Ultimate izeneko edizio berezian eduki gehigarri guztiak bilduko dituzte egungo belaunaldian zein berrian; plataformen arteko jokoa ere ahalbideratuko dute.

Mortal Kombat 11k hazten jarraituko du. Maiatzean Aftermath espantsioa kaleratu ostean hiru borrokalari berri gehituko dituztela iragarri dute garatzaileek: Mileena eta Rain ezagunekin batera, Sylvester Stalloneren Rambo pertsonaia ere iritsiko da borroka jokora.

Garatzaileek azaldu dutenez Stallonerekin elkarlanean aritu dira: aktoreak bere pertsonaiari jokorako ahotsa jarri dio.

Horiek Kombat Pack 2 DLCaren barruan salduko dira. Borrokalariez gain, pertsonaia desberdinentzako jantzi eta itxurak ere batuko ditu eduki gehigarriak.

DLCa ez da NetherRealmek jokoaren inguruan egin duen iragarpen bakarra izan. Eduki gehigarri guztiak eta oinarrizko jokoa batuko dituen Mortal Kombat 11 Ultimate edizioa kaleratuko dute egungo zein belaunaldi berriko kontsoletarako.

Mortal Kombat 11, Aftermath, Kombat Pack 1 eta 2 batuko dituen edizio horrek hainbat berritasun ekarriko ditu PS5 eta Xbox Seriesera: 4K-ko bereizmen dinamikoa, hobetutako grafikoak eta karga denbora azkarragoak ikusiko dira kontsola berrietan.

Bideojokoa erosita daukatenek ez dute berriz ordaindu beharko hobekuntza horiek ikusteko: bertsio berria doakoa izango da PS4 eta Xbox Oneko jokoa erosita edukiz gero.

Plataformen arteko jokoa ere baieztatu dute NetherRealmekoek. PS5, PS4, Xbox Series X eta Xbox Oneko jokalariek elkarren aurka borrokatu ahalko dute eguneraketarekin.

Mortal Kombat 11 Ultimate eta Kombat Pack 2a azaroaren 18an estreinatuko dira.