Rivet izeneko protagonista berria ezagutzera eman dute. Etzi jokoa sakontasunean erakusteko State of Play aurkezpena egingo du Sonyk.

PlayStation 5a eta orokorrean belaunaldi berria estreinatu zenetik honi soilik zuzendutako bideo-joko kopuru oso urria izan dute kontsola horiek erosteko zortea izan dutenek. Sonyren kasuan Demon’s Soulsen remakea eta Spider-Man: Miles Morales dira aipatu daitezkeenak, eta halere azken hori PS4an ere ikusi izan da.

Egoera hau laster aldatzera datoz PlayStationekoak, baina. Apirilaren 30ean estreinatuko den Returnalez gain oso hurbil dago Ratchet & Clank bikote ezagunaren abentura berria. Ratchet & Clank: Rift Apart ekainean kaleratuko du Insomniac Gamesek, eta zaleak berotzen hasteko gogotsu daude jada.

Horren adierazgarri da argitaratu duten azken trailerra. Bertan istorioari buruzko xehetasunak ematen dituzten arren, garatzaileek jostagarritasuna erakutsi nahi izan dute bideoarekin. Rivet protagonista berria aurkeztu dute bertan: Ratchet bezalaxe Lombax arrazako pertsonaia izango da, eta ohiko protagonistak egin bezala Clank robota lepoan hartuta ibiliko da saltoka eta tiroka.

Hala ere Rivet beste dimentsio bateko bizilaguna da, eta horren ondorioz sagako jarraitzaileek ondo ezagutuko dituzten kokalekuen bertsio alternatiboak bisitatuko dituzte berarekin. Trailerrean Sargasso eta Torren IV ikus daitezke, baina baita Nefarious City bezalako gune berriak ere.

Xehetasun maila ikaragarria erakusten dute kokaleku hauek, PlayStation 5aren indarraren adierazgarri bikainak izanik. Gauza bera gertatzen da garatzaileek dagoeneko aipatutako portalekin: SSD disko gogorrari esker gune batetik bestera teleportatzea berehalakoa izango da Rift Aparten.

Musika ere nabarmendu dute PlayStationekoek beraien blogean. Mark Mothersbaugh arduratuko da jokoaren soinu bandaz: konpositoreak aldez aurretik Crash Bandicooten hiru joko klasikoetan zein Jak & Daxter sagan lan egin zuen. Trailerrean entzun daitekeen musika bere talde propio DEVOrekin sortutakoa da hain zuzen ere.

Dena dela, Ratchet & Clank: Rift Aparten berritasunak ez dira trailerrarekin geldituko. Etzirako State of Play aurkezpen digitala iragarri du PlayStationek trailerrarekin batera: Insomniac Gamesen jokoari soilik zuzendutako egitasmoa izango da oraingoan. Ordu laurdeneko iraupenarekin, ostegunean 23:00etan emango diote hasiera, eta Twitch zein Youtube bidez jarraitu ahalko da.

Ratchet & Clank: Rift Apart ekainaren 11n merkaturatuko dute PlayStation 5erako.