Control, The Last Guardian eta Insiden garatzaileei “sormen askatasun osoa” agindu die Epic-ek.

Epic Games Publishing argitaletxeak Remedy Entertainment ( Control), gen DESIGN ( The Last Guardian) eta Playdead ( Inside, Limbo) garatzaileen argitaratzaile multiplataforma izango dela iragarri du.

Argitaratzaile lanekin hasita “garatzaileen eta argitaratzaileen arteko lan eredua aldatu” egingo dutela adierazi du Epic Gamesek. Hori gauzatzeko hiru ardatz nagusi aipatu dituzte.

Lehenik eta behin bideojokoekiko “sormen askatasun osoa” eta “jabetza osoa” agindu diete garatzaileei. Finantzazio aldetik proiektuen %100a argitaratzaileak ordainduta egongo dela azpimarratu dute. Bukatzeko, irabaziak garatzailearen eta Epic Gamesen artean erdizka banatuko dituztela azaldu dute, 50/50 irabazien ereduarekin.

Garatzaileak soilik zirenean “amestutako baldintzak” direla diote Epic-ekoek. Horien bidez sortzaileak “joko apartak egiten zentratu” daiteezkela uste dute.

Elkarlana iragarrita, aipatutako garatzaileak sortzen ari diren obrei buruzko informazioa “datozen hilabeteetan” argitaratuko dutela azaldu du argitaratzaileak, “elkarlan eta proiektu” gehiagorekin batera.