King’s Field bezalako tituluen oinarriak bereganatu ditu Freshly Baked Games estudioak. PCan eta egungo kontsoletan jokatu ahalko da.
Future Friends Games indie argitaletxeak Queen’s Domain urriaren 30ean plazaratuko duela jakinarazi du. RPG abenturan FromSoftware japoniarraren titulu klasikoak ditu inspirazio iturri.
Hain zuzen ere, King’s Field sagaren zaleek déjà vu ederra biziko dute bideoak ikusterakoan: PlayStation originalean abiatutako proto Dark Souls jokoen elementu guztiak bereganatzen ditu —izenari ere keinu eginda— Queen’s Domainek.
Lehen pertsonako ikuspegian jokatzen den akziozko RPG eta ziega ibiltari jokoaren aurrean gaude, hortaz. Neasied irlan desagertutako aitaren bila joko du protagonistak: magia ilunez betetako tokian denetariko munstroak eta kondairak esnatu dira, eta erregina maltzurra ere askatzen hasia da.
Endu izeneko hegodun ezpata magikoa eskuan hartuta, kolpeka, magiaka zein saltoka ibiliko gara ziega eta ingurune desberdinetatik. PS1eko jokoak gogorarazten dituen estetika badu ere, jokagarritasun mekanika zaharberrituak ikusiko ditugu jokoan, borroka bizkorrak eta dinamikoak ahalbidetuta.
Labirinto erraldoia eratuko duten elkar konektatutako zoko misteriotsuak, 50 arma desberdin eta 20 jaurtigai, ezagutu beharreko pertsonaiak… eta, zelan ez, 100 bat munstro mota beldurgarri zein buruzagi boteretsuak agintzen ditu Freshly Baked Games estudioak. Soulslike estiloko jokoen jarraitzaileek maite dutena, laburbilduz.
Probatu nahi dutenek demoa dute eskuragai Steam plataforman. Urriaren 30ean estreinatzen denean, ordea, PCan zein PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletara iritsiko da Queen’s Domain.
Lander Unzueta
Iruzkinak