PC, Switch 2, PS5 eta Xbox Series bertsioak edukiko ditu Code: Veronica-ren berregiteak.
Capcomek Resident Evil Veronica ofizialki aurkeztu du Summer Game Fest ekitaldian, 2027rako prest edukitzeko asmoa iragarrita.
Izenak argi adierazten duen bezalaxe, RE sagako beste berregite baten aurrean gaude: oraingoan, 2000. urtean estreinatutako Code: Veronica mitikoa RE Engine garapen motorearekin berreginda ikusiko dugu. Hau da, Claire Redfield protagonista Rockfort irlara itzuliko da.
Originalak frankiziaren aurrerrenderizatutako hondoak lehen aldiz alboratu zituen, erabat 3D zen bideojokoa eratuz. Kamera finkoak eta angelu beldurgarriak mantentzen baziren ere, mugimendua eta askatasuna eskaini zieten egileei, beldurra beste maila batera eramanda.
Aurkezpenean ez dugu askorik ikusi: berregitean jokoari hasiera ematen zion eszena osorik aldatu dutela dirudi, helikopteroaren une gogoangarria alboratuta, girotze errealistagoa eskaintzeko. Jokagarritasun irudirik gabe, laster Capcometik gehiago erakustea espero da.
Plataformei dagokienez, egungo gailu nagusietan estreinatuko da Resident Evil Veronica: PCan eta Switch 2, PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan ikusiko dugu berregitea.
Lander Unzueta
Iruzkinak