Capcom japoniarra zenbait urtez noraezean ibili ondoren, Resident Evil 7: Biohazard arrakastatsuaren estreinaldiarekin enpresaren berpizkundea abiatu zela esan daiteke modu batean. Beldurrezko frankiziaren erroetara itzuli ziren Ethan Winter protagonistaren lehen abenturarekin; hau da, akzioa alboratu, eta survival horror mekanikak nagusitu ziren berriz, puzzleak nahiz tentsioz betetako gune txikiak protagonista bilakatuz.

Kutsu eta mekanika klasiko horientzat zegoen goseaz zein nostalgiaz jabetu ondoren, japoniarrak atzera begiratzea erabaki zuten. RE Engine motor grafikoaren emaitza apartak ikusita, Resident Evilen bideojoko klasikoak berregiteari ekin zioten: Resident Evil 2 eta 3 Remake prestatu zituzten bata bestearen atzetik, emaitza nabarmenak lortuta beste behin—bigarrenak maila txukunagoa erakusten zuen arren—, ostean Village izeneko zortzigarren abentura kaleratzeko.

 

GameCube-ko maisulana berregiten

Resident Evilen indarberritze amaigabea ikusita, zale guztiak RE4 mitikoaren remake saihetsezinaren zain zebiltzan. Capcomek ez zuen horri uko egiteko asmorik: 2022ko ekainean iragarri, eta hurrengo urteko martxoan argitaratu zuen horren maitatua zein gorrotatua den laugarren atalaren berregitea.

Nahiz eta denok espero genuen remakea izan, japoniarren aldetik mugimendu pixkat arraroa dela azpimarratzekoa da. RE2 eta RE3 32 bit-en aroko lanak izanik, grafikoki zaharkituta geratu dira, zalantzarik gabe —ezin da gauza bera esan jokagarritasunari buruz—, baina RE4 jatorriz 2005. urtean GameCube kontsolan esklusiboki kaleratutako titulua da —ostean ia munduko plataforma guztietatik igarotzeagatik ezaguna egin da, baina—. Muga teknikoekin, baina bere garaian erakutsitako atal grafiko bikainari esker, elegantziarekin zahartu den obra horietakoa da Nintendo-ren kontsola kubikokoa.

Nire bideojokorik gustukoenetakoa da RE4, noizean behin berriz hartu eta goitik behera berriz gainditzen dudana. Sarbide erraza proposatzen du originalak, eta behin gatibatuta, errepikatzeko gogoak eragiteko tresnak aurkezten ditu. Arma eta ezaugarri berriak desblokeatzea, altxor gehiago aurkitzea, zailtasun maila zitalagoak... funtsean, bideojoko dibertigarria da, eta ez du gehiagorik behar.

Remakeari dagokionez, aipatutako RE Engine zoragarria hartuta goitik behera eraberritzeari ekin diote Capcomeko 1. dibisioko garatzaileek; RE2R-n lan egin zutenek, hain zuzen ere. Aldaketa esanguratsuena, hortaz, atal teknikoarena da: eguneratutako grafiko zoragarriak aurkezten dizkigu RE4R-k, gaur egungo gailu indartsuenei ia zuku guztia ateratzea lortuta.

Pertsonaien eta armen modeloak benetan zainduta daude, eta eztanden, munstroen edo tiroketen efektuak ikaragarriak dira. Hau esanda, alor teknikoaren erabateko izarrak kokalekuak eta ingurugiroak dira: zeharkatuko ditugun basoek, herrixkek, kobazuloek zein gazteluek maila benetan bikaina erakusten dute. Zenbaitetan, gainera, ikusitakoak behin bakarrik zeharkatu beharko ditugun guneak izango direla kontuan hartuta, lan are goraipagarriagoa da Capcomeko kideek egindakoa.

 

Mekanikak mantenduz, baina hobetuz

Jokagarritasunak azken remakeetan hartutako ibilbidea jarraitzen du: Leon hirugarren pertsonako ikuspegiarekin kontrolatuko dugu, tiro egiteko bizkar gaineko kamera erabilita. Egia esan, berregiteen zein jatorrizko RE4ren eboluzioa dela esan dezakegu. Armarekin tiro egiterakoan zein hau errekargatzerakoan mugi gaitezke, hori bai, eta tanke kontrolak guztiz alboratu dituzte mugimendu askea ahalbidetzeko.

RE4 originalean ikusitako laser bidezko apuntatze sistema ezabatu dute, gainera —hau erabiltzeko erreminta berezia lor daiteke, hori bai—. Etsaien ahulguneak azkar batean identifikatuko eta erasoko ditugu: orokorrean erritmoak betiko berbera badirudi ere, askoz etsai gehiagoren aurka ibil gaitezke orain, trebeak bagara behintzat.

Guztiaren gainetik, akziora bideratutako abentura da RE4R, eta aipatutako aldaketekin borroka bizkorrak eta dinamikoak biziko ditugu. Gune linealetan zein eremu zabalagoetan tiro egiten aritzea gozamen hutsa da, batez ere gure balek parasitoak kontrolatutako izakiengan duten eraginarengatik: gore maila esanguratsuarekin besoak edo hankak mozten, buruak lehertzen eta munstroak airetik jaurtitzen ariko gara.

Munstroak aipatuta, berritasunak zein galerak aurkituko ditugu esparru honetan, gutxi batzuk bi aldeetan. Zezen eta basurde burudun basatiak dira orain arte ikusi gabeko arerioetako batzuk: mugikortasun zein indar handiarekin, borroka zelaian sekulako kaosa eragin dezakete, eta hauek kontrolpean edukitzea ezinbestekoa izango da. Etsai nagusietako bat guztiz desagertu da, eta beste batzuen aurkako borroketan aldaketa txikiak ikusiko ditugu, baina, orokorrean, horiek dira arerioen zerrendan ikusiko ditugun desberdintasunak.

 

Tentsioz betetako tiroketetan barneratzen

Hortaz, ohiko herritar odoltsuen aurka ariko gara gehienbat —abenturako ondorengo ataletan sektario edo mertzenario itxura hartuta—. Bakarka aurki ditzakegu, baina normalean taldeka funtzionatzen dute, erasoak elkarrekin koordinatuz.

Parasitoak mutatutako gizakien aurkako borrokak dira jokoko gogoangarrienetakoak, batez ere hauek erabilitako armen aniztasunagatik. Ez direnez zonbiak, oinarrizko tresna desberdinak erabiltzeko gai dira: aizkorak, dinamita, zuziak, baleztak eta bestelakoak hartuta erasora joko dute. Hauek euren aurka erabil daitezke, adibidez, eskuan daramaten dinamitari leherketa eragiteko tiro eginez.

Eguneratutako grafiko zoragarriak aurkezten dizkigu RE4R-k, gaur egungo gailu indartsuenei ia zuku guztia ateratzea lortuta.

Armez gain, barruan daramaten Las Plagas munstroarekin ere adi ibili beharko gara. Noizean behin, hilda dagoela dirudien gizaki hori altxatu egingo da —nahiz eta, adibidez, burua lehertuta eduki—, bere barnetik parasitoaren forma desberdinak aterata. Zeharo hilgarriak izan daitezke, baina hauek azkar batean akatzeko moduren bat edo beste aurki dezakegu.

Buruzagien aurkakoak dira, berriz, espainiar abenturako duelurik ikusgarrienak; esan bezala, originaleko nagusi gehienak zaharberritu dituzte. Del Lago, El Gigante edo Salazar inoiz baino beldurgarriagoak dira, eta ez grafikoki bakarrik: borroketan inplementatutako aldaketa txikiek jokagarritasuna hobetzeko, erritmoa arintzeko, eta, orokorrean, hamarreko dueluak osatzeko balio dute.

Etsai arrunten zein nagusien oldarkortasun maila erabat areagotu da remakean. Kontrol sistema berriaren ondorioz jazotako aldaketa da: joko originalean apuntatzerakoan geldi egoten ginen, oro har erritmo geldoagoan tiro eginez zein mugituz.

Berregitean Leon askoz ere azkarrago ibiliko da, baina gauza bera gertatuko da areriorekin. Joko hasierako herrixkako eszena, esaterako, zoramen hutsa da: ohi baino munstro gehiago ikusteaz gain hauek modu desberdinetan erasoko digute, eta Salvador jaun motozerradunak hartzen ditugun erabakien araberako zinematika propioak ere edukiko ditu.

Une batzuetan, gainera, Ashley gaztearekin batera ibiliko gara: honi gure ondoan geratzeko edo pixkat urruntzeko eska diezaiokegu: bizi barrarik ez duen arren —originalean sendatu egin behar genuen—, kolpe bat jasoz gero lurrera eroriko da, eta bigarrenean akatu egingo dute. Mekanika sinplea da, baina ez da astuna egiten; kontrara, abenturari gatza eta piperra emateko komenigarria da.

Askotan larrituta bukatuko dugu dozenaka munstro desberdin gainean ditugula ohartzean. Armategi zabalarekin triskantza ederrak eragingo ditugu, zorionez: pistola, eskopeta, metraileta eta errebolber mota desberdinak lortuko ditugu bidaian zehar; bazookak eta bestelako arma bereziak ere ikusiko ditugu, noski. Hauekin aurrean ditugun munstroak zeharo suntsitzea beti bezain dibertigarria da.

Mina jaurtigailuarekin egindako aldaketak dira, ziurrenik, aipatzeko moduko berritasun bakarrak. Jatorrizko jokoko armarik onenetakoa zena desagertu egin da, beste tresna batek ordezkatuta: baleztak isilpean aritzeko balio du bere geziekin, baina hauek lehergaietan bilakatzeko modua ere badugu, mina jaurtigailuan bilakatuz.

 

Baliabideen kudeaketa, RE4ren beste gakoa

Munizioa modu egokian kudeatzea jokoaren beste gakoetako bat da berriz, batez ere zailtasun gorenetan. Edozein modutara tiro eginez gero, RE guztietan gertatu modura, azkar batean hustuko ditugu gure kargadoreak.

Zorionez, arerioen gorpuetan nahiz bisitatuko ditugun tokietatik sakabanatutako kaxetan eta ontzietan berreskuratuko ditugu gure bala preziatuak. Remakeetako joera jarraituz, oinarrizko artisautza sistema inplementatu dute laugarrenean: bolbora eta baliabideak erabilita balak zein bestelako tresnak sor ditzakegu menu sinple baten laguntzarekin.

Armak hutsik ditugunean, behintzat, aiztoa erabili dezakegu. Joko originalean bazegoen ere, RE4Rk hainbat berrikuntza gehitu dizkie aiztoei: etsaiak isilpean kolpe bakarrean akatzea ahalbidetzen dute, eta piztiren batek gu heltzea lortzen badu, ia minik hartu gabe ihes egiteko aukera eskaintzen digute.

Moldakortasun hori arriskuekin dator, baina: aiztoak apur daitezke, batez ere munstroak gainetik kentzeko erabiltzen ditugunean. Leonek bere labana propioa konpon dezake, eta kalitate eskasagoko aiztoak ere aurkituko ditu etxeetan.

Labanaren berritasunik onena? Kontraerasoa, zalantzarik gabe. Munstroen ia edozein mugimendu gelditzeko aukera daukagu gure aizto fidelarekin, eta, bai, RE4 Sekiro-n bihurtzen du modu batean. Teknika hau menperatuz gero abentura ikaragarri erraztuko zaigu. Motozerraren eraso hilgarriari kontraerasoa egiteak ez dauka preziorik.

Hau izango da, modu batean, ikusiko dugun Quick Time Event sekuentzia bakarra. Originalean jokatu zutenek ondo dakite bai jokatzerakoan, zinematikak ikusterakoan mandoa eskuetan eduki behar zela, eraso hilgarrien zein oztopoen uneetan botoi pare bat azkar batean sakatzeko.

Remakeak hauek guztiz alboratu ditu, eta pena pixkat sorrarazi didala esan behar dut. QTEak gogaikarriak izan daitezkeen arren, RE4k ongi orekatzen zituela uste dut, eta abenturako momentu ikusgarrienetako asko eratzen zituzten. Halere, etsaiak zorabiatuta uzterakoan hauei ostikoka ematen edo suplexak egiten jarraituko dugu remakean.

 

Triskantzak eragiteko tresnen bila

Laburbiltzeko, tiroketa benetan dibertigarriak dira remakean biziko ditugunak. Berdin dio duelurik sinpleena edo borrokarik handiena den, guztietan interesa mantentzea lortzen du Capcomen jokoak; izan ere, ikusgarriak izateaz gain, kudeaketa mekanika batzuk ere barneratzen ditu. Aipatutako munizioarena, adibidez, baina baita osasunarena zein altxorrena ere.

Zaurituta egonez gero RE sagako belar mitikoak erabili beharko ditugu, noski. Ez dago aldaketarik sendatzeko bideetan: berdeek osasun pixkat emango digute, bi edo hiru batera erabiltzeko aukerarekin. Gorriekin elkartuta, baina, sasoia guztiz berreskuratuko dugu. Abentura hasterakoan osasun barra txikiarekin ibiliko gara; hau hedatzeko belar horiak erabili beharko ditugu berdeekin batera. Gainera, ohiko espraiak eta arrautzak ere baditugu bizitza berreskuratzeko.

Askotan larrituta bukatuko dugu dozenaka munstro desberdin gainean ditugula ohartzean. Armategi zabalarekin triskantza ederrak eragingo ditugu, zorionez

Armak, balak, labanak, belarrak eta Leonek magikoki gordetzen dituen gainerako traste guztiak gure maletan sartuta joango dira. Hau kudeatzen eta antolatzen ariko gara berriz, mugatutako espazioa baitu; dena dela, zorionez edo zoritxarrez automatikoki ordenatzeko aukera dugu orain. Ahaztu hainbat minutuz dena txukuntzen ibili beharraz.

Leku falta dugunean, zorionez, gure saltzaile gogokoenarengana jo dezakegu maleta handiagoen bila. Ez hori bakarrik, armak, sendagaiak eta bestelakoak ere salduko dizkigu, hauentzako hobekuntzak barne: pistolen, eskopeten edo metraileten indarra, bala kopurua, errekargatze abiadura eta beste zenbait ezaugarri areagotzeko aukera daukagu peseta batzuen truke.

Dirua akatutako etsaien gorpuetan eskuratuko dugu, baina baita kokalekuetan ezkutatutako altxorretan ere. Hauen kopurua hazi egin da berregitean, eta funtzionamendua pixkat aldatzea erabaki dute Capcomekoek. Originalean altxorrik garrantzitsuenetan —maskarak, koroak, pitxerrak— harribitxi zehatzak sartzeko aukera geneukan prezioa areagotutzeko.

Remakean, bestalde, bi harribitxi mota daude: borobilak eta karratuak. Altxor nagusi gehienek batentzako edo bestearentzako zuloak dituzte, eta kasurik interesgarrienetan bi motatakoak txerta ditzakegu. Koloreak nahastuta piezaren prezioa biderkatu egingo denez, harribitxiak kudeatzen ere ibili beharko gara oraingo honetan.

Harribitxiak biltzeko beste bide bat dira bigarren mailako misioak. RE4n ikusi genituen gutxi batzuk —medailoi urdinena, adibidez—, baina originalean ez zuten askorik sakontzen horretan. Remakean saltzaileak era guztietako erronkak proposatuko dizkigu: etsai indartsuagoak akatzea, gune bat arratoiez garbitzea, medailoiak suntitzea… gainera, tiro galeria ere bueltan da, desafio gehiagorekin.

RE klasikoetako puzzleen mekanikak murriztu badira ere, RE4Rk esplorazioa eta jakinmina saritzen ditu. Edozein bazterretan munizioa, pesetak, altxorrak, istorioaren xehetasunak eskaintzen dituzten fitxategiak eta, noizean behin, arma bereziak aurkituko ditugu. Horrela, maila tekniko zein girotze bikaina dituzten kokalekuak miatzera animatzen gaituzte.

 

Istorioari izaera berria emanez

Jokoaren aurkezpen bikaina aldarrikatuta, premisa aurkeztea komeni da. Jatorrizko abentura gainditu dutenek ez dute aldaketa handirik nabariko berregitearen lehen uneetan: Leon S. Kennedy agente berezia Espainian barneratzen da, AEBetako presidentearen desagertutako alaba, Ashley Graham, bilatzeko misioarekin.

Herrixka bakarti batera iritsi bezain laster zerbait oker dagoela nabarituko du gure protagonistak; ez, oraingoan ez du zonbien izurritearekin topo egingo, arazo are larriagoarekin baizik. Eskualdeko biztanleak erotuta dabiltza, jendea bahituz, eta, kasu batzuetan, hauek sakrifikatuz. Ez da askorik igaroko zoramenaren iturria ezagutu arte: Las Plagas izeneko parasito beldurgarria herritarren gorputzetan sartu da, hauek pizti hiltzaileetan bihurtuz.

Ikustekoa denez, gidoi orokorra mantentzea erabaki dute Capcomekoek. Hori esanda, seriotasuna eta larritasuna areagotu dituzte: jatorrizko pertsonaiek txantxak eta bestelakoak egiten zituzten, eta orain ere halakoak entzungo ditugun, istorioak beste nortasun bat duela nabari da.

Hala eta guztiz ere, esperientzia borobiltzen eta txukuntzen laguntzen duten aldaketa txikiak, baina esanguratsuak ageri dira nonahi. Esaterako, abentura hasi bezain laster parasitoek eragiten duten eromenaren ondorioak ikusiko ditugu, Los Iluminados izeneko sektako kideek gazte mendizale bat sakrifikatuz; abenturan aurrera egiterakoan, hau hil duten gunea bisita dezakegu bide sekretuaren bidez. Horrela, girotzea da abenturako indargune nagusietako bat; lan benetan goraipagarria gauzatu dute alor honetan.

Ekarpen txikietako bat da, baina bestelakoak ere badaude. Esanguratsuenak abentura originalean egiteko gutxi zeukaten bigarren mailako pertsonaietan sakontzeko egindako ahaleginei dagozkie: Luis Serra “polizia” madrildarrarekin sortuko den harremana, adibidez, estuagoa zein landuagoa da, 2005eko jokoan eszena bakan batzuetan azaldutako pertsonaia hobeto ezagutzeko aproposa. Gauza bera gertatzen da Ada, Mendez edo Krauser bezalako adiskide zein bilau klasikoekin.

Leonek bere abenturan aurkituko dituen dokumentuen nahiz txostenen kopurua ere areagotu dute garatzaileek. Testuinguruan sakontzeko eta informazio gehigarriaz baliatzeko erabiltzen dira: Los Iluminadosen zein parasitoaren jatorriak ezagutzeko, RE munduan gertatzen ari denaren berri izateko zein pertsonaien helburuak zehazteko balio dute, baina originalean aipatzen ziren xehetasun batzuk argitzeko ere.

Soinua ere nabarmentzekoa da oraingoan. Musika aldetik lan miraragarria egin du Kota Suzuki musikagileak; azpimarratzekoak dira buruzagien doinuak, jatorrizko musika konposizio berri ikaragarriekin nahastuz. Ingelesezko bikoizketa berria entzungo dugu: jatorrizko ahotsen xarma galdu bada ere, lan aparta egiten dute bikoizlari berriek. Espainiar herrixkako biztanleen ahotsak ere aipatu behar ditugu, noski: azentu mexikarra alboratu dute oraingoan, abenturaren kutsu serioagoa jarraituz.

 

Nostalgikoentzako zein hasiberrientzako maisulana

Hasiberrientzat sekulako jokoa da, baina originalean jokatu zutenek ere ikaragarri gozatuko duten titulua da berregitea. Guztia ezaguna egiten den bitartean, nostalgia kutsu hori mantenduz, girotzean eta inguruneetan inplementatutako berritasunek joko guztiz berriaren aurrean gaudela sentiarazi diezagukete: gune berrira igarotzerakoan pixkanaka-pixkanaka non gauden ulertzen hastea sentipen zoragarria da, eta prestatutako aldaketatxoez gozatzeko gogoak eragiten ditu.

Oinarriak eta zutabeak mantendu ditu, baina Resident Evil 4 Remakek frankiziako nahiz bideojokoeetako azken urteetako obrarik borobilena izatea lortu du. Grafiko apartak, jokagarritasun bikaina, istorio sinple baina erakargarria —batez ere beldur zaleentzat— eta berriz jokatzera animatzen gaituzten elementuak inplementatzea lortu dute beste behin. Garrantzitsuena, baina, gozamena eta dibertsioa dira, eta hor gailentzea da RE4R: parasitoaren aurka egitea plazer hutsa da. Originala ordezkatzea lortzen du, baina zale amorratuenentzat aldi berean honen kontrako alderdi ederra izanik.