21 urte igarota, Capcomek Resident Evilen hirugarren atala birsortu du. Nemesis beldurgarriaren jazarpenek gaur egungo jostagarritasunarekin nola funtzionatzen duten ikustea izan da zale sutsuenen gurari handienetakoa, eta STARS oihukatzen duen munstroa beti bezain ikaragarria dela esan beharra dago.
Beldurrezko jokoen artean aukeratu behar baldin badut, beti izango naiz Resident Evilen taldekoa. Sagarekin erdipurdika hasi nintzen 1998an: Nintendo 64ko Resident Evil 2 erosi zuen anai nagusiak beste bi lagunekin batera. Jokoa laburra zenez elkarren artean txandakatzen ibiltzeko arazo gutxi izango zutenaren ustea zuten. Ez zuten nigan pentsatu, plan hori behin eta berriz zapuztea lortu bainuen. Beldurrezko jokoak izugarri erakartzen ninduen, baina kakati hutsa nintzen (eta naiz): azkenean gure etxean behar baino denbora pasa zuen N64ko kartutxoak, nik osorik gainditzeko zain.
Ordutik hona Capcomen jokoen zale sutsua egin naiz. Gamecubeko REmakea, RE0, RE4; Playstation 3an erositako RE5 eta RE6; askotariko spin-offak, denetarik jokatu edo ikusi izan dut. Hala ere klasikoak beti izan ditut nahiago: Shinji Mikamik sortutako lehen jokoen giro beldurgarri hori izan zen gehien erakartzen ninduena, baina baita pertsonaien inbentarioa kudeatu eta mapan ibilbide egokienak bilatzen aritzeko beharrizan hori ere, kokaleku labirintikoetatik aurrera egin bitartean.
Baina klasikoen artean bada ezer gutxi jokatu dudan bat. PSX eta PCrako soilik estrenatu zen Resident Evil 3 lagunen etxean jokatu izan dut beti; gaztetan edukitzen ez nituen plataformak izanik (Gamecuberako bai estrenatu zen, baina kuboan askoz RE erakargarriagoak zeuden) ez nuen beste aukerarik izan. Dena dela, ikusteko aukera nuen bakoitzean burmuinean ahalik eta informazio gehien gordetzen saiatzen nintzen: Raccoon Cityren gehiago ikustea izugarria zen, bigarren atalean bisitatutako kale gutxi batzuren ostean.
Hortaz, Capcomek Resident Evil 2ren remake ikusgarriari jarraipena emateko hirugarren atalarekin berbera egingo zuela iragartzerakoan etxean inoiz izan ez dudan obra hori eskuratzeko unea iritsi zela argi izan nuen.
Aitzindarien bidea jarraituz
Jatorrizko lanekin gertatu bezala, bigarren REmakearen hainbat elementu hartuta jaio da RE3 berri hau. Ez bakarrik istorioaren aldetik, antzeko abiapuntua dute-eta: atal grafiko zein tekniko ia berberarekin sortuta dago azken remake hau. Menuetatik hasita jostagarritasun, mekanika eta beste ezaugarri asko mantentzen ditu. Berritasunetako bat jatorrizko RE3n ikusitako saiheste mugimendua da: zonbien eta munstroen eraso bat jasan aurreko unean botoi bat sakatuta hori ekiditu, eta kontraerasoa egiteko aukera dago. Saiheste hori arerio batzuen aurka lortzeko zaila da, baina behin une egokia zein den ikasita gozatzeko mugimendua da.
Kameren angelu finko eta estatikoak berriz ere atzean geratu dira. Gure protagonistaren sorbaldetatik ikusiko dugu Capcomek sortutako hiri beldurgarria, eta armekin apuntatzeko unean ere horrela egingo dugu, hurbiltasuna eta tentsioa areagotuta. Kamerak modu ezin hobean funtzionatzen du: atzean utzi ditugu laugarren atalean ikusitakoak. Hala ere apuntatzea ez da erraza, zonbieak etengabe mugitzen baitira. Burura egindako tiro preziatu hori kostata lortzen da.
Xehetasun horiek ezagututa, bideojokoa Raccoon Cityko T-birus pandemiaren hedapenarekin batera hasten da. Jill Valentine protagonistaren helburu nagusia hiritik ihes egitea izango da. Egiteko hori ez da horren erraza izango, baina. Zonbi eta munstroez gain Jillek arerio gupidagabe bat izango du atzean: Nemesis. Izaki erraldoiak atsedenik eman gabe jazarriko du STARS unitateko agentea, Arnold Schwarzeneggerren Terminatorren antzera.
Akzioa, tiroak eta Nemesis
Hori horrela, akzioak nagusitasuna hartzen du abentura honetan. Etsaiei aurre egiteko munizioa barra-barra aurkituko dugu zeharkatuko ditugun kalezulo, saltoki, tren-geltoki eta bestelakoetan. RE3 originalean ere halaxe gertatzen zen, baina oraingoan akzioz betetako momentuetan parte hartuko dugu une oro. Zonbiak gu akatzeko arrisku bat izatetik mapan zehar sakabanatutako oztopoak izatera igarotzen dira; lan hori aipatutako Nemesisen esku geratzen da. RE2ko Mr. Xrekin gertatu bezala arerio geldiezina izango da.
Hala ere remakeetan bi izaki hauek jatorrizko jokoetan zuten kontrako mekanikak jaso dituztela esan daiteke. Remakeko Mr. Xk komisaria osotik jarraitzen zigun, eta edozein unetan agertzeko arriskua zegoen. Nemesisekin ez da gauza berbera gertatzen: beti gune berdinetan azalduko da zinematika handi batekin, eta horiek gaindituta gu jarraitzeari utziko du. Aurkari aspergarriagoa da Nemesis oraingo honetan, gidoi estu bat jarraitzen baitu. Bere kontrako borroka nagusiak, baina, askoz ere dibertigarriagoak dira; une horietan hartzen du Nemesisek behar duen garrantzia, eta abenturako momentu gogoangarrienak sortzen ditu. Izakiari aurre egitea lortzea gozamen hutsa da gainera. Jokoaren gune labur batzuek aurreko atala ekartzen dute gogora, baina orokorrean askoz ere obra biziagoa eta azkarragoa da Resident Evil 3.
Guzti hori aipatuta puzzleen eskasia nabarmena dela esan beharra dago. Objektu garrantzitsuak aurkitu eta leku zehatzetan erabiltzeko behar horrek jokoaren muina izaten jarraitzen du, baina oraingoan ez gara horiekin biraka ibiliko: itxitako ate batekin topo egiterakoan giltza ondoko gelan aurkituko duzu askotan. Jillekin halaxe gertatzen bada, bigarren protagonistarekin jokatzerakoan are puzzle gutxiago ikusiko ditugu. Carlos Oliveira mertzenarioak metraileta eskuan hartuta zonbien sarraskia egiteari ekingo dio. Gainera, saiheste mugimendua eduki beharrean ukabilkada batekin munstroak hegan botako ditu Carlosek; RE zaharretan halakorik ikustea ezinezkoa zen.
Hori horrela, remake honek RE3 originalaren zale sutsuenei huts egingo die ziur asko. Jatorrizko jokoaren une eta kokaleku gogoangarrienetako asko desagertu egin dira abentura eraberritu honetan. Aldaketa gutxi batzuekin hasten da, baina jokoak aurrera egin ahala ezagunak ez diren kokapenetan ikusiko dugu gure burua. Joko bat goitik behera berregiterakoan han-hemenka aldaketak eta hobekuntzak ikustea derrigorrez egin beharreko lana dela deritzot. Bestalde, obra ezagun eta maitatu bat berriz egin nahi izanez gero ez dut ulertzen pasarte ahaztezinak guztiz ezabatzeko ahalegina hartzea, ukitu berri batekin bere horretan mantendu beharrean.
Oro har, RE3ren remake honek azken hamarkadan ikusitako Resident Evilak ekartzen ditu gogora. Klasikoen patxada eta antolaketa albo batera utzi eta bosgarren edo seigarren atalean ikusitako akzioa da nagusi. Dena den berdin dio lehen edo azken jokoen zalea bazara: jokoaren girotze lan izugarriari esker jokalaria gatibatzea lortzen du abenturak. Ikustekoa den atal grafikoarekin, Raccoon Citytik ibiltzea zoratzekoa da; ziur asko belaunaldiko joko ikusgarrienetakoa izango da. Capcomek izugarrizko lana egin du RE Enginearekin, aurreko jokoaren elementuak birziklatzeari ekin badio ere. Bi protagonistak, munstroak eta kokalekuak, guztiek xehetasun maila ikaragarria dute. Argiztapenarekin egindako lan bikaina hiri beldurgarria sortzeko azken ukitua da.
Resident Evilen zaleek ondo dakite beldurrezko abentura hauen iraupena oso motza izaten dela. Joko gehienak hamar ordutan bukatzea ohikoa izaten da, eta behin egin beharrekoak ezagututa askoz laburragoak egiten dira. RE3 are azkarrago bukatzekoa da: Hardcore zailtasun mailan sei ordu iraun dizkit abenturak. Gainera, ibilbide bakar bat duen obra izanik ez dago berriz jokatzeko gogoa izateko arrazoirik; desblokeatzeko eduki batzuk daude, ohi bezala, baina abentura beste pertsonaia baten ikuspuntutik ezagutzeko aukerarik gabe, gehienek jokoa behin gainditzearekin nahikoa izango dute.
Hor sartzen da Resistance: ordu gutxi batzuk luzatzeko asmoz multiplayer joko mota gehitu dute Capcomekoek. Jillen istorioarekin zerikusirik ez duen atala da: partida asimetrikoak biziko ditugu bertan. Lau jokalariz osatutako talde batek kokaleku desberdinetatik ihes egitea lortu beharko du; beste jokalari batek tranpak ezartzeko eta munstroak kontrolatzeko lana hartuko du. Hasieran interesgarria dirudien arren, partida gutxi batzuekin gogaitzen duen joko mota da.
Aurreko remakearekin garatutako maisulanetik urrun gelditu dira RE3rekin. Halere abentura dibertigarria eta ikusgarria eratu dute Capcomekoek 1999ko jokoaren oinarria erabilita. Beldurrezko jokoen zaleek gozatu egingo dute Jill Valentine eta Carlos Oliveiraren ihesaldiarekin, eta Nemesisek ikono beldurgarria izateari utzi dion arren, borroka entretenigarri eta estuen protagonista bihurtzea lortu du.
Iruzkinak