Redout: Enhanced Edition 34BigThings SRL-ek 2016ko irailaren 2an garatutako eta kaleratutako bideojokoa da, maila batean Nicalis eta 505 Games-ek ere argitaletxe bezala jokatu bazuten ere. PC-rako, PS4-rako, Xbox One-rako zein Nintendo Switch-erako egoteaz gain, Amazon Luna laino zerbitzuan ere dago eskuragarri. PC-en, Steam eta Epic saltokietan saltzen da modu arruntean, jokoa zein bere gehigarriak banan-banan eros daitezkeelarik. GoG saltokian ordea, Redout: Solar Challenge Edition deritzonak jolasteko gehigarri guztiak barne hartzen ditu. Redout lasterketa bideojokoen generoan koka dezakegu eta horren barnean, lasterketa anti-grabitate ontzien taldean.

 

Hainbat lasterketa berritasunak dakartzan eredu batekin

Bideojokoak kanpaina luzea aurkezten digu, bertan SRRL (Solar Redout Racing League) ekitaldiak banan-banan jarriko dizkigu, eta hauetako bakoitza ontzat emana izateko gutxienez brontzezko domina lortu beharko dugu. Hala ere, ez da beharrezkoa ekitaldi bat gainditzea hurrengora pasatzeko; beraz, nahi dugun ordenean egin ditzakegu ekitaldiok.

Kanpaina sistema ingurugiro bakoitzaren aurkezpena egiten joango da, astiro-astiro toki bakoitzeko bost zirkuituak erakutsiz. Horrez gain, jolasteko modu ezberdinak tartekatzen joango da, bakoitzean lortu behar diren helburuak aldatuz joango direlarik. Lau abiadura maila dauzka jokoak eta behetik gora mailakatuta ipiniko dizkigu kanpainak: jokoaren hasieran 1. mailako ibilgailuak erabiliko ditugu, eta amaieran 4. mailakoak, azkarrenak. Ekitaldien zerrendan aukeratzerakoan, erosi gabe dauzkagun eduki jaitsigarrien (ingeleraz DLC) ekitaldiak hizki urdinez agertuko zaizkigu, eta hauek ere egin nahi baditugu, lehenik erosi egin beharko ditugu.

Alboetaranzko galga edo frenuak eskuineko joysticka erabiliz maneiatzen dira

Jauzi handietan kontu handiz lur hartu beharko dugu.

Redout: Enhanced Edition-ek bere ekarpena egiten dio aspalditik existitzen den subgenero honi. Aginte batekin jolastekotan, ezkerreko joysticka ezker-eskuin mugitzeko erabiliko dugu, eskuin katua (R2/RT/ZR) azeleratzeko eta ezkerreko katua (L2 LT, ZL) balaztatzeko edo ibilgailua geldiarazteko. Horrez gain, atzera begiratzeko, kamera aldatzeko edo indargailuak (objektu/tresna bereziak) erabiltzeko botoiak ere badaude.

Aipagarria da uneroro izango ditugula bi adierazle: ibilgailuaren egitura eta bere energia adierazten dizkigutenak. Lehena garrantzitsua da, behea joz gero ibilgailua suntsitu edo desegin egingo delako, eta, jolasten ari garen moduaren arabera, denbora baliotsua galdu edo lasterketa bukatzeko aukera galduko dugulako. Bigarrena ere ezinbestekoa da, energia hori nahi dugunean aplika dezakegun turbo txiki bezala erabil dezakegulako.

Azpigenero honetako beste hainbat jokotan bezala, aldeetarantz bira errazago egiteko albo-balaztak edo albo-frenuak dauzkagu. Ohitura oso zabaldua da aginte bat erabiltzerakoan komando hauek gailauren katuetara lotzea (R2/RT/ZR eta L2/LT/ZL), Redout-ek beste erabaki bat hartu zuen ordea.

Alboetaranzko galga edo frenuak eskuineko joysticka erabiliz maneiatzen dira, ezker zein eskuinera mugituz (kontrol ezarpenetan beste bideojoko batzuetako kontrol klasikoak ere aurkituko ditugun arren). Hasieran sentzazio berezia da, ezkerreko joystickarekin jatorriz egiten gabiltzan mugimenduari, eskuineko joystickarekin antzeko laguntza gehigarria ematen ari gatzaiolako. Denbora bat pasa ondoren, ohitzea lortuz gero, bideojoko honen izaera puntu gehigarri positibotzat hartuko dugu seguraski.

Eskuineko joysticka ez dugu soilik albo-balaztetarako erabiliko, hau gora eta behera mugituz gure ibilgailuaren muturra altxatuko eta jaitsiko dugu. Muturra igotzea garrantzitsua da goranzko aldapetan, altxatu ezean muturrak lurra ukituko baitu gure abiadura geldotu eta txinparta sorta galanta ateraraziz.

Horrez gain, ibilgailuak jauzi handi bat egitean muturraren aldagaiak zeharo baldintzatzen du airean hartuko dugun norabidea, gure hegaldia luzatuz edo laburtuz. Salto arriskutsuek gure garaipenerako bidea laburtzea ekar dezakete, baina leku ez apropos batean lur hartuz gero ibilgailua suntsitu egingo da, denbora galera handi bat edo lasterketaren amaiera suposatuz (hautatutako jolas motaren arabera).

Zirkuituek deigarritasuna eta koloreen kontrastea bilatzen dute.

Zazpi ontzi talde aurkituko ditugu Redout-en, bakoitza estilo eta estetika oso desberdinarekin. Hauetako bat eduki jaitsigarri bati lotua dago, oinarrizko edukiak sei ibilgailu dauzka beraz. Bakoitzak azelerazioa, abiadura gorena, itsaspena, egitura, energia eta berkargatze ahalmena deritzoten ezaugarriak dauzka proportzio ezberdinetan antolatuta. Bakoitzarentzat patroi estetiko desberdinak hauta daitezke eta hauetariko bakoitzarekin, kolore nahasketa ugari. Zenbait Eduki Jaitsigarrik aipatutako patroi-marrazki eta kolore sorta berriak gehitzen dituzte (best eduki batzuez gain).

“Boss” deritzoten moduak ingurugiro jakin bateko bost zirkuituak iltzatzen ditu, tematika jakin horretako zirkuitu luze eta gogorrena sortuz

Talde bakoitzak lasterketa Klase bakoitzerako ibilgailu bat dauka, beti aurrekoa baino indartsuagoa. Talde berdineko lehen klasea nahiko erraz manieatzen da, bigarren klasera pasatzean aldea dago, hirugarren klasean kontua serioski jartzen da eta laugarrenean kontrol maila oso ona izan beharko dugu. Ibilgailu bakoitzeko klase bakoitzari lau hobekuntza egin ahalko dizkiogu: turbina, imanak, egitura eta energia.

Antzeko beste zenbait jokoetan bezala, informazio txataletan topatuko ditugu ibilgailu marka edo talde bakoitzaren izaerari buruzko datuak.

Redout: Enhanced Edition ingurugiro desberdinetan dago ordenatuta, hauetako bakoitzak antzeko itxura duten bost zirkuituz hornituta dago. Boskote bakoitzak orokorrean zailtasun ezberdineko jolaslekuak izaten ditu. Ingurugiro nagusiak oso erraz desberdintzen dira, bakoitzak estilo estetiko propioa duelako.

Bideojokoa kokatzen den aroan, gizateriak jadanik Lur planetatik ihes egin du, Martitz eta bestelako planetetan bizi da orain, hala ere, SRRL-k txapelketak antolatzen ditu Alaska eta Kairo bezalako ingurugiroetan. Hauetaz aparte, espazioko beste ingurugiro batzuk ere aurkituko ditugu: Martitz, Neptuno, Ilargia, Europa… Oinarrizko bertsioak 25 zirkuitu eskainiko dizkigu, eta gehigarri guztiak erosiz gero 60 izango dira, eskuragarri izango dugun zirkuitu kopurua nahikotxo handituz.

Lasterketa hasi aurretik, indartzaile aktibo eta pasibo bana hautatuko ditugu, eta hauek izango dira eskura izango ditugun tresna berezi bakarrak

Lasterketa joko honek hainbat jolasteko modu eskaintzen ditu, eta hauetako batzuetan aldaera ezberdinak ere aplikatzen dira. Lasterketa arruntetan adibidez, objektu indartzaileak onartzen dituztenak edo lasterketa hutsa bezala ezagutzen dena (pure race), indartzailerik gabekoa. Beste aldaera bat, adibidez, ibilgailua suntsitzerakoan zer gertatzen den arautzen duena da, normalean segundu batzuk beranduago berriz agertuko gara, baina beste aldaera batek ez du baimentzen berriz agertzerik, autoa matxuratzekotan akabo lasterketa.

Aipatutako bi aldaera hauek erlojupekoan ere aplikatzen dira, beraz, geure burua denboraren aurka neurtzerakoan arau desberdinak izango ditugu kasuaren arabera. Badaude beste modu batzuk ere, “Bizirik Dirauen Azken Pilotua” dei dezakeguna (Last Man Standing), hemen, zirkuituari bira bakoitza bukatutakoan azken doan pilotuaren ibilgailua erabat suntsituko da. Modu hau beste hainbeste jokutan ikus daiteke, baina honetan behintzat, merezi duen lekua dauka.

Erlojupekoetan denboraren aurka egingo dugu marka onenaren bila.

Badaude zenbait modu berezi ere, “Puntuazioa” eta “Abiadura” izenez ezagutuko ditugunak esaterako. Lehenean puntuazio bat jasotzen joango gara gauza ezberdinengatik: lasterketan daukagun posizioa, autoa ez suntsitzea, hormak ez jotzea… eta bukaeran puntuazio altuena daukanak irabaziko du. Bigarrena erlojupeko bat da funtsean, baina ezartzen diguten abiadura gainditzen dugun bakoitzean denbora gehiago lortuko dugu, gure zirkuituaren marka hobe dezagun.

Hala ere, niretzat berezienak azken biak izan dira. “Biziraute” moduan, oztopoak jartzen dizkigute zirkuituan eta ahalik eta distantzia luzeena egiteko eskatzen digute. Zoritxarrez, erlojua geure aurka ibiliko da eta astiroegi bagoaz azkenean denbora bukatu eta jokaldia amaituko da. Garrantzitsua da esatea oztopook, ontzia gogorki ahultzeaz gain pilotuaren ikusmena lausotzen dutela. Bukatzeko, “Boss” deritzoten moduak ingurugiro jakin bateko bost zirkuituak iltzatzen ditu, tematika jakin horretako zirkuitu luzeena eta gogorrena sortuz. Esperientzia berezia eta gogorra bilakatu daiteke, bost zirkuituei bira ematean akatsak egiteko aukerak zeharo handitzen baitira.

Ikusmenari dagokionez estilo psikodelikoa hautatu bazuten, soinuarekin berdina egin zuten

Azpigenero berdineko beste batzuekin alderatuta, Redoutek beste bide bat hartzen du. Hemen ez dago lasterketan zehar hartu eta ausaz erabakitzen diren indartzaileak. Bideojoko honetan, lasterketa hasi aurretik, indartzaile aktibo eta pasibo bana hautatuko ditugu, eta hauek izango dira eskura izango ditugun tresna berezi bakarrak.

Indartzaile aktiboen artean turbo bultzada gorena daukagu (ontzi guztiek dutena baino askoz indartsuagoa), bulkada elektromagnetikoa eginez inguruko beste pilotuen ikusmena lausotzen duen gailua eta arerio bati energia lapurtzeko gai den beste bat ere. Indartzaile pasiboak ez dira hain ikusgarriak baina onurak dakartzate hala ere, energia maila azkarrago betetzen laguntzen duena, errepidearekiko dugun itsaspena hobetzen duena edo arerio baten atze-atzean joaterakoan abiadura gorena eta energia betetze ahalmena hobetzen dituena adibidez.

Jokoaren soinu banda dinamikoa da eta jokalariaren egoerara egokituko da.

Aurrekontu oso handiko lana ez izan arren, bere garairako estetika landua aurkeztu zuen lana dugu. Ez da aintzindaria, baina ibilgailu eta zirkuitu interesgarriak eskaintzeko ahalegina ikusten zaio. Ingurugiro bakoitzak bere izaera du eta orokorrean kolore oso saturatu eta nabarmenekin eginda daude. Jokoak izaera deigarria bilatzen duela esan daiteke, askotan errepidearen koloreak pasaiarekiko duenaren kontrastea bilatzen baitu. Autoen talde bakoitzak oso estilo ezberdinak dauzka eta antzeko beste joko batzuekin konparatuta, oso erraz bereizko ditugu.

Oso azpimarragarria den beste alde bat soinua da. Lasterketetan zehar lantzean behin propultsoreen eta hormen aurkako kolpeen zaratak entzungo ditugun arren, hautatutako musikak agintea hartuko du. Soinu banda dinamikoa ezartzea erabaki zuten, gauzak horrela, lasterketan zehar gertatzen zaikigun gertaerek musikan aldaketak eragingo dituzte. Ikusmenari dagokionez estilo psikodelikoa hautatu bazuten, soinuarekin berdina egin zuten eta hainbeste erabiltzailek goraipatzen du jokoaren esperientzian soinuak hartzen duen pisua.

 

Aukera piloa erabiltzailearen esku

Redout: enhanced Editionek 12 jokalari arteko online bidezko multijokalaria dauka. Garatzaileek esanda, Steam eta Epic saltokietako bertsioek batera jolas dezakete (Crossplay aukera dago), interesgarria da, Epic Games saltokiak joko hau debalde eman zuela gogoratzen badugu. Hori jakinda, ziurrenik GoG-eko bertsioa ere ordenagailuko bestelako bertsioen aurka ibiltzeko gai izango dela penstarazten dit. Tamalez, kontsoletako bertsioek ez dute antzeko aukerarik.

Zoritxarrez, gaur egun ez dago jende askorik, eta bideojokoak konektatuta dauden jokalarien kopurua ematen badigu ere (orokorrean hamar bat pertsona), normalean inor ez da online modura jolasten egoten. Egia da jokoaren Discord zerbitzarian aurki daitezkeela zenbait pertsona, larunbatetan jolasten dutenak, baina jakizue maila goreneko beteranoak direla. Dena dela, aukera polita da, jadanik mundu mailan oso indarrean ez dagoen joko batera online jolasteko aukera mantentzen delako honela. Redout 2 jadanik kaleratua egoteak ere eragin handia dauka egoera honetan.

Errealitate birtuala erabiliz gero murgiltze maila handia lortuko dugu.

Redout: Enhanced Editionek errealitate birtualean jokatzeko aukera dauka. Bisorea bakarrik erabiliko da honetarako, errealitate birtualeko gailuen aginteak ez dute euskarririk, aginte arrunt bat edo teklatua erabiltzen jarraituko dugu ibilgailua maneiatzeko. Hala ere, ikusteko gailuak erabat aldatuko du gure esperientzia.

Bideojokoko lau ikusmirak eskuragarri dauden arren, lehen pertsonan diren biak hobesten dira, murgiltzea handitzen baitute (kabina barrukoa eta autoaren aurrekaldekoa). Hasieran zailagoa egiten da horrela jolastea eta norbaiti zorabiotxoren bat eragin dakioke kasuren batean burua ohitu arte, baina ahal izatekotan probatzea komeni den zerbait da.

Jadanik existitzen zen eredu batetik abiatuta zenbait gauza aldatu eta maila batean zerbait desberdina eskaintzen jakin izan dute

Bideojokoak bi jokalarirentzako pantaila banandu bidezko multijokalaria dauka baita ere. Jolasteko modu desberdinak, lau abiadura klaseak, ordenagailuak kontrolatutako arerioak eta bestelako hainbeste aukera dauzka. Kanpaina modua ezin da pantaila bananduan jokatu. Steam bidez Remote Play Together aukera erabil dezakegu online bidez norbait gonbidatu eta berarekin jolasteko (berak bidejokoa erosita eduki EZ arren).

Zenbait eduki gehigarri argitaratu dituzte 34BigThings SRL-koek. Gehienek bi ingurugiro gehitzen dituzte, beraz DLC bakoitzak 10 zirkuitu berri gehitzen ditu. Badago hauetariko bat, ingurgiro bakarra (5 zirkuitu) eta ibilgailu talde bat (bere 4 klase desberdinekin) gehitzen dituena.

Eduki bakoitzak ibilgailu guztientzako marrazki-patroi eta kolore sorta desberdinak gehitzen ditu. Garrantzitsua da esatea ingurugiro bakoitzak bere musika desberdina duela, ondorioz, gozatuko dugun soinu-pista kopurua ere handituko da. Online jolasterakoan, jokalarien gela irekitzen duen erabiltzaileak edukiok erosita izatea nahikoa da jabetza ez duten beste jokalariek ere goza ditzaten.

Abiadura sentsazioa da jokoaren ekarpen nagusietako bat.

Redout 2 2022ko ekainaren 16an kaleratu zen eta maila handi batean lehen jokoaren zahartzea azeleratu du. Jokalarietako asko sekuelara pasa dira; bestalde, badaude honi dagokionez zenbait gertakizun aipagarri. Kanpaina sistema eta ibilgailuen hobekuntza sistema aldatu dituzte Redout 2 egiterakoan, honen eraginez iritziak anitzak dira, baina badago lehen alearen eredua gustokoago duten erabiltzaileak.

Soinu bandan estilo aldaketa handia egin zuten eta zenbait jendek lehen jokoko musikarekin bigarren jokora jolasten duela aitortu du. Zoritxarrez Redout 2k ez du pantaila banandua bidezko multijokalaria eta errealitate birtualerako aukerarik ezarri (oraingoz behintzat). Online jolastu nahi izatekotan aukera zuzenagoa dirudi Redout 2k baina zoritxarrez Steam bidez 15 pertsona inguru dabiltza konektatuta azkenaldian (honek ez du esan nahi online jolasten dabiltzanik).

Etorkizuneko anti-grabitate lasterketak bizitzeko grina izatekotan, aukera ona izan daiteke Redout: Enhanced Edition. Jadanik existitzen zen eredu batetik abiatuta zenbait gauza aldatu eta maila batean zerbait desberdina eskaintzen jakin izan dute 34BigThings SRL-ko garatzaileek.

Hasi eta buka hari logiko bat jarraitzen duen lana da. Gaur egun oso zaila da azpigeneroko joko historikoen pare geratzea, baina alor honetan behintzat kontutan hartzeko moduko aukera suposatzen du. Bere zailtasun mailakatua interesgarria da, abiadura klase guztiak menperatzera heltzen ez bagara ere, gure gaitasunak baimentzen diguna gozatu ahal izango dugulako.