Resident Evil Village-n eta Re:Verse-n berritasunak ere eskaini dituzte Capcom-eko arduradunek emanaldi berezian.

Resident Evil Showcase zuzenekoa eman du Capcom enpresa japoniarrak gaur goizaldean. Beldurrezko sagari buruzko berritasunak eskaintzeko asmoarekin, Resident Evil 4 maitatuaren remake-an ardaztu dira oraingoan. Izan ere, istorioa zein jokagarritasuna ezagutzera emateko bideoak agertu ziren emanaldian.

Gidoi aldetik bideojoko originalaren ibilbidea jarraituko duen titulua espero dezakegu. Ziurrenik aldaketaren bat edo beste ikusiko dugu, baina Leon S. Kennedy agente bereziaren abentura espainiarrek bere horretan jarraituko dute. Horrela, AEBetako presidentearen alaba salbatzea izango da gure helburu nagusia: herrixka galdu batean hasiko dugu bidaia, baina laster batean ikusiko dugu gauzak uste baino arriskutsuagoak direla.

Resident Evil baten aurrean gaude, beraz munstro nazkagarriak agertuko direla ezaguna da. Oraingoan, baina, zonbiak alboratuko dituzte: horren ordez, parasito arriskutsu batek kontrolatutako gizaki, animali eta bestelakoen aurka egin beharko dugu. Akzioa nagusitzen da laugarren atalean, eta berregiteak bide berbera jarraituko duela ikus daiteke trailerrotan.

Pertsonaia klasikoen itzulera ere ikusiko dugu, diseinu eraberrituekin gainera: Ada Wong, Luis, Ashley, Salazar, Saddler nahiz laugarren bideojokoko beste adiskide eta bilauak azalduko dira berriz.

RE Engine motor grafikoari esker, sekulako atal teknikoaz gozatuko dugu remakean. RE2, RE3 eta RE Village jokoetan egindakoa gainditu egingo dutela dirudi, xehetasunez betetako modeloekin eta kokalekuekin. Trailerrean ikusitakoak, behintzat, ikusgarriak dira.

Resident Evil 4 Remake 2023ko martxoaren 24an estreinatuko da. PC-ra zein PlayStation 5, PlayStation 4 eta Xbox Series kontsoletara iritsiko da.

 

Resident Evil aspertu arte

Izar handia RE4 izan arren, bestelako bideojokoak eta eguneraketak jasoko ditugu Capcomen zonbien frankiziaren aldetik. Resident Evil Villagek, adibidez, espantsio interesgarria jasoko du: Gold Edition bertsioarekin batera Shadows of Rose eduki gehigarria helduko da.

Bertan, Ethan Winters protagonista originalaren alaba izango da pertsonaia nagusia: Rose Winters. Lehen pertsonatik hirugarrenera igaroko gara —abentura originala ere horrela jokatzeko aukerarekin, gainera—, ikuspegia guztiz aldatuta. Hori bai, Ethani ezingo zaio aurpegia ikusi.

Mertzenarioen modalitate eraberritua etorriko da aipatutako Gold Editionarekin. Jokoaren bilauak kontrolatzea ahalbidetuko digu, etsaiak beren botere bereziekin akatzea posible eginez.

Bukatzeko, Resident Evil Re:Verse multijokalari abentura merkaturatuko dute: Village erosita daukatenek doan jasoko duten eduki gehigarria izango da. Sagako pertsonai klasikoen rola hartuta kokaleku desberdinetan bizirautea izango da helburua… edo bilauen rola hartuta hauek akatzea.

Urriaren 28an kaleratuko dira Resident Evil Village Gold Edition eta Re:Verse.