Ordubeteko iraupena edukiko duen demoa izango du RE Villagek maiatzean. Mercenaries joko mota ezagutzera eman dute gainera.

Gaur gauerdian Capcomek Resident Evil frankiziari zuzendutako azken aurkezpen digitala egin du. Resident Evil Showcaseak laister estreinatuko den RE Village izan du ardatz, baina zonbien saga arrakastatsuko beste ustekabeko joko batzuk iragartzeko ere balio izan die japoniarrei.

Istorioa azaltzen duen trailerrak abenturaren hainbat une erakusten ditu. Lady Dimitrescu banpiroa agertzen da hainbatetan (nola ez, sareetan izandako arrakastarekin), baina beste pertsonaia zein kokalekuak ere bildu dituzte bideoan. RE VIIko protagonista berbera, Ethan Winters, izango du zortzigarren atalak, baina Chris Redfieldentzako txokoa ere egingo dute japoniarrek: itxura baten bilau lanak egingo dituela dirudi.

Tiroketek eta borrokek aurreko jokoan baino garrantzia handiagoa izango dutela ikus daiteke bideoan. Era guztietako armak eskuratuko ditu Ethanek, eta horiek hobetzeko aukera egongo da gainera. Resident Evil 4n gertatu antzera, aldendutako herrixka txiki bat ikertu beharko du protagonistak -gaztelu eta guzti-, bertan gertakari misteriotsuak bizi baitira. Gizotsoak, banpiroak eta bestelako munstroak batuko ditu RE Villagek.

Eskainitako xehetasunen artean nabarmentzekoa da plataforma bakoitzean jokoak edukiko duen errendimenduaren taula. Kontsola berri zein zaharretan konfigurazio desberdinetan jokatu ahalko da: PS5 eta Xbox Series Xan ray tracinga erabiltzeko aukera egongo da, baina segundoko irudien tasa 45era mugatuta; hori bai, 4K-ko bereizmenean jokatu ahalko da ray tracingarekin. Hemen taula osoa:

Zale guztiek bideo-jokoa estreinatu aurretik frogatzeko aukera edukiko dutela jakitera eman dute Capcomekoek. PlayStationeko erabiltzaileek lehenago jokatu ahalko dute: Village eta Castle demoak apirilaren 18an eta 25an jaitsi ahalko dira 15:00etatik hasita; zortzi ordu igarota kenduko dituzte bi frogak PS Storetik.

Ondoren, bi demo horiek batuko dituen froga hasiko dute PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, PC eta Stadian. Maiatzaren 2an jokatu ahalko da 14:00etatik aurrera. Demoa 24 ordutarako jarriko dute plataforma digitaletan: maiatzaren 3ko 14:00etan desagertu egingo da. Aldi baterako froga da, baina ez da laburra izango: ordubeteko iraupena agindu dute Capcomekoek.

Sagaren jarraitzaileek ondo ezagutzen duten Mercenaries joko mota ekarriko du Villagek. Ohi bezala ahalik eta etsai gehien akatu beharko dira bertan erlojuaren kontra egiten den bitartean. Hainbat maila egongo dira, zailtasuna areagotzen joanda: azken faseak benetan zailak izango direla nabarmendu du Morimasa Sato zuzendariak.

Resident Evil Village maiatzaren 7an kaleratuko da PC, kontsoletan eta Stadian.

 

Resident Evil 4ren itzulera… errealitate birtualean

Aurrerago aipatu bezala, apirileko Resident Evil Showcaseak ez du soilik Village aipatu. 2005ean Gamecuberako “esklusiboki” estreinatu zen Resident Evil 4k beste bertsio berri bat edukiko du. Oraingoan baina, benetan berezia izango da: espainian girotutako beldurrezko abentura errealitate birtualerako berregiten ari dira.

Oculus Quest 2 gailurako esklusiboa izango da RE4 VR. Oculus Studios, Capcom eta Armature Studio elkarlanean ari dira garatzen. Hirugarren pertsonako ikuspegitik lehen pertsonara aldatuko da Leon S. Kennedyren joko bikaina, obra originalaren itxura mantenduta. Xehetasun gutxi eman dituzten arren, datorren astean egingo den Oculus Gaming Showcase aurkezpen digitalean are berritasun gehiago agindu dituzte arduradunek.

 

Telesailak eta elkarlanak

Aurten Resident Evilen 25. urteurrena izanik Capcomek era guztietako produktu eta elkarlanak eratzeko lana hartu du gainean. Dead by Daylight multijokalari lanak beldurrezko film, telesail eta jokoetako pertsonaiak gehitu izan ditu azkenaldian, eta orain REko protagonisten txanda heldu da. Aurrerapen txiki batekin iragarri dute elkarlana; maiatzaren 25ean egingo duten ekimen berezian berritasunak egongo direla agindu dute garatzaileek.

Netflixekoak Resident Evilen unibertsoan oinarritutako animaziozko telesaila prestatzen ari dira gainera. Infinite Darkness aurretik erakutsi bazuten ere, Showcaseak trailer berria ikusteko aukera eman zuen. Resident Evil 2ko Leon eta Claire heroiak izango dira telesaileko protagonistak, aurreko animaziozko film batzuetan gertatu modura.

Resident Evil: Infinite Darkness uztailean estreinatuko da Netflix plataforman.