendan Greene arduradun nagusiak enpresa utzi zuen.

Gaur egun battle royalen estiloko dozenaka joko aurki daitezke merkatuan, edozein plataformatan. Hala ere, genero hau hedatu zuen lehenengo proiektua Brendan Green garatzailearen PlayerUnknown’s Battlegrounds izan zen; gaur egun PUBG: Battlegrounds deitua, tiro joko ezaguna doako formatura igaro dela iragarri dute arduradunek. PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan dohainik joka daiteke obra honetara.

Krafton enpresa korearrak abenduko The Game Awards sarietan iragarri zuen free to play formatura pasako zirela PUBGrekin. Urtarrilaren 12rako baieztatu zuten, baina dagoeneko saltoki desberdinetan doan jaitsi daiteke.

Muga gutxi batzuekin, baina oinarrizko guztia edukita goza dezakete erabiltzaileek battle royale honetaz. Hori bai, aurretik jokoa erosita zutenek hainbat ordainsari jasoko dituzte partida hasterakoan. Battlegrounds Plus deitutako harpidetza aktibatuko zaie: honek ranked joko mota, partida pertsonalizatuak jokatzeko aukera eta bestelako ezaugarriak ahalbidetzen ditu.

Horrez gain, itxura bereziak nahiz sarten eta identifikazio txapa propioak jasoko dituzte PUBGren erabiltzaile zaharrek.

Brendan Greene garatzaileak ARMA jokorako garatutako Day Z: Battle Royale mod-etik jaiotako proiektua da PUBG. Hainbat modetan lan egin ondoren, Bluehole estudio korearra Greenekin harremanetan jarri zen PlayerUnknown’s Battlegrounds sortzeko.

Blueholen estudio desberdinak gaur egun Krafton Game Union enpresaren menpean daude. Greenek bideo-jokoaren garapena utzi egin zuen bere proiektuetan fokuratzeko.

PUBG: Battlegrounds PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan joka daiteke dohainik.