Resident Evil 4 HD Project azken txanpan sartu da

Lander Unzueta | 2020/04/29 18:00 Berriak



Zaleek sortutako proiektuak jatorrizko RE4 sortzerakoan erabilitako iturriak hartuta jokoa birmasterizatzeko helburua dauka.

Resident Evil 4 HD Projectek aurrera jarraitzen du. Proiektuaren arduraduna den Albert Marin katalana Capcomen jokorako sortzen ari diren berritasunei buruz mintzatu da RE4HDren webgunean.

2020an proiektuak aurrerakada nabarmena eman du: urtea hasi denetik akzio eta beldurrezko bideojokoaren laugarren kapitulu osoari azken ukituak ematea lortu du. Hori eginda, bosgarren eta azken kapituluarekin lana bukatzea falta zaio Marini, azken berrikuspenekin batera.

Birmasterizazio proiektuak PCko Resident Evil 4 Ultimate HD bideojokoa hartzen du oinarritzat. Capcomen lanak HD azpititulua duen arren, jatorrizko jokoa pantaila bereizmen handiagoekin erabiltzea ahalbidetzen du soilik.

Jatorrizko testurak eta modeloak bere horretan utzi zituzten, aldaketa gutxi batzuk eginda; horren ondorioz zaleek Ultimate HD bertsioa erdipurdikoa deritzote. Proiektuaren arduradunen hitzetan, "Ultimate HD bertsioak Resident Evil 4ko testura batzuk hobetzen baditu ere, gehienek berdin jarraitzen dute".

Erabateko itxuraldaketa

RE4HD proiektua hori zuzentzeko asmoz sortu zuen Marinek orain sei urte. Kalitate handiko testurak gehitzeko lana hartuta, Capcomek jatorrizko jokoa sortzeko erabilitako iturriengana jo du zaleak. Elizak, baselizak, plakak, iturriak eta bestelako elementuak kamerarekin pertsonalki harrapatuta edo laguntza eskatuta proiektuan barneratzeari ekin dio.

Ez hori bakarrik, pertsonaien eta bideojokoaren hainbat elementuetako modeloak hobetzeko lana burutu du arduradunak, akatsak zuzenduz eta poligonoen kopurua areagotuta; kasu batzuetan objektu bidimentsionalak hiru dimentsioetara bihurtu ditu. Jokoak erabiltzen ez zuen argiztapen berria ere gehitu dio Capcomen lanari, argi iturri eta itzal dinamikoekin.

Aipatutako aldaketekin batera irudi edo wallpaper birmasterizatuak, urarentzako efektu berriak eta beste hainbat berritasun gehitu ditu HD Projectek.

Lana aurrera doa, baina bukatzekoak falta diren arren mod hau frogatzeko prest dago: 2018an froga bertsioa kaleratu zuten arduradunek. Ordutik hona gehitutako aldaketak ez dituen arren, hasieratik bukaerara testura berriekin jokatzeko aukera eskaintzen du.

Ustez Capcom prestatzen ari den Resident Evil 4 Remakeren zurrumurruei buruz ere mintzatu da Marin. "Zurrumurru bat baino ez da, baina ez dit ardura", aipatu du. "Capcomen azken remakeak oso desberdinak dira jatorrizko jokoen aldean. Jatorrizko jokoa beti izango da berezia eta birmasterizazioa merezi du".

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

181
Kide

1
Jolasten

30
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…