Datorren urtean estreinatuko da ThirtyThree eta Aggro Crab indie taldeeen lan berria: PCan kaleratzeko asmoa iragarri du.
Rebounder plataforma abenturaren bideo berria aditzera eman du Aggro Crab argitaletxeak. Erreboteak, eztandak eta komiki klasikoen estetika uztartzen dituen titulu interesgarria prestatzen dabiltza.
Urrutiko planeta bateko banatzaileak izango gara ThirtyThree estudioaren jokoan. Objektuak puntu batetik bestera eramatea izango da helburua: bi dimentsioko jokagarritasunarekin, planetako zein baseko oztopoak gainditzen, eta flora zein fauna estralurtarra eskuan hartuta, jaurtita eta beraien gainean errebotatuta aurrera egiten ariko gara.
Super Meat Boy edo Celeste bezalakoak gogora ekar ditzakeen lana den arren, Rebounderrek mekanika nahiz estetika aldetik berezko nortasuna eratzea lortu duela ikus daiteke. Komiki klasikoen tintaztatzearekin, baita istorioa kontatzeko bineten erabilerarekin ere, efektu erakargarria eratu dute egileek; aldi berean, jokagarritasun aldetik ikusitakoak bizkorra, dibertigarria eta jokatzeko erraza, baina menperatzeko zaila dirudi.
Aggro Crabekoek diotenez, speedrunner kondairak zein kaizo erako bideojokoak omentzera datoz bideojokoarekin. Mailak bizkorrak eta dinamikoak izango dira, eta, esploratzera ausartzen direnentzat, sekretuz eta are desafio zailagoz —”benetako eroentzat” egindakoak— betetakoak.
Ordenagailuetan estreinatuko dute, printzipioz Steam plataforma bidez, datorren urtean: data guztiz finkatu gabe utzi dute oraingoz.
Lander Unzueta
Iruzkinak