Zazpi urte baino gehiago iraun duen mod erraldoia bukatzear dago Albert Marin garatzailea. Modeloak, argiztapena, testurak eta askoz gehiago hobetuko ditu.

Resident Evilen laugarren atalaren inguruan askotariko iritziak entzun daitezke beldurrezko frankiziaren jarraitzaileen ahoetatik. Akziora bideratu zen sagako lehen joko handia izan zen; kamera finkoak, puzzle handiak eta inbentario mugatuak pixkat alboratu zituen RE4-k. Halere, atalik maitatuenetakoa ere bada. Horren adierazgarri da RE4 HD proiektua: Capcomen jokoa hobetzeko lana egiten ari dira zaleak, eta 2022ko otsailaren 2an estreinatuko dute azkenik behin betiko bertsioa.

Agindutakoa baino pixkat beranduago iritsiko da: Albert Marin arduradunak urte bukaerarako agindu zuen arren, “ia hilabeteko itxaronaldiak mereziko duela” adierazi du proiektuaren web orrian.

Azken asteetan komunitatearen laguntzari esker modak zituen akatsik eta arazorik larrienak zuzentzea lortu duela dio: inbentarioan poligono kopuru handiko modeloak sartzerakoan jokoak etetea ekiditu, kalitate handiko bideoak gehitu, askotariko efektuak zuzendu, FoV (ikusmen eremua) aldatzeko aukera gaineratu, ultrawide pantailentzako euskarria, QTE erronkak hobetu eta askoz gehiago aipatzen ditu Marinek.

Gainera, fitxategiak .lfs formatuan berriz konprimatzeko bidea aurkitu duela nabarmentzen du: modak erdia pisatuko du modu horretara. Ezaugarri mordoa aldatu, hobetu eta zuzendu dituen arren, 1.0 bertsioa kaleratu ostean oraindik “hobetzeko eta zaharberritzeko gauzen zerrenda luzea” egongo dela dio moderrak.

Zazpi urte baino gehiago eta ia 13.000 ordu: hori da proiektua aurrera eramateko behar izandako denbora. Eta halere, komunitateak eskainitako laguntza hortik kanpo dago.

Ez da harritzekoa, HD mod honek sekulako hobekuntzak gehitzen dizkio Capcomen jokoari: jokoaren jatorrizko elementuak errespetatuta hauek zaharberritzeko lan bikaina egin du Marinek. Pertsonaien zein kokalekuen modeloak hobetu ditu, poligono kopurua areagotuta eta akatsak zuzenduta; argiztapena zuzendu du hainbat kokalekutan, eta horrez gain hau dinamikoa izatea lortu du; toki errealetara bidaiatu du argazkiak atera eta bestelako baliabideak lortzeko: elizak, iturriak, plakak eta gehiago ehizatu ditu; irudi edo wallpaper birmasterizatuak prestatu, urarentzako efektu berriak sortu eta beste hainbat berritasun gaineratu ditu HD Projectek. Aldaketen zerrenda amaigabea da.

1.0 bertsioa heldu aurretik,jokoaren hainbat atal hobetzen dituen 2018ko bertsioa frogatzeko aukera dago. Hori deskargatzeko eta instalatzeko pausoak RE4 HD Projecten webgunean daude. Modak Resident Evil 4 Ultimate Edition bertsioarekin funtzionatzen du soilik.