3D Realmsek eta beste hainbat estudiok Lunacid, Agent 64, Islands of the Caliph eta askoz gehiago aditzera eman zituzten.

Bideojokoen aurkezpenen artean Realms Deep ez da ezagunena, baina tiro joko retroen jarraitzaileentzat altxor hutsa izaten da. Doom edo Quake klasikoetatik abiatzen diren tituluak ez ezik, bestelako FPSak ere agertu dira 2023ko ekimenean —luzeegian, ia lau orduko iraupena eduki zuen—: RPG abenturak, dungeon crawler-ak, immersive sim itxurosoak zein bermasterizazioren bat edo beste ere erakutsi dituzte.

Modu horretara, Deus Ex eta Metal Gear Solid bezalako maisulanei keinu egiten dieten lanak ere ikusi ditugu aspaldiko jokoen zaleei zuzendutako ospakizunean. Ezagutu ditzagun 3D Realms taldekoen etxeko nabarmengarrienak.

 

Phantom Fury

Aro berriko klasiko baten jarraipenarekin hasten gara. Ion Fury ezagunaren bigarren atala izango da Phantom Fury: 3D atal grafiko eraberrituarekin, Duke Nukem 3Dren itzaletik aldenduko da kanpaina landuagoa eskaintzeko. Demoa argitaratu dute Steam-en, probatu nahi izanez gero.

Gainera, Ion Fury: Aftershock espantsioa argitaratu dute 3D Realmsekoek.

 

Wrath: Aeon of Ruin

Quaken oinarritutako —originalaren teknologia erabiliz sortu da— tiro joko itxurosoa dugu Wrath. 2019an sarbide goiztiarrean estreinatu zen, eta 3D Realmsek argitaratze data ofiziala zehaztu du azkenik: otsailaren 27an kaleratuko dute.

Deabruak, magia eta eskopetak uztartuko dituen FPSa dugu, ez du beste azalpenik behar.

 

Core Decay

Ivar Hill garatzailearen titulua ez da FPSa izango berez, Deus Ex originala oinarri hartutako retro immersive sim abentura baino. Nola ez, 2089ko etorkizun distopikoan girotuko du jokoa: akzioa egongo da, baina baita isilpea eta hizketaldiak ere.

Ez dauka argitaratze datarik, luzerako doala suposatu beharko da, beraz.

 

Agent 64: Spies Never Die

Izena irakurrita badakizu zer datorren. Nintendo 64 kontsolako Goldeneye eta Perfect Dark mitikoak hartzen eta eraberritzen dituen obra berezia da Agent 64.

Jokoaren gaur egungo egoera erakusteaz gain, Replicant D6 taldekoek ezaugarri berria aurkeztu dute: tokiko kooperatiboa. 2023an kaleratzeko asmoa agertu dute Steamen, baina auskalo.

 

Mullet Mad Jack

Speedrun komunitateari zuzendutako bideojokoa izango da hau. Cyberpunk etorkizunean girotuta, gure protagonista zuzenekoen munduan murgilduko da ikusleei sarraskiak eskaintzeko.

Hilketa ikusgarriak eta anitzak egitea izango da gure helburua, hortaz: hamar segunduro arerio bat akatu beharko dugu, gutxienez. 2D anime estetika erakargarria bezain zoroa prestatzen dabiltza oraindik kaleratze datarik gabeko Mullet Mad Jackentzat.

 

Islands of the Caliph

Aurkezpeneko lanik berezienetakoa, zalantzarik gabe. Lehen pertsonako RPG abentura klasikoetan oinarritzen da Islands of the Caliph: ekialde ertaineko folklorean girotzen den dungeon crawlerra dugu.

Retro mekanika horiek barneratu gura dituenez, ezingo dugu agintearekin jokatu: teklatuarekin aritzeko lana izango da. Probatzeko aukera dugu dagoeneko, Steamen demoa baitauka.

 

Fallen Aces

New Blood Interactive-koek beste behin erakutsi dute noir estiloko FPSa. Misio anitzak bete beharko ditugu mafiosoen aurka eginez. Tiroketak nagusi izango badira ere, maila ez linearrak agintzen dituzte: isilpean ibili ahalko gara, eta esplorazioak bere sariak eskainiko dizkigu.

2024 hasieran jasoko dugu, baina ez joko osoa: sarbide goiztiarrean estreinatuko da kanpainako lehen atal handiarekin.

 

Holstin

Beldurrezko bideojokoen munduak sekulako ezustekoa hartu zuen orain aste batzuk Holstin ikusgarriaren bideoarekin. Berriz ikusi dugu Realms Deep aurkezpenean. Ikuspegi isometrikodun abentura izango da; tiro egitean, ordea, sorbalda gaineko ikuspegira igaroko da akzioa.

Demoa proba dezakegu Steamen, baina kontsoletan kaleratzeko asmoa ere badu Sonka garatzaileak.

 

Bloodless

Shooter-ak baino gehiago agertu ziren aurkezpenean. Hori da Bloodless ederraren kasua: Tomoe samuraia kontrolatuko dugu Shogun maltzurra garaitzeko. 2D retro borrokak girotze japoniarrarekin, eta istorio sakonarekin.

“Laster” ikusiko dugu Point N’ Sheep estudioaren titulua.

 

Lunacid

FPS itxura duen arren, FromSoftware talde japoniarraren King’s Field mitikoetan —Dark Souls jokoen aurrekariak, modu batean— oinarritutako lana da Lunacid.

Dungeon Crawler berezia izango da: ziegak, gazteluak, tenpluak eta gehiago esploratuko ditugu era guztietako munstroei aurre eginez ezpatarekin zein magiarekin. Sarbide goiztiarrean dago aspalditik, baina argitaratze datarik zehaztu gabe.

 

The Looter

Plataformak, beldurra eta tiroak 2D estetikarekin elkartzen ditu Looterrek. Prince of Persia zaharren mekanikak, metroidvania mundua eta beldurrezko filmeen izakiak ikusiko ditugu hemen.

Esplorazioa izango da nagusi beraz, baita borrokak ere. Itxura aparta duen arren, ez dakigu noiz estreinatuko den Tactical Dogs-en lana.

 

Cultic: Interlude

Culticen bigarren atala jaso aurretik helduko den doako eguneratzea da Interlude; hurrengo mailetan ikusiko ditugun mekaniketako eta ideietako batzuk ageri dira hemen.

Estetika benetan bereziarekin, tiroak eta odola ikusiko ditugu nagusiki. Interlude estreinatu da dagoeneko.

 

Prodeus: The Elder Veil

The Elder Veil Prodeusen espantsio txiki baina osoa izango da. Gantxoa gehituko dio FPS zoragarriari, baita arma eta maila berriak ere.

Hau ere “laster” estreinatuko dela diote Humble Games argitaletxekoek.

Realms Deep 2023 aurkezpenak askoz ere bideo gehiago bildu zituen —zer nahi duzue ba: lau ordutan trailer asko sar daitezke—. Osorik ikusi nahi baduzue, jarraian daukazue: