RE7 beldurtientzako bideojokoa da. Kikiltzen ez denak edota tiro arinekoa denak, besterik gabe, jai dauka zita honetan. Beste era bateko emozio basatiak nahi dituenak ostera, zorioneko zu, inguruko argiak itzali, azken belaunaldiko musika ekipoa abiarazi eta bakardadean aurre egiteko erronka zirraragarria du begi aurrean.

Beldurra, bizi

Korridore ilunean barrena emandako oinatz bakoitzari oholtza zaharkituaren krakaden konpasak darraio. Esku hutsik eta zalantzati, itzal bat gurutzatu da urruti ate zuloan. Hilezkorra den burugabe bat zure bila dabilen ziurtasuna bihotzean haginka duzun bitartean... Izkina bakoitza itzultzerakoan aurkituko dugunaren beldurrez zalantzati mugitzeraino garamatza jokoak; azken kolpea nondik jasoko zain, ustekabeko desatseginena noiz hartuko, urduri. Survival generoaren itzulera dakar berarekin hitz larrietan idatzirik RE 7k.

 

Esku hutsik sarri, labana ziztrin bat inoiz edo esku bete bala besterik ez dituen erdoildutako pistola zoriz konpondu berria izango dira babes makur guztia. Zazpigarren honetan ez dago baliabide nahikorik parean jartzen den arerio guztiak garbitzeko, ezta ere balak arduragabe arin xahutzerik hurrengo estualdi hurbilari bizirik eutsiko bazaio. Xuhurrak izan eta soilik derrigorrezkoak diren norgehiagokei aurre egitea dugu bidea. Egoera bakoitza neurtu eta buelta erdi emanez lasterka ihesi irtetea aukera onena izango da sarriegi, Bakertarren etxetik onik irtetekoak bagara

Noraezari amaia

Industrian izugarrizko ospea jaso zuten aurreneko REen lehen hiru atalek laurogei eta hamargarren hamarkadaren azken aldera. Aurreneko Play Stationaren loriaren arrazoi nagusienetarikoa bihurtu eta Capcom etxearen altxor bilakatzeraino. Goitik behera laster hasi zen baina. Merkatuaren eta lehiakideen joerari jarraitu eta uko egin zioten haiek asmatutako generoari. Akzio bideojoko bihurtu zuten horrela saga, Resident Evil 4 delarik joera horren lehen erakusgarria. Ondorengo spinoff, HD erremasterizazioek eta aleek noraeza sakondu zuten. Erdipurdiko kalitateko produktuei lizentzia famatuaren izena ipinita salmenta gose hutsez kaleratutakoek zaleak gogaitzea eragin zuen. Aipatu, ospearen suntsiketa horretan zinemetarako atera zituzten luzemetraia txarrrek ere eragin zutela. Bideojokoarekin lotura estuegirik gabe, zaleak gogaitzeraino. Zazpigarren bideojoko honetan alabaina, akats lodia zuzendu eta buelta dotorea aurkeztu dute generora. Jokalari asko zain zituen itzulera, hain zuzen.

 

Behin Zombie bideojokoen mugarria izandakoak, gaitz berri bat erakutsiko digu agerraldi honetan Umbrella erakunde maltzurraren eskutik, beste behin ere. Oraingoan, kutsatzen dituen  gizakiak burua galtzearen arrazoia onddo bat izango da. Edo, onddo hori bere nahiaren arabera eragiten duen izaki gupidagabe berriarena... Hots, ez dugu sekretua lerro hauetan argituko.

 

Berrikuntzarik nabariena baina jolasteko ikuspuntuak ekarri du. Lehen pertsonan biziko ditugu pasarte guztiak. Protagonistari jasotakoak, gure haragian bizitzera eramango gaitu. Eta bereak zein hamaika gehiago jasotzekoa da gizajoa, ez izan zalantzarik.

Diseinu artistikoa makal, teknikoki dotore

Alor honetan zerbait gehiago espero zitekeen. Aipatu transformatuei holomorfo deitzen diete, lokatzez egindako izaki desitxuratuak bezalakoak direnak. Mugimenduak baldarrak eta nahiko motelak dituzte, hurbilera aldiz, zartako edarrak emateko bezain besteko arinak diren arren.

 

Hala ere, onddo eta perretxikoek eragindako katastrofe apokaliptikoetara berandu iritsi dira Capcom etxekoak. Sail honetan, The Last of Us bezalako harri bitxiak ditugu, eta bertan arrazoi berdinez transformatuek itxura sinesgarriagoak aurkezten dituzte. Arlo honetan ere beraien bidea egin nahi izan dute, eta ahalegin txalogarria izan daitekeen arren, lokatzezko kankailu batek baino gehiago beldurtzen dute gorputz atalak barrutik leherrarazita agertzen diren perretxikodun gorpuzkin odol goseak atzetik izateak, bistan da.   

 

Maila grafikoan ostera, lan bikaina aurkeztu dute, belaunaldiak eskainitako hoberenaren olatuaren aparrean. Argi-itzalak oso onak dira, eta arerioak askotan argi baten aurretik pasatzerakoan egiten duten itzaletik sumatuko ditugu begi-bistan agertuko aurretik. Kandela argiak mugitzerakoan, ilargiaren argi hutsez argiztatuko logeletako altzarien itzalak, tiroen suak eragindako une bateko argiztapenak itzalean dagoen erasotzailea argitzen… guztiak bikainki adierazten dira. Aitzitik, fokuarekin ere asko jolastu dute errealismoa emanez. Horrela, pistola eskuan dugula desfokatuta ageriko da jokalariak pantailan dauden xehetasunei gehiago erreparatzeko, benetan egingo lukeen bezala. Aldiz, apuntatzean fokatuta ageriko da begilerroan izango baitugu jomuga erakusten. Nabari da errealitate birtualeko gailurako edo PlayStation VRra bideratutako garapena izan duela. Bada, paretara urbiltzearekin eskua jarriko du bertan pertsonaiak eta jokalariaren begirapenean desfokaturik agertuko. Ikuskizun grafikoa apaltzen duenik ere bada hala ere. Agertokiak orohar xehetasunez jantzita ageri diren arren, urrutira pasaiaiak erakusten diren uneetan sinpleak eta zehaztasun gutxikoak dira kasu horietan. Baina lan bikain baten salbuespena besterik ez dira.

 

Soinu efektuak ere latzak dira, eta uneoro gure ezinegona areagotuko duten hotsak eta soinuak izango ditugu lagun. 5.1 soinu ekipoek eta kaskoek aterako diete etekina efektu horiei; horrelakoak dituztenen gozamenerako, hain zuzen ere. Haiek, soinuen norabidea bereizteko gai izango dira, arriskuei aurrea hartzeko baliagarri suertatuko zaielarik berandu baino lehen.

Gore basatiena

Aipatu beharreko alderdia da honakoa. Odola, norbere beso edo hanken mutilazio esplizituak eguneko gai ordena dira. Sentibera denak une horietan hortzak estutu eta beste aldera begiratzea besterik ez du beste irtenbiderik izango. Bideojoko basatia da, indarkeria bortitza erakusten duena, batzuetan muturrekoa. Baina arestian aipatu den bezala, jokatzen duenaren gainean emozioak eragin nahi dituen bideojokoa da, eta batez ere hasierako uneetan, aise lortzen du xede hori.   

 

Pertsonaien aurpegierak ere esanguratsuak dira. Oso adierazkorrak dira eta bakoitzak pairatzen duena errez bereizten da, benetako aktoreak bailiran erara. Horietako batzuen zoramenaren garapena ere bereiziko da hitzik gabe ere. Ezustekodun istorioa da, gidoiaren bira bat edo beste dituena. Gainera, jokatzen duenaren erabakiek eragina izango dute eta hortik, amaiera desberdina askatuko bat edo beste salbatzen denaren arabera. Berriz jolasteko aitzakia bihurtuko da honakoa. 

Ondorioak

Beldurra sentiaraztea eta jokalariak bere azalean oilo ipurdia hobekiago antzeman ahal izateko lehen pertsonan jokatzeko erabakia zinez arrakastatsua den formula dela erakutsi du. Hori, hiru dimentsiotan mugitzeko askatasuna izan arren, azkenean bukatzen denean guztiz kontrakoa bizi izanaren gazi-gozoa uzten duen arren. Esan nahi da, etengabe korridoreetan aurrera eta atzera bakarrik egiteko askatasunez ibili izanarena, alegia. Bestalde urduritasun iturri ere bada hori, aurkezten diren muturreko egoeretan larri eta arin  egin beharreko aukerak murrizten baitira, ihes aurrera edo atzera, alegia. 2017 urtea hasi besterik egin ez den arren, urteko lan onenen artean egongo da zalantzarik gabe RE7 hau. Gainera industrian hain modako estrategia maltzurrari jarraituz, gehigarrien edo DLC bidez jendearen ahotan luzeagoz egotea bilatuko dute, oraingoz ordaindu beharreko bi plazaratu dituzten arren, ekainerako doako bat iragarri dutelarik.