Resident Evil Village Capcom-en beldurrezko frankizia aski ezagunaren zortzigarren atal nagusia dugu —hortik VIIIage-kin egiten duen hitz jokoa—. 2021ean estreinatutako bideojokoa Resident Evil VII: Biohazard apartaren jarraipen zuzena da; izan ere, lehen aldiz zazpigarrenean ezagutu genuen Ethan Winters protagonistarekin lehen pertsonako abentura biziko dugu berriro.

Ikuspegi horretara itzuliko zirela ezagutzerakoan pixkat etsituta sentitu nintzen. Resident Evil 2ren berregite ikaragarriarekin egindako hirugarren pertsonako beldurrezko lana sekulakoa iruditu zitzaidanez, azken urte luzeetan generoan horren bogan egon den lehen pertsonara itzultzea gogaikarritxoa iruditu zitzaidan.

Tira, aitzakia da: hurbileko ikuspuntu horrekin gaizki pasatzen dudala ere aitortu beharra daukat. Villagentzat Shadows of Rose izeneko eduki gehigarria iragarri zutenean, abentura txikia 3. pertsonan izango zela ikusi… eta joko originalari ere ikuspegiz aldatzeko aukera gehituko ziotela jakin nuen. Orduan bai, jokatzeko unea zen. Pixkat berandutu egin zait, bai, zer egingo diogu ba.

Esan bezala, RE7n jazoerak jarraitzen ditu Villagek. Ethan protagonistak Mia emaztea salbatzen du Louisianako zingiretan bizi den Baker familiarengandik, eta Chris Redfield mitikoaren babespean egotera igarotzen dira.

Hiru urte igarota hasten da Villagen istorioa: Errumania inguruko etxe seguruan bizi da bikotea Rose alabarekin. Nahiz eta amesgaiztoa gainditu gabe duten, bizitza lasaia dutela dirudi… Chris etxean sartu, Mia hil eta Ethan zein Rose bahitzen dituen arte. Tamalgarria da aurkezpenetan Redfield gaiztotzat erakutsi izana, gertatzen dena erokeria hutsa baita.

 

Errumania horren beldurgarria ote da?

Inguruko mendietan esnatuko da Ethan, preso zeramaten autoak istripua izan ondoren… eta hor hasiko da gure abentura. Resident Evil 4rekin antzekotasun handiak dituela nabari da lehen unetik Espainia Errumaniagatik ordezkatzen duen arren, girotzea berdintsua da: galdutako herrixka zaharrak, gaztelu erraldoiak nahiz mehatzeak eta lantegiak zeharkatuko ditugu.

Girotzea sekulakoa da; egia esan, erotzeko atal grafiko bikainak hau eratzen laguntzen du. Ingurune guztiak xehetasun maila ikusgarriarekin sortuak daude: Steam Deck gailuaren muga teknikoekin jokatu dudan arren, pertsonaien, eraikinen zein objektuen modeloekin eta testurekin egindako lana harrigarria dela nabaritu dut lehen pausoetatik. Gauza bera gertatzen da argiztapen apartarekin edo efektuekin.

Zoritxarrez, grafikoen aldetik lortutako laudorio guztiek indarra galtzen dute gidoiarekin eta pertsonaiekin. Bai, ados, RE inoiz ez da istorio zoragarrien multzoan sartu, baina joko zaharrenetako B serieko girotzearen xarmak edo RE4n eta RE5en umore memeloak nahiz pertsonaia gogoangarriek zerbait berezia zeukaten. RE8n, berriz, ez dut halakorik sumatu: istorioak, ezta bertan azaldutako pertsonaiek ere ez dute inolako eraginik izan niregan.

 

Nondik jo jakin gabe

Antzekoa gertatzen zait jokagarritasunarekin. Alor honetan ere RE4k eskainitakora jo nahi izan dutela dirudi: egia da RE akzioz betetako saga bihurtzen ibili dela aspalditik. Halere, aurreko lanetan beldurraren errora itzuli ziren modu bikainean, jokagarritasun geldoarekin, baina askoz zirraragarriagoarekin: RE7k zein RE2ren berregiteak berriz bereganatu zuten survival horror kutsua, eta hori guztiz alboratzen ditu Villagek, akziorantza igarota.

Kokalekuak denetariko objektuen bila esploratuz, puzzleak argituz eta munstroak tiroka akatuz ariko gara Ethanekin. Guztia miatzeak hartuko digu denbora gehiena: gune anitzak sekretuz beteta daude, eta mapan gela bakoitza osorik garbitu dugula azaltzen digun kolore urdina lortzea ez da horren sinplea izango askotan. Zenbaitetan, abenturan aurrera egin ondoren lortutakoak erabili beharko ditugu tiraderak irekitzeko edo putzuetan galdutako gauzak eskuratzeko.

Galdutako herrixka zaharrak, gaztelu erraldoiak nahiz mehatzeak eta lantegiak zeharkatuko ditugu.

Herrixka nagusia da honen adibiderik onena. Hainbat aldiz igaroko bertatik helburu nagusiak bete ahala; pixkanaka, ateak irekitzen, bideak zabaltzen eta sekretuak argitzen ariko gara, esperientzia asebetegarria osatuz. Etxe bakoitzeko misterioetan barneratzea eta eskaintzeko dutena arakatzea da abenturako puntu positiboetako bat.

Bilatzekoen artean garrantzitsuenak objektu gakoak edo nagusiak izango dira: giltzak, puzzleetarako piezak, etab. Gune nagusietan aurrera egiteko beharrezkoak dira: jokoa bost leku handitan banatuta dagoela esan daiteke, herrixkarekin batera. Bakoitzak bere girotzea, erronkak eta etsai nagusiak biltzen ditu, eta, orokorrean, iritsita bertan harrapatuta egongo garenez, toki bakoitzeko altxor gakoak nahikoa dira hau osorik gainditzeko.

Dimitrescu gaztelua da, zalantzarik gabe, interesgarriena —nola nabari den promozio kanpainan gotorlekuan soilik ardaztu zirela—. Ingurugiro ederrekin, RE klasikoen ohiko egitura jarraitzen du; hau da, ateak zabaltzeko altxorren bila ariko gara, aurrera eta atzera, bertako arriskuak saihesten ditugun bitartean.

Jokoaren publizitate kanpainarekin eta sarean zabaldutako meme guztiekin horren ezaguna egin den Lady Dimitrescurengandik zein bere alabengandik ihes egitea izango da erronka handiena: RE2Rko Mr. X beldurgarriaren antzeko rola beteko dute, esplorazioa oztopatuz. Halere, ez dira horren interesgarriak, ezta beldurgarriak ere: erraz batean itzuriko ditugu, nahi izanez gero, borroka guztiak saihestuz. Bigarren jokoko munstroak estutasun larriagoa eragiten zuen, beragandik ihes egiteko inguruneko etsaiak ekidin behar genituelako, puzzleak gainditzen genbiltzan bitartean.

Gainerako eremuak linealagoak dira. Puzzleak ikusten jarraituko dugu, baina ez dugu buelta askorik eman beharko, ezta pentsatu ere, hauek burutzeko. Nabarmentzeko tokia dago, ordea: misio gogoangarrienetakoa soto txiki batean igarotzen da. Ez da oso luzea, ezta bereziki zaila ere, baina argi dago Capcomekoak Hideo Kojima sortzailearen P.T. demo ikaragarrian oinarritu direla pasartea sortzeko.

 

"Ez daukazu diru nahikoa, kanpotar!"

Akzioa nagusitzen da, esan bezala, une nagusienetan. Arma sorta sinplea, baina erabilgarria eskuratuko du Ethanek: pistolak, eskopetak, rifleak, minak edo granadak aurkituko ditugu. RE4n eta ostekoetan gertatu modura, hauek hobetzeko aukera dauka; Duke izeneko dendari misteriotsuak potentzia areagotuko, kargagailuak handiagotu zein azkarrago tiro egiteko hobekuntzak desblokeatuko digu, txanponen truke, noski. Dirua lortzeko bakarrik balio duten objektuak nonahi aurkituko ditugu: etsaiek utz ditzakete, kokalekuetako kaxetan gordeta edo sabaietatik eskegita daude, edo, garrantzitsuenen kasuan, kutxa itxien barruan. Piezak faltan dituzten altxorren bitxiak batuz gero, diru gehiago lortuko dugu.

Munizioa ez da arazoa izango: kokalekuetatik sakabanatuta aurkitzeaz gain, artisautza ezagutzak dauzka Ethanek. Balak edo lehergailuak fabrikatzeaz gain, sendatzeko botikinak eta bestelakoak sor ditzake, horientzako errezetak lortu behar baditu ere. Osagaiak ere esploratuz hartuko ditugu, baita arerioak akatuta. Inbentario mugatua dugu, baina baliabideen hutsuna igarri ez dudan bezala, objektuak eramateko lekua soberan ere eduki dut.

Berritasun bezala, sukaldaritza ikusiko dugu oraingoan: animalia desberdinen haragia eramanda, behin betiko hobekuntzak desblokeatuko ditugu. Hauekin zerbait nabariko dela pentsatu nahi dut, baina guztiak desblokeatu arren sentipen berdintsua eduki dut bizirauteko aukeren harira.

Armei indarra falta zaiela iruditu zait maila altuenetan, batez ere etsai arruntenen aurka. Masilla tankera duten zonbiek edo gizotsoek ez dute zuzen erantzuten gure tiroen aurrean: riflea edo granada jaurtigailua erabiltzerakoan boteretsu sentitu nahi dut, eta Villagek ez dit hori eskaini.

Leon S. Kennedy agentearen RE4ko mugimendu eta kolpe bereziak desagertzen dira; horren ordez, Ethan erasoengandik babes daiteke besoak altxatuta. Ez hori bakarrik, zenbait kolpe gelditu, eta arerioak saka ditzake, hormen aurka jaurtiz gero, min gehiago eraginda.

Buruzagien aurkakoak izango dira borrokarik ikusgarrienak. Kutsu zinematikoagoa ezarri diete oraingoan Capcomekoek, aurreko atalean ikusitako dueluetatik ikasiz. Ez dira bereziki zailak izango, aipatu modura, munizioa soberan eskuratuko dugulako, eta hauetan ere etsai arruntekin gertatuko gauza bera ikusiko dugu: balak tirokatu beharrean, urezko pistolekin gabiltzala dirudi, indarrik gabeko armekin.

 

Mertzenarioak eta etorkizuneko abenturak

Kanpainarekin batera bestelako joko motak ikusiko ditugu oraingoan. Shadows of Rose izeneko espantsioak Villagen istorioa ixteko balio du, protagonista berriarekin eraldatutako kokalekuak bisitatuz. Bestalde, sagako klasikoan bilakatu den Mertzenarioak joko mota itzultzen da: ahalik eta munstro gehien akatu beharko ditugu denbora mugatuan. Abilezia eta arma desberdinak dituzten pertsonaiak eta akzio mordoa proposatzen dituzte modalitate dibertigarria eratzeko.

 

RE Village bi ikuspegi desberdinetan bizi dezakegu, arestian aipatu dudan modura. Nik 3. pertsonan jokatu dut; hasiera batean ez zegoen ikuspuntuan, alegia. Guztiak modu aproposean funtzionatzen duela iruditu zait orokorrean: Ethanen modeloa ikaragarria da, eta berezko animazio guztiak dauzka. Zinematiketakoak alboratuta, hori bai: lehen pertsonara igaroko gara horietan, baina modu organikoan jazoko dira aldaketak.

Riflea edo granada jaurtigailua erabiltzerakoan boteretsu sentitu nahi dut, eta Villagek ez dit hori eskaini.

Kamera askatasun osoz mugi daiteke —nahiz eta gure protagonistaren aurpegi misteriotsua ikusi ezin—, eta, apuntatzerakoan, sorbalda gainean kokatuko da ikuspegia. Agian, txikikeria bat aipatzearren, 3. pertsonan objektuak hartu ahal izateko distantziak nahastu nau: ez gara objektuen aurrean jarri beharko, pixkat urrunago baizik, bestela ezingo baititugu eskuratu. Ez da distantzia arraroa berez, baina bai RE2, RE3 edo RE4 berregiteetan jokatu baduzu; izan ere, hauetan oso hurbil jarri beharko gara gauzak batzeko.

Lehen pertsonakoa denez ikuspegi ofiziala, ziurrenik jokoa gainditzeko biderik aproposena da; are gehiago, PlayStation 5 bidez VR bertsioan jokatzen badugu. Baina ezin dezaket baieztatu… beldurtiegia naiz.

Aurkezpen bikainarekin, RE Villagek une dibertigarriak eta gogoangarriak eskaintzen ditu. Zoritxarrez, ez da nahikoa maisulanen eremura eramateko: arimarik gabeko gidoiak, mapa linealek eta indarrik gabeko tiroketek ez naute maitemindu, nahiz eta orokorrean ez dudan bukatzeko arazorik bizi. Resident Evil guztien arteko nahaste erraldoian bilakatzen da, denetarik egin nahian: beldurra, akzioa, kudeaketa, puzzleak… baina ez da erabakirik aproposena, ez baitu maila berbera mantentzen alor guztietan.

Azken ahalegin batekin Resident Evil onenen artean kokatzeko aukera zeukan Villagek, baina ez du lortu. Horren ordez, abentura entretenigarria dugu, baina errepikatzeko arrazoi gutxi eskaintzen dituena. Zazpigarren atalarekin hasitakoei heltzen badie ere, kutsu oso desberdina dauka zortzigarren atal honek; agian, REren egungo zaleek gehiago gozatuko dutena. Ez da nire kasua izan, baina, halere, Errumaniako munstroen aurka ondo pasa dudala esan dezaket.