Bihar estreinatuko da Resident Evil Village. Beldurrezko jokoen zortzigarren atala izango denak ez du zerikusirik orain 25 urte PlayStationerako estreinatu zen lehen abenturarekin. Zonbietatik hasita erraldoi, karramarro, dinosauro, gizotso eta banpiroak ikustera iritsi gara Capcomen jokoetan, beldurrezko girotzetik akziozko eszena ikusgarrietara igarota. Nola aldatu da Resident Evil ordutik hona?

Sagaren hastapenak Capcomek NES kontsolarako 1989an kaleratutako Sweet Home abenturarekin gertatu zirela esan daiteke. Beldurrezko RPG honen remakea eratu nahi zuten japoniarrek SNESerako, baina Shinji Mikami zuzendaria ikuspegi propioa ezartzen joan zen denborarekin, proiektu guztiz desberdina sortu arte. Alone in the Dark bezalako jokoen mekanikak jarraitu zituen Mikamik, baita horietan ikusitako guztia gainditu eta beste maila batera eraman ere.

 

Egoitza maltzurra

Resident Evilen jarraitzaile guztiek behin eta berriz ikusitako Spencer etxean eman zituzten lehen pausoak Chris Redfield eta Jill Valentine protagonistek. AEBetako Arklay mendietan galdutako kokaleku honetan hainbat desagertze gertatu dira, eta Raccoon Cityko poliziako S.T.A.R.S. talde bereziko agenteak hori ikertzera bidali dituzte. Basoetatik bueltaka ibili ostean azkar batean aurkituko dituzte amesgaiztoko lehen izakiak: txakur zonbiak izan ziren REn ikusi genituen lehen munstroak.

Horiengandik ihes eginda Spencer etxean aurkitzen dute protagonistek babeslekua. Ez dago aipatu beharrik benetan etxe berezia zela: giltzaz itxitako ateak ohikoak dira bertan, baina baita era guztietako puzzleak eta oztopoak ere. Ez hori bakarrik, etxearen sotoan Umbrella farmazeutikaren sekreturik handienetakoa gordetzen da. Etxebizitzak zonbi eta munstro ugari ditu barnean, baina gainditu beharreko puzzle horiek izango dira benetako arerioak abenturan. Gela bakoitza ikertu eta erabilgarriak diruditen objektuak eskuratzea izango da jokalarien helburua, baina baita zonbiak ekiditea noski.

Hori errazegia ez izateko, baina, inbentarioa kudeatzeko beharra gehitu zuten Mikamiren taldekoek: objektuen kopuru oso mugatua eraman zezaketen jokalariek. Ez bakarrik puzzleak gainditzeko beharrezko tresnena gainera, armak eta munizioa ere partekatzen baiziren inbentarioko laukietan. Horrela, partida gordetzeko gela batera heldu eta bertako kutxan inbentarioa kudeatzerakoan jokalariak ondo antolatu behar ziren: "nora noa orain? Zer eraman behar dut? Munstro asko daude ibilbide honetan, bira luzeagoa egitea komeni zait?"

Hau zen azken batean Resident Evilek proposatutako jostagarritasuna. Beldurrak eta sustoek ikaragarrizko garrantzia daukate, baina horietara ohituta puzzle eta kudeaketa joko baten aurrean gaudela ohartzen gara. Are gehiago: beldurra ematen duten elementuak, munstroak, abenturak mahaigaineratutako beste puzzle bat direla esan daiteke.

Horiek akatzea edo ez gure esku egongo da askotan, munizioa gordetzea komenigarriagoa izango baita: egin beharreko bidaia kopurua murrizteko balioko du alde batetik, inbentarioan toki gehiago izango dugulako, baina aldi berean etsai garrantzitsu bati aurre egitea tokatzen zaigunean behar bezalako armategia daukagula ziurtatuko dugu modu horretara. Are gehiago, ezinezkoa izango da jokoan aurkitzen ditugun arerio guztiak akatzeko behar besteko munizioa aurkitzea. Beraz kontu handiz ibili eta etsaiak saihesteko bideak aurkitzea izango da jokalarien beste eginbeharretako bat.

Jostagarritasun aldetik 1996ko jokoa dela argi geratzen da hasiera batetik. Kamera finkoak, aldez aurretik renderizatutako kokalekuak eta tanke kontrolak dira jokatzen hasi eta jarraian nabarituko ditugunak. Gaur egun guzti horiek albo batera utzi dituzten arren, hainbat jarraipenetan oinarrizko mekanika eta elementuak mantentzen jarraitu zuten Capcomekoek. Garaiko mugatzeek eskatutako elementuak izan ziren, baina asko dira horiek itzultzea eskatzen duten zaleak.

Izan ere, kamera finkoek giro misteriotsu eta beldurgarria areagotzeko balio zuten. Jokalariek ezin zuten ikusi korridore bukaeran egongo zena: horrela, norbere irudimenak paper garrantzitsua betetzen zuen jokoan murgiltzerako orduan. Soinu efektuekin ere gauza bera gertatzen zen: "entzuten ari naizen hori ezkutatuta dagoen izakiren batek sortutakoa edo haizeak eragindakoa da?" Ikarak hor zeuden, baina gehienbat jokalarien aurreikuspenekin jokatzen zuten garatzaileek girotze eta presio hori eragiteko unean.

Izugarrizko arrakasta lortu ondoren, jatorrizko Resident Evil PC eta Sega Saturnetik ere igaro zen. 2002an, baina, aipatutako oinarrizko elementuak mantentzen jarraitzen zituen remakea argitaratu zuten Nintendoren Gamecube kontsolarako. Remake oso fidela izan zen, baina aldi berean gauza berriak gehitzen zituen: Lisa Trevor beldurgarria, kokaleku gehigarri batzuk, defentsarako armak edota Crimson Head deitutako zonbi bereziak ikusi genituen remakean, besteak beste.

Remake honek birmasterizazioa jaso zuen PC, PS4, PS3, Xbox One, Xbox 360 eta Switcherako, bereizmena areagotuta baina aldi berean aldaketa interesgarri batzuk gaineratuta: tanke kontrolak eraberritu zituzten adibidez, jatorrizko jokoan bezala jokatu daiteke D-Padaren bidez, baina stickarekin mugimendu librea izango dugu. Jarraitzaile askorentzat eraberritze honek suposatu zuen RE sagaren punturik gorenena, eta gaur egun klasiko hutsa izaten jarraitzen du.

 

Amesgaiztoaren jarraipena

Bigarren atalak horren onak ez direla esaten da, baina Capcomek guzti hori albo batera uztea lortu zuen 1998an kaleratutako Resident Evil 2rekin. Lehen atalean egindako guztia hobetu eta askoz abentura handiagoa eratzea zen japoniarren helmuga, eta guzti hori epe motzean egin zuten. Spencer etxetik kokaleku guztiz desberdin batera pasatu ginen jarraipenean: suntsitutako Raccoon Cityko kaleetan hasten zen Leon S. Kennedy eta Claire Redfielden abentura. Halere, erabateko protagonista hiriko komisaria da: aurreko jokoan gertatu bezala era guztietako puzzleak aurkituko ditugu bertan, baina girotzea gertuagokoa egiten da, ezagunagoa.

Sentipen hori areagotzeko ezagutuko ditugun pertsonaiak daude: Raccoon Cityn zonbiak nagusitu badira ere, oraindik hainbat dira bizirik dirautenak. Aurreko atalean bizitako bakardadearen ondoren eskertzeko aldaketa da, eta jakina, asko eta asko zonbien janari izateko ikusten baditugu ere, girotzea hobetzeko eta protagonistek bizi duten egoera larritzeko balio du jende normala (edo ez hain normala) ikusteak.

Inbentario mugatua, puzzleak, kamera finkoak eta tanke kontrolak mantentzen dira bigarren jokoan: jostagarritasun aldetik ez dago ia aldaketarik. Mikamik ekoizle lanak egin zituen oraingoan: PlatinumGamesen buru bilakatu den Hideki Kamiyak hartu zuen zuzendari kargua, aurreko lanean egindakoa hobetzeko asmoarekin. Arma, puzzle eta etsai gehiago ikusi genituen Raccoon Cityn, eta sagaren istorioak jauzi handia egin zuen hemen, lehenengo jokoan aurkeztutakoan sakonduta, B serieko beldurrezko filmeen ibilbidea jarraituz aldi berean. Horren adierazgarri dugu George Romero zinemagileak zuzendutako RE2ren iragarkia:

Nabarmentzekoa izan zen bi diskoen funtzionamendua: abentura hasterakoan Leonen eta Clairen artean aukeratu behar genuen. Hasierako zinematikan eztanda batek banatu egiten zituen protagonistak. Halere, printzipioz bi hauen ibilbidea oso antzekoa zen, leku berberak bisitatuta. Batekin jokoa gainditzerakoan, baina, bigarrenarekin jarraitzeko aukera eskaintzen zuten Capcomekoek hasierako gertakari horren beste ikuspegia ezagutzeko: B Scenario deitutakoak benetako amaiera ezagutzeko balio zuen, puzzle berriekin eta jatorrizko ibilbidean ikusi gabeko etsaiekin. Mr. X beldurgarria ezagutu gabe geratu ziren asko honengatik.

Remakea ere jaso zuen RE2k, baina orain gutxiko kontua da: 2019an kaleratu zen RE Engine motor grafikoarekin sortuta. Kasu honetan bai, jokoa guztiz eraldatzen zuen bertsio honek. Hirugarren pertsonan eta kamera librearekin, itxura batean jatorrizko abentura fideltasun osoz jarraitzen du, baina zaleek aldaketa mordoa nabarituko dituzte bai kokalekuetan zein gidoian.

Nabarmenena? Lehen aipatutako Mr. Xrena: bigarren ibilbideko etsaia izan beharrean ia hasieratik aurkituko dugu arerio hau. Horrez gain, atsedenik hartu gabe ibiliko da gure atzetik kokaleku zehatz batzuetan, gainditu beharreko beste puzzle batean bilakatuta. Izan ere, garaitezina da izaki erraldoi hau. Isilpean ibiltzera eta azaltzen den unean ihes egitera behartuko gaitu hainbat biderrez, remakeko une larrienak horiek izanik.

Hirugarren atala ez zen jaio postu hori betetzeko asmoarekin. Resident Evil 3: Nemesis izatez spin-off bat zen; RE unibertsoan oinarritutako aparteko abenturatxo bat, non Umbrella erakundeko mertzenarioen kontrola hartuko zuten jokalariek. Ideia hori eboluzionatzen eta hazten joan zen, azkenean lehenengo bi atalen antzekotasun nabarmenagoak edukita. Protagonista ezagun baten itzulera suposatu zuen: RE1eko Jill Valentine kontrolatuko dugu berriz, une batzuetan Carlos Oliveira mertzenarioarekin jokatuta.

Aurreko jokoen aldean nabari da proiektu txikiago baten emaitza dela: askoz abentura zuzenagoa da, eta horren ondorioz, laburragoa; bi pertsonairen ibilbideak ez izateak ere laguntzen du horretan. Oraingoan bai, Raccoon Cityko kaleetatik zehar ibiliko gara hiria esploratzen. Puzzleek ere hor jarraituko dute, baina ez gara aurrera eta atzera ibili beharko, ez horrenbestetan behintzat; hau maparen egituragatik ere gertatzen da, elkar konektaturiko guneak ikusi beharrean ibilbide linealagoak egongo baitira.

Akzioa nabarmenagoa da RE3n: arma gehiago izateaz gain munizioa sortzeko sistema gehitu zuen atal honek; ezaugarri hau ondorengo joko askotan ikusi izan dugu. Hori dela eta, tiro gehiago ikusiko ditugu, zonbiak kontu handiz kudeatu beharreko etsaiak izatetik gupidarik gabe akatu beharreko izakiak bihurtzeraino. Ez hori bakarrik, saihesteko mugimendua erabili dezake Jillek: une aproposean horretarako botoia zanpatuta erasoak saihestu daitezke.

RE3ren erabateko protagonista, baina, izenburuan aipatzen dena da: Nemesis. Izaki erraldoi beldurgarri hau abentura osoan gure atzetik ibiliko da, bere helburua S.T.A.R.S taldeko kide guztiak akatzea baita. Unerik zirraragarrienak Nemesis agertzean biziko ditugu, hil ala bizikoak izango baitira: askotan ihes egitea baino ez da geratuko, baina armak eta munizioa modu egokian kudeatuta munstroari aurre egiteko aukera edukiko dugu.

Funtsean obra kaxkarragoa den arren, Nemesisekin lortutako dinamikak jokalariak benetan gatibatu zituen. Joko klasikoetako momentu larrienak sortu zituen izaki honek, sagako munstrorik ezagunenetako batean bilakatu arte.

Norbere irudimenak paper garrantzitsua betetzen zuen jokoan murgiltzerako orduan.

Abentura honek ere aurrekoaren antzeko remakea izan zuen joan den urtean. Berriz ere RE Engine aparta erabilita, baina oraingoan aldaketa esanguratsuagoak eginda. Jatorrizko jokoa laburra bazen, remakea are motzagoa da, eta akzioa oraindik nabarmenagoa egiten da bertsio berrian.

Nemesisek agerraldi gehiago ditu, baina ez dira horren zirraragarriak: garaitu ezin den arerioa izatetik tiroka egurtuko dugun izakian bihurtzen da remakean, horren berezia zen ezaugarria hondatuta. Halere, beldurrezko sagaren zaleek galdu ezin duten obra da hau, bai jatorrizko bertsioan zein remakean.

Oinarrizko mekanikak mantenduta, baina eraberrituta

Zenbakirik gabe baina gainerakoen besteko garrantzitsua izan zen Resident Evil Code: Veronica. Bere osotasunean hiru dimentsioetan eratutako lehen abentura klasikoa izan zen, baita zorakeriak eta akziozko eszenak gehitzen hasi zen lehen jokoa ere. Claire Redfield itzuli zen protagonista lanak egiteko Dreamcast, PlayStation 2 eta ondoren Gamecuberako kaleratutako joko honetan.

Garai hartan Resident Evilen ezaugarri nagusiak bereganatzen zituzten beste joko batzuk ere ikusi genituen. Ezagunenak Capcomen eskutik sortu ziren: survival horrorra dinosauroekin batzen zuen Dino Crisisek. Lehen jokoa RE hutsa bada ere, jarraipenetan tiroak ziren nagusi, eta hirugarren jokoan espazioko dinosauroak ikustera iritsi ginen.

Onimusha saga ezaguna Erdi Aroko Japonian girotutako Resident Evil bat sortzeko asmotik jaio zen. Survival horror elementuak mantentzen baditu ere, katana eta bestelako armekin bizitako borrokek ere bere garrantzia daukate abentura berezi honetan. Dino Crisisekin gertatu modura, jarraipenekin akzioa nagusituz joan zen, RPG elementuak jasota eta guzti.

Resident Evil 0 da mekanika klasikoak mantendu zituen azken jokoa: izatez Nintendo 64rako garatzen hasia, baina azkenean Gamecuberako sortua, bere ezaugarri nabarmenena bi pertsonaia aldi berean kontrolatzearena izan zen. Inbentarioak kudeatzeko prozesua beste maila batera eramaten zuten horrela, lehen Resident Evilen kutsua zeukan abentura eratuta. Sagaren iraultza, baina, laugarren atalarekin heldu zen.

 

Berriztatzeko unea

Bideo-jokozaleek ongi ezagutzen dute Resident Evil 4. Garapen luzea eta zaila izan zuen, eta prozesu horretan mamuekin zein bestelako munstroekin saiatu zirela ikusi genuen garai hartan argitaratzen ziren trailer eta gameplay bideoetan. Horrenbeste aldaketa egon ziren, jorratutako ideien artetik Capcomen beste frankizia ezagun bat jaio zela: Devil May Cryren erroak RE4tik sortu ziren, Shinji Mikamik survival horrorretik urruntzen zebiltzala ikusterakoan akzio ikusgarrirantza desbideratuta.

Dena dela, behin betiko bertsioak zeresana eman zuen zaleen artean. Hasiera batean Gamecubeko esklusiboa (ondoren existitu izan diren ia plataforma guztietan ikusi dugun arren), RE2ko protagonista Leon S. Kennedy Espainiara eramaten du jokoak. Bere helburua AEBetako presidentearen alaba aurkitzea da, sekta batek bahitu ondoren. Kamera finkoak alde batera utzita, jostagarritasuna guztiz eraldatu zuen laugarren atalak: kamerak Leoni hurbiletik jarraitzen dio, tanke kontrolak mantentzen diren bitartean. Tiro egiteko armen laser erakusleak erabiliko ditugu, inongo mirarik gabe.

Akzioa askoz nabarmenagoa da Espainiako herrixka galduan. Tiroka ariko gara etengabean, eta etsaiek munizioa, pesetak (bai, pesetak), eta bestelakoak botako dituzte hiltzerakoan. Ez dira kudeatzeko beste puzzle bat jada: aurrera egiteko tiro egitea ezinbestekoa da, eta eszena ikusgarriak daude uneoro. Quick Time Event uneak ere biziko ditugu behin eta berriz: Leonek heriotza saihestu beharko du horietan, era guztietako arriskuak ikusiko ditu-eta.

Aldaketa esanguratsuena baina, etsaien aldetik dator. Agur zonbiak, kaixo gizakiak. Ez gizaki normalak, noski: parasito batek kontrolatutako gizon eta emakumeak akatsen ibiliko gara atsedenik hartu gabe pistola, eskopeta eta metraileta erabilita. Bestelako izakiekin ere topo egingo dugu baita: lehen trailerretako troll erraldoia gogoratzen dute askok, baina izaki beldurgarrien kopuru aproposa ikusiko dugu Leonen txangoan.

Era guztietako kritikak jaso zituen jatorrizko mekanikengatik horrenbeste aldentzen zen laugarren joko honek. Asko dira Resident Evilen nortasuna lan honekin galdu egin zela diotenak, baina beste horrenbestek diote joko dibertigarri eta berezia dela: ez dago RE4 bezalakorik. Urteak igaro ahala kultuzko estatus hori lortu dute Leonen Espainiako abenturek, eta laister berriz gozatzeko aukera izango dugu errealitate birtualean Oculus Quest 2 gailuentzako prestatzen ari diren RE4 VR-rekin.

Bosgarren eta seigarren atalek laugarrenaren ibilbide hori jarraitu zuten, akzioa gero eta gehiago nabarmenduta. Resident Evil 5ek aurrekoaren ia mekanika guztiak mantentzen ditu, kooperatiboa gehituta: abentura osoa lagun batekin gainditzea posible da. Bakarka jokatzeak nekatu egiten duen bitartean (batez ere beste pertsonaiaren adimen artifizial eskasarengatik), binaka aritzea itzela da: beldurrezko kutsua guztiz galtzen da Afrikan girotutako joko honetan, baina behin eta berriz jokatzeko abentura bihurtzen da aldi berean.

Kamera finkoak alde batera utzita, jostagarritasuna guztiz eraldatu zuen laugarren atalak.

Seigarrena eboluzio hutsa izan zen garatzaileen hitzetan. Garapenaren kostuak inoizko handienak izan ziren Capcomentzat. Hainbat protagonista ditu Resident Evil 6k, istorio desberdinetan banatuta: aurreko jokoan egin bezala lagun batekin gainditu daiteke. Lehen jokoarekin hasitako istorioaren bukaera suposatu zuen. Horretarako sagako protagonista eta pertsonai ezagunenak bildu zituzten: Chris, Leon, Ada, Sherry eta gehiagorekin jokatu zitekeen, Albert Weskerren semea barne. Sagak pixkanaka beldurrezko elementuak alboratu eta akzioan ardaztuz joanda, seigarren jokoak guztiz barneratu zuen azken elementu hau: tiroak, eztandak eta zoratzeko eszenak dira nagusi RE6n.

Resident Evilek eraldatzeko denbora hartu zuen seigarren atala argitaratuta. Era guztietako spin-offak ikusi genituen hainbat urtez, baina japoniarrak ez zeuden prest zenbatutako lanen hurrengo atala ezagutzera emateko: Resident Evil Revelations eta honen jarraipena, Operation Raccoon City, Umbrella Corps... zaleak ez zeuden guztiz pozik bigarren mailako abentura hauekin, eta azkenean Capcomek erroetara itzultzea erabaki zuen.

 

Beldurra nagusi, beste behin

Abandonatutako etxea, desagertutako jendea eta argitu beharreko misterioa dira Resident Evil 7ren premisak. Guzti hau beldurrezko girotze apartarekin batu zuen zazpigarren jokoak. Hori bai, jokatzeko moduak aldaketa garrantzitsua jasan zuen: lehen pertsonan ariko gara abentura honetan, lehen aldia izanik sagako zenbatutako jokoen artean.

Lehen aipatu bezala RE6k jatorrizko istorioa bukatutzat eman zuen, beraz hasiera freskoa edukitzeko protagonista guztiz berria sortu zuten Capcomekoek: Ethan Winters. Desagertutako emaztea aurkitzea izango da bere helmuga, eta horretarako AEBetan galdutako etxebizitza bat esploratu beharko du. Resident Evil bat da noski, eta hortaz amesgaiztoko munstroekin topo egingo du. Atal honetan etsai nagusia Baker familia izango da: zonbiak ez, baina beste era bateko izakiak dira familiako kideak.

Amnesia edota Outlast bezalako jokoek egin bezala, lehen pertsonan jokatzeak beldurra beste maila batera eramateko balio du. Girotze eta gidoi berriek ere zerbait ezezagunaren aurrean gaudela sentiarazteko balio dute, ohiko zonbi apokalipsia alde batera utzita eta girotze misteriotsua eta hurrenekoa eratzeko.

Zaleen artean izugarrizko arrakasta suposatu zuen zazpigarren atalak. Erroetara itzultzeak mesede handia egin zion beldurrezko jokoen sagari; hainbat eta hainbat akziozko abentura ikusi ondoren zaleek benetako RE bat nahi zuten, eta azken honek aldaketa esanguratsuak ekarri bazituen ere, formula berpiztu eta eraberritzeko balio izan zuen.

25 urte bete ditu Capcomen frankizia maitatuak. Zazpi joko nagusi, hainbat remake, era guztietako spin-off abenturak, animaziozko zein aktore errealen filmak, liburuak eta gehiago izan ditu Resident Evilek urte guzti hauetan. Bihar, baina, bideo-joko berria jasoko dute jarraitzaileek. Resident Evil Village izango da sagaren zortzigarren atala; aurrekoan ikusitakoa jarraituko du, baina beldur maila pixkat gutxitu eta akzioa gailenduko da berriz Ethan Wintersen abentura berrian.

Ikusteko dago zer nolako harrera izango duen zaleen artean, baina argi dago REk inoiz baino indar gehien daukala gaur egun.

 

Erlazionatutako edukiak:
Resident Evil 3 Remake - Analisia