Erlojuaren kontra gabiltzala, munstroak akabatzen eta hobekuntzak lortzen joango gara ausazko elementuak dituzten partidetan.
Capcom-ek Resident Evil Requiementzako eguneratzea argitaratu du. Leon Must Die Forever izenarekin, akziora bideratutako doako joko mota eratu dute japoniarrek.
Resident Evil VIIan ikusi genuen Ethan Must Die minijokoaren jarraipena dela esan daiteke. Oinarrizko roguelike mekanikak biltzen ditu: partida bakoitzean Leonen abileziak eta ekipamendua hobetzen joango gara amaierako etsai nagusiari aurre egiteko prest iritsi ahal izateko, erlojuaren kontra ere egiten dugun bitartean.
Desblokea daitezkeen hobekuntzen artean kontraeraso edo parry bizkorragoak edo arma indartsuagoak ikusiko ditugu, besteak beste. Kanpainako hainbat maila gainditu beharko dira —kontuz bideoko spoiler-ekin—, eta, heriotzarekin topo eginez gero, hasieratik ekin beharko zaio erronkari.
Mertzenarioen joko motaren zain jarraitzen dute askok; Leon Must Die Foreverren helduerarekin hau ikusteko aukerak murriztu direlakoan gaude. Hala eta guztiz ere, ez da Capcomek bederatzigarren RErentzat esku artean daukan proiektu bakarra: martxoan kanpainarentzako espantsio handia baieztatu zuen Koshi Nakanishi zuzendariak.
Arrakasta hutsa izan da Requiem Capcomentzat: apiril bukaeran zazpi milioi salmentak gainditu zituela jakinarazi zuten egileek, sagako estreinaldirik arrakastatsuena lortuta.
Resident Evil Requiem zein Leon Must Die Forever doako modalitatea PC, PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series plataformetan joka daitezke.
Lander Unzueta
Iruzkinak