Lehen Quaken 30. urteurrena ospatzeko eratutako lana da. MachineGames taldea arduratu da garapenaz.
Bethesda eta id Software taldeek Quake: Dawn of the Machine espantsioa iragarri eta argitaratu dute. Quake originalaren birmasterizazioaren erabiltzaileek debalde jaso duten eduki gehigarri guztiz berria da.
Izan ere, sagaren 30. urteurrenari lotutako DLCa da —baita id Softwaren 35. urtebetzeari ere—: 1996. urtean kaleratutako lehen bideojokoaren oinarriak hartuta, MachineGames estudioa arduratu da espantsioa osatzeaz —Wolfenstein edo Indiana Jones berrienen egileak, besteak beste—, Trenchbroom editoreaz baliatuta.
Hemeretzi maila biltzen ditu eduki gehigarriak, baina birjokagarritasuna nagusi ei da; okertutako dimentsio labirintikotik ihes egin beharko dugu Ranger protagonistarekin, errunen bitartez gainditutako mailetan bide berriak desblokeatuz. Aldaketak eta ezustekoak nagusi izango dira uneoro, girotze zein etsai aldetik ustekabekoak ikusita.
Orain arte ikusi gabeko arerio mota berria, eta armategiaren eraldaketak ere ikusiko ditugu; bukatzeko, deathmatch mapa berria eta soinu bandarako ekarpenak ere aipatu dituzte egileek, trikimailuen menuarekin, lorpenekin eta era guztietako zuzenketekin batera.
Esan bezala, Nightive Studio-k prestatutako birmasterizazioan gehitu dute Dawn of the Machine, dohainik: PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan nahiz PCan jokatu ahalko dugu. Ordenagailuei dagokienez, Steam bertsioa da eguneratu duten bakarra; beraz, GOG eta EGS saltokietako erabiltzaileek ezingo dute eduki berria probatu.
Lander Unzueta
Iruzkinak