PS5, Xbox Series eta PC plataformetan jokatuko dugu. Grace Ashcroft protagonista berria aurkeztu dute.

Capcom etxeak Resident Evil Requiem ofizialki aurkeztu du Summer Game Fest jaialdiaren aterpean. 2026ko otsailaren 27an suntsitutako Raccoon City ospetsura itzuliko gara.

Iragarpen trailerrean ikus daitekeenez —txantxa txiki baten ostean ez genuen iragarpenik espero— PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko da.

Protagonista berriarekin dator RE sagako bederatzigarren atal ofiziala, itxura batean: Grace Ashcroft emakume gaztearekin jokatuko dugu. Zalantza asko daude, ordea: RE Outbreak multijokalari tituluko Alyssa Ashcroften alaba omen da, baina, aldi berean, azken RE Village-ko Rose Winters neskaren sekulako antza dauka.

Ez dakigu zer nolako gaizkiari egingo diogun aurre oraingoan. Munstro pare bat ageri dira trailerrean: batak zonbi itxura daukala esan daiteke, baina korridore bateko sabaitik jaisten den izaki erraldoia ere ikusi dugu.

Tokiei dagokienez, hotel misteriotsu bat aurkeztu digute… eta, baita, aipatutako Raccoon City. RE2ren eta RE3ren jazotakoen ostean guztiz suntsituta geratu da, baina oraindik eraikin ezagunen bat edo bestek biziraun du… polizia etxeak, esaterako.

RE Engine garapen motorearekin sekulako atal grafikoa agintzen du Requiemek. Esan bezala, ez dugu askorik itxaron beharko jokatzeko: datorren urteko otsailaren 27an kaleratuko da PS5 eta Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan.