Koshi Nakanishi Resident Evil 7ren arduradun nagusia da izendatu gabeko proiektuaren zuzendaria.

Capcom Resident Evil sagako hurrengo atala prestatzen ari da. Horrela baieztatu du talde japoniarrak Capcom Next: Summer 2024 emanaldian.

Ez dute tituluaren xehetasunik eman; hori bai, atal guztiz berria izango da oraingoan, berregiteetara jo gabe. Aditzera eman dutenez, Koshi Nakanishi proiektuaren arduradun nagusia da. Nakanishi RE5ekin hasi zen lanean beldurrezko jokoen frankizian, diseinatzaile lanak hartuta.

Ondoren, RE7 zuzendu zuen, eta Resident Evil: Revelations-en arduraduna ere izan zen Kazuhisa Inoue zuzendariarekin batera. Dakigun datu bakarra hurrengo abenturarako “kontzeptu berria” bilatu dutela da.

Resident Evilen urrezko aroa bizitzen gabiltza: atal berriekin nahiz klasikoen berregiteekin, frankizia indar betean dabil. Horren harira, ez litzateke harritzekoa izango laster remake gehiago ikustea: iturrien arabera, hurrengoa Resident Evil 1 originalaren berregitea litzateke.

2002an GameCube kontsolarako remake bikaina jaso zuen —ondoren egungo plataformetarako HD bertsioekin, gainera—, eta 2006an Nintendo DSrako Deadly Silence bertsioa ere ikusi genuen.

Hala ere, Capcomen asmoekiko zentzua luke lehen jokora itzultzeak; izan ere, zurrumurruen artean indartsu dabiltzan beste bi jokoak RE5 eta Code: Veronica dira. Hiru hauekin Chris Redfield protagonistaren eta Albert Wesker zitalaren arteko istorioa lotuko lukete.

 

Klasikoak ordenagailuetan suspertzen

REren biziberritzea ez da mugatzen joko berrietara zein berregiteetara. Pasa den astean RE klasikoen trilogia kaleratu zuen Capcomek PCan: zehazki, GOG saltokian eros dezakegu.

Oraindik RE1 originalean soilik joka daiteke, baina laster RE2 nahiz RE3: Nemesis ere iritsiko dira. Zaleek eskertuko dituzten hobekuntzekin datoz, gainera: egungo ordenagailuentzako zein aginteentzako euskarria, adibidez.